Patxuko Niceren lehen diskoak 435 kiloko rock dantzagarria dakar

5Gora zigiluarekin kaleratu du boskoteak estreinako lana, Jabier Muguruza, Oier Guillan eta Jon Garmendia 'Txuria'-ren hitzekin

Patxuko Nice taldeko kideak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2014ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Sergio Ordoñez Patxuko Irungo musikari eta kantariaren inguruan biraka dabilen egitasmoa da Patxuko Nice. Musikaren munduan ibilbide luzea duen musikaria da, besteak beste Joxe Ripiau, The Solanos eta Esne Beltzan aritua baita. Musika sortzeko grinak bultzatuta oholtza gainean kontzertu asko partekaturiko musikariekin elkartu da bere lehen lana osatzeko. Ernesto Villar gitarra jotzailea (Orgasmic Toothpics, & The Fansa), Dufnis Linares baxu jotzaile mexikarra (Zona 13, Lolas Club, & The Fans), Eneko Fernandes bateria jotzailea (Luz de Putas) eta Jon Mari Beasain gitarra jotzailea (Etzakit, Mal de Ojo, Laket eta Esne Beltza) izan ditu aldamenean diskoa grabatzeko orduan.

Taldekide guztien batasuna eta indarra azaltzen du 435.0 izenburuak, diskoa grabatzen bostak elkarrekin eman zuten pisua baita kilogramotan. Dozena bat kantuk osatzen dute Patxuko Niceren lehen diskoa, rocka eta erritmo dantzagarriak uztartuz. Hitzak gaztelaniaz nahiz euskaraz egin dituzte taldekideek, eta besteak beste, Jabier Muguruzaren (Dos mojitos eta Isil zaitez), Jon Garmendia Txuria-ren (Qué cambiarán, Behatzetan) eta Oier Guillanen (La Galerna eta Hitzontzia) kolaborazioak izan dituzte. Gainera, musika ehundura lantzeko Txus Aranburu (pianoa eta hammonda), Igor Ruiz Fino ( saxoa) eta Pello Gorrotxategiren (teklatua) laguntza ere izan dute. Jabier Muguruzak Isil zaitez kantuan abestu egin du, aldiz.

Esne Beltza taldearen lanak ez ezik haren inguruan dabiltzan musikarien proiektuak plazaratzeko asmoarekin sortu zen 5Gora zigilua eta haren bidez kaleratu dute Patxuko Nicerena ere, autoekoizpen moduan izan arren. Durangoko Azokan izango da salgai dendetara iritsi aurretik, zigiluak aurkeztuko dituen gainerako lanekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.