Munduari estu loturiko margolanak lantzen zituen Patxi Buldain artistak (Iruñea, 1927-2024), eta, hala, konplexurik gabe eta behatzen zuenetik gustukoa hartuaz, obretara ekarri zituen mundu espresionista, surrealista, onirikoa eta anarkista. Imitaziorik ez zen, ordea. Bere kontura ikertzea, esperimentatzea, eta ematea; hori baitzuen maiteen Buldainek, libre aritzea, korronte artistiko bakarrari lotu izan beharrik gabe. Obren bitartez, sakon hausnartu zuen harremanez, giza irudiaz, sortzeko askatasunaz eta irudimenaz, besteak beste. 18 urterekin hasi zen pintatzen, bide jardun emankorra izan zuen ordutik, eta 100 erakusketatik gora ondu zituen bere bizialdian. Atzo zendu zen, 96 urterekin.
«Ni ez naiz burgesak margotzen aritzen. Nire inguruan ez dago halakorik. Kale girokoa naiz ni: kalea da nire egongela. Asko begiratzen diot kaleko jendeari; nire jendea da». Halako adierazpenez beteta egon ohi ziren Buldainen azalpenak. Bizia zuen hitza, eta bizi mugitzen zen diziplinaz diziplina ere, arte adierazpide bakar bati ere sekula ukorik egin gabe. Eskultura, pintura, collageak eta grabatuak landu zituen horregatik, eta haren lan gehienetan igartzen da bitalismo hori.
Erlazionatuta
Bakarturik aritzeagatik ere bada ezaguna Buldain. «Mihise zuri bati aurre egiten dionean, bakartzea behar du, irudimenezko mundu batean sartzeko», azaldu zion BERRIAri artistaren alaba Nuria Buldainek, 2019aren hondarrean. Haren esanetan, mihisearekin aurrez aurre jartzea «koadroaren eta haren arteko borroka baten» parekoa zen Patxi Buldainentzat, eta, horregatik, blokeo uneetan, lan bat utzi eta beste bat hartzen zuen, beldurgabe.
1948an, armadari uko egin eta Frantzian erbesteratu zen Buldain. Horregatik, Paris oso presente egon da beti Buldainen lanetan eta hitzetan. Han ezagutu zituen bizi osorako markatuko zuten artisten lanak. Gaztaroa eman zuen han, eta gerora ere, 80 urteren bueltan, maiz izaten zuen ahotan. «Louvre eta museo handien kaleetan bizi zen jende diruduna orduan, eta han dena zen isiltasuna eta baretasuna. Bereizita ibiltzen dira beti dirudunak. Besteok ez, besteok hemendik hara etengabe, edonon, zarata batean, jauzika... Hori da niri beti gustatu zaidana».
Museo bat ere ireki zuen Uharten (Nafarroa). Bere artelanak erakutsi eta Nafarroako sorkuntzan eragiteko asmoz, 2005ean ireki zituen ateak Buldain fundazioaren eraikinak, eta hamaika artistaren lanak erakutsi zituzten bertan. Estu eman zuten denbora bat, eta Nafarroako Museoen Legeak, 2010ean, museo izendapenik gabe utzi zuen gunea. Urrituz joan ziren laguntzak ondorioz, eta 2012an itxi zituen ateak.