Paul Di'Anno deitura artistikoarekin egin zen ezaguna Paul Andrews (Londres, 1958) 1970eko hamarkadaren amaieran. Izan ere, Iron Maiden taldeko partaide izan den Di'Anno 1977. eta 1981. urteen artean, eta heavy metal talde ingelesaren lehen bi disko luzeetan parte hartu zuen: Iron Maiden (1980) eta Killers (1981). Atzo eman zuten haren heriotzaren berri. 66 urte zituen.
Beste hainbat bandatan aritu ondoren, 1977an sartu zen Iron Maiden taldean. Ordurako urte pare bat zeramatzan martxan Steve Harris baxu joleak sortutako taldeak, baina denbora horretan kide aldaketa ugari izan zituen. Horietako batean sartu zen Di'Anno taldean, Dennis Wilcock kantariaren ordez, hain zuzen ere.
Iron Maidenekin heavy metalaren ikur bilakatu diren bi disko grabatu zituen, biak ala biak taldearen hasierako soinua definitu zutenak. 1981ean, ordea, eta Japonian bira bat egin ondoren, taldea uztera behartu zuten, alkoholarekin eta drogekin zituen arazoen ondorioz. Bruce Dickinsonek hartu zuen haren lekua bandan, eta The Number of The Beast diskoa grabatu (1982). Ordutik aurrera, Iron Maidenek arrakasta handia lortu zuen Piece of Mind (1983), Powerslave (1984), Seventh Son of a Seventh Son (1988) eta beste disko ugariri esker, eta genero horretako talde garrantzitsuenetakoa bilakatu zen.
Di'Annok, berriz, segitu zuen beste proiektu batzuk gidatzen, baina haien oihartzuna ez zen inoiz izan Iron Maidenek lortutakoa adinakoa: Gogmagog, Di'Anno's Battlezone, Killers, Rockfellas, Warhorse... Era berean, Iron Maidenen ibilitako beste musikari batzuekin ere lan egin zuen, Clive Burr bateria jotzailearekin eta Dennis Stratton gitarristarekin, esaterako.
Azken urteetan osasun arazoak izan zituen, eta gurpil aulkian mugitzen zen, baita kontzertuetan ere. Izan ere, ez zegoen geldi, eta 2025eko martxoaren 15ean Bilboko Santana 27 aretoan jotzekoa zen.