Gaur egungo munduan eta geroan giroturiko hamasei ipuin bildu ditu Patxi Iturregik (Laudio, Araba, 1952) Elkar argitaletxearekin plazaratutako Antropozenoaren nostalgia liburuan. Idazlearen seigarren lana da, eta, egunerokotik abiatuta, «bikote eta familia harremanetan ardaztutako kontakizunak» dira gehienak.
«Luze gabe, zuriz jantzitako bi kosmonauta eta lau hankako robot bat agertu dira alboetara irristatu den ate bikoitz batetik... Motxiletako sentsoreek bizitzarako baldintza onargarriak adierazten dituzte. Halere, kanpoko bisitariak ez dira ausartu jantzi presurizatua alde batera uztera. Izan ere, paisaian badago mesfidantza sortzen dien zerbait. Inguruan ez dago bizi aztarnarik». Hala abiatzen da Antropozenoaren nostalgia liburuko hamaikagarren ipuina, lanari izena ematen diona. Bertan, bi kosmonauta kanpoko espaziotik Lur planetara iritsi dira, eta teknofosilak ikusi eta aztertu nahi dituzte.
«Mosaiko harmoniatsua»
Liburuaren izenburuak azalpen bat behar duela iritzi dio autoreak, eta horri heldu dio ezer baino lehen: «Antropozenoa zientzialari talde batek bizi garen garai geologikoa izendatzeko proposatutako izena da». Ipuin guztiak garai horren barnean kokatu dituela adierazi du Iturregik, eta bertatik hartu duela izenbururako ideia nagusia.
Iturregirentzat «erronka handia» izan da seigarren lana burutzea. Izan ere, orain arteko ildotik «aldendu» dela adierazi du: «Azken liburuetan, itsasoa izan dut ardatz, eta liburu hau bestelakoa da gaiei dagokienez, tonuz eta estiloz».
Hiru elementu nagusi erabili ditu idazleak ipuinetan: fantasia, zientzia fikzioa eta errealismo gordina. «Horiek kokteleran sartuta, liburu jostaria eta bihurria atera zait. Transgresorea, baina ez horregatik mamirik gabea».
Ipuinei dagokienez, molde desberdinetakoak dira hamaseiak, eta ez daukate loturarik elkarren artean. Baina batak bestearen ondoan «mosaiko harmoniatsua» sortzen dutela adierazi du. «Niri gustatzen zaizkidan modukoak dira ipuinak. Solteak, autonomoak erabat, hari komunik gabeak eta gai asko jorratzen dituztenak... Askotariko galleta kaxa baten modukoak». Idazleak adierazitakoaren arabera, nahita ez da saiatu argumentuak bateratzen: «Ez naiz tentazio horretan erori, ez zaizkidalako gustatzen halako jolasak. Oso artifizialak iruditzen zaizkit, sinpletasunaren eta sinesgarritasunaren aurkakoak, alegia».
Hala ere, liburuan ageri den ipuinen ordena «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du. «Ez da mania hutsa. Ez da erraza mosaikoa ondo antolatzea. Ipuinak bata bestearen ondoan ipintzen dituzunean, berehala zuzendu behar dituzu haien artean sortzen diren kontraesanak, disonantziak edo nahi gabeko errepikapenak».
Gaiei dagokienez, berriz, askotariko auziak jorratu dituela azaldu du autoreak: «Egunerokotik abiatuta, gaur egun loa kentzen diguten paranoiak eta amets gaiztoak jorratu ditut». Besteak beste, globalizazioa, negazionismoa, adimen artifiziala, desinformazioa, kriptodirua, inkomunikazioa eta turismo jasangarria jorratu ditu. «Gaien gaurkotasunak eta liburuan dagoen ironia kutsuak homogeneotasuna ematen dio», gaineratu du.
«Gure garaiaren holograma bizi bat sortzea, eta bizi garen gizarte kontsumista, globalizatua eta konspiranoikoa islatzea», hori izan da idazlearen helburua. Batzuetan genero fantastikoa baliatu du horretarako, eta besteetan, berriz, zientzia fikzioa. Hala ere, «ispilu lana» egiten ahalegindu da, inolako kritikarik egin gabe. «Ez dut kritika moralik egin nahi izan. Nolakoak garen erakutsi nahi izan dut, nolakoa den gure gizartea».
Ipuin liburuetan jostalari
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen hitzetan, «jende asko txunditu zuen» Iturregiren lehen ipuin liburuak (Haize kontra, 1996), «daukan kalitateagatik eta berritasuna ere bazelako». Hura ipuin liburua zen, eta geroztik idatzi dituen bostak ere ipuin liburuak izan dira. «Genero horri fidela da, eta bereziki maite du. Hor aurkitzen da erosoen. Baina bere bildumako liburu guztiak ipuin liburuak diren arren, beti zerbait desberdina egiten ahalegindu da», gaineratu du Mendigurenek.
Iturregik berak ere baieztatu du horixe dela bere genero gogokoena. «Nire gaztaroan Hego Amerikako idazle mitikoak irakurri nituen, eta zirrara handia piztu zidaten. Akaso, horregatik izango da». Gaur egun ere, hango idazleak ditu gogokoen; esaterako, Mariana Enriquez, Samanta Schweblin eta Edmundo Paz Soldan.