Patxi Zubizarretaren nobela proiektu batek irabazi du Zubikarai saria

Zortzi lanen artean hautatu du epaimahaiak 'Gau otsoa' eleberri egitasmoa. Idazleak insomnioaren gaia hartuko du ardatz nobelan

Patxi Zubizarreta hainbat sari irabazitako idazlea da. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
mikel lizarralde
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Patxi Zubizarretaren Gau otsoa nobela proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Zortzi lan aurkeztu dira aurten, eta horien artean Zubizarretaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria hilaren 27an emango diote, arratsaldeko seietan, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldietan, eta ekitaldi berean aurkeztuko da iazko proposamen irabazlearen emaitza: Mikel Alvarez Sarriegik idatzitako Euskalia eleberria.

Zubizarretak insomnioa hartuko du bere lanaren ardatz, «gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearenerretratua egiteko balio duen sintoma». Kontakizunean, Adela izango da protagonista, 45 urteko kazetari bat, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportaje bat egin behar du Adelak, lan egiten duen aldizkariarentzat, eta horixe izango da eleberriaren abiapuntua, gero hainbat pertsonaia, sare eta abarretan korapilatuko dena. «Laburbilduz: begirada zorrotz bezain originala geure buruari eta munduari, idazkera gozo bezain aberats batean emana, umorez eta kultur erreferentziaz josia», azaldu du epaimahaiak.

Zubizarreta 1964an jaio zen, Ordizian (Gipuzkoa), eta Gasteizen bizi da aspaldidanik. Euskal Filologia ikasitakoa da, baina idazletzari guztiz emana dago. Obra ugaria sortu du, helduentzat bai, baina batik bat haur eta gazteentzat; eta ezin konta ahala dira irabazi dituen sariak. Besteak beste, haur eta gazte literaturako Euskadi saria, lau aldiz. Itzulpenak ere egin izan ditu, eta beste artista zenbaitekin batera ondutako ikuskizun eta errezitalak ere bai.

Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak: Joxean Agirre (Zwei Frauen —Bi emakume—, 2010), Itxaso Arake (Damutzen ez direnak, 2011), Garbiñe Ubeda (Hobe isilik, 2012), Garazi Kamio (Orube abandonatuak, 2013), Jasone Osoro (12etan bermuta, 2014),Miren Gorrotxategi (33 ezkil, 2015), Katixa Agirre (Amek ez dute, 2016), Xabier Etxeberria (Berriro itzuliko balitz, 2017),Eneko Barberena (Afrikanerrak, 2018), Idoia Garzes (Mendiko gaitza, 2019), Lander Garro (Faith, 2020) eta Mikel Alvarez Sarriegi (Euskalia, 2021).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.