Patxi Oroz filologo eta ohorezko euskaltzaina hil da

Hizkuntzalaritza lantzeaz gain, musikaria ere izan zen Oroz. Besteak beste, Gabriel Arestiren 'Nire aitaren etxea' poemaren dozenaka itzulpen bildu zituen 'Gabriel Arestiri omenaldia' argitalpenean.

Patxi Oroz, hizkuntzalari eta musikaria. EUSKALTZAINDIA
Patxi Oroz, hizkuntzalari eta musikaria. EUSKALTZAINDIA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko irailaren 26a
18:30
Entzun

Hainbat arlo izan ditu pasio Patxi Orozek (Beriain, Nafarroa, 1934) bere bizitzan; besteak beste, hizkuntzalaritza eta musika. Gaur zendu da, 90 urte zituela, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez. Ohorezko euskaltzaina zen 2004ko azaroaren 26az geroztik. Filologia Erromanikoa ikasi zuen Alemanian —Muensterreko Unibertsitatean— eta doktore zen unibertsitate horretan. Tubingengo Unibertsitateko (Alemania) irakasle emeritu ere bazen.

Koldo Mitxelena izan zuen irakasle, bai eta Antonio Tovar Espainiako filologoa ere. Lehenarekin, lan bat ere argitaratu zuen: Zur Volksliteratur der Basken - Das Lied Haltzak eztü bihotzik. Irakaskuntzan ere ibili zen Oroz, literatura irakasle. Espainiako literaturako aro eta genero desberdinen inguruan aritzen zen. Eta hainbat ikerketa artikulu argitaratu zituen hizkuntzalaritzan zebilen artean. Ikerketa horietan, besteak beste, hizkuntza erromaniko eta klasikoei buruz, eta Iberiar penintsulako erromanikoaren aurreko hizkuntzei buruz mintzo zen. Euskara ere kontuan izan zuen bere lan eta eskoletan, euskararen eta hizkuntza iberiarren arteko harremanaz aritu izan baitzen askotan.

Arlo musikalari dagokionez, organista izan zen Erroman eta Muensterreko Saint Michel elizan. Konpositorea ere bazen, eta jardun horretan batez ere abesbatzetarako sortu zituen piezak. Gernikako ostadarra (1987), Canon pro pace eta Vasconia Cantat bilduma dira haren sorkuntzetako batzuk. Gainera, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poemaren makina bat bertsio jaso zituen, hamazazpi hizkuntzatan, Gabriel Arestiri omenaldia lanean (1984). Besteak beste, gaztelaniara, errumanierara, arabierara, ingelesera, txinerara eta alemanera itzulitako bertsioak ziren. Abesbatza batek poema kantatzeko partiturak ere gehitu zizkion argitalpenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.