Patrikak erakusten dituen filma

Drama eta 'thriller'-a batzen ditu Alvar Gordejuelak eta Javier Rebollok zuzendutako 'Alaba zintzoa' filmak

Alaba zintzoa filmeko aktore eta zuzendariak atzo Bilbon egindako aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Zoritxarraren loterian lehen saria egokitu zaio Susanari. Bera da Alaba zintzoa filmeko protagonista. Ama buruko gaixotasun batekin du egoitza batean; aitak alde egin du eta diru eskean baino ez zaio agertzen. Egunak garbitzaile lanetan pasatzen ditu, behar ekonomiko guztiei aurre egiteko. Biktima bat da Susana, ezbehar familiar eta sozio ekonomikoen biktima. Zurrunbilo horretatik atera nahian, biktima zena anker bihurtuko da. Leire Ucha aktore bilbotarra jarri da haren larruazalean. Eta ez du rol xumea bete behar izan. Ustekabez beterik dago filma. Alvar Gordejuela eta Javier Rebollo dira pelikularen zuzendariak, eta Bilbon grabatu dute pelikula. Gaurtik aurrera ikusgai izango da zinema aretoetan, jatorrizko hizkuntzan, euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin.

Zuzendariek esan dute pelikula lokal bezain unibertsala egin dutela: «Bilbon gertatzeak tokikotasuna ematen dio, baina edukiak hedapen zabala du». Maria Eugenia Salaberrik idatzi du gidoia, eta Gordejuelak lagundu dio zeregin horretan. «Iruzurtua izaten ari den gizarte baten isla» da osatu duten lana, Salaberrik azaldutakoaren arabera.

Dramatik 'thriller'-era

Drama soziala da nagusi filmaren hasieratik. «Pelikulako gertakariak hedabideetan notizia gisa irakurtzea posiblea da egun», adierazi du Rebollok. Egungo krisi ekonomikoak eragin ditzakeen ondorioez ari da. Izan ere, filmeko protagonistaren arazo ekonomikoek tentsioa markatzen dute lehen unetik. Lanerako bizi da Susana, garbitzaile lanetan. Antzeko ildotik erantzun du Salaberrik. Haren arabera, azken urteetako filmetan ez da diru arazoen inguruan hitz egin: «Guk hor jarri dugu arreta, patriketan jarri dugu lupa». Filmean agertzen diren pertsonaia guztien bizimodua baldintzatzen du diruak. «Egungo errealitatea da», azaldu du gidoilariak.

Filmaren bukaerak thriller kutsua hartzen du drama leunduz. Etsipenak jota eta egoerak gainditurik ageri da protagonista. Susanak errealitateari aurre egiteari uko egiten dio, eta ukazio horrek eramango du burua galtzera. «Hau ez da gertatzen ari» esaldia etengabe errepikatzen hasten da, eta orduan egiten du filmak thriller-erako itzulia.

Ucha gustura sentitu da Susanaren rolean: «Pena ematen dit Susanak, baina errealitatearen isla da». Itziar Lazkanok buruko osasun arazoak dituen pertsonaia batena egiten du filmean. Osasun zentro batean egon zen bere lana prestatzeko: «Han konturatu nintzen errealitateak fikzioa gainditzen duela». Aitziber Garmendia, Mikel Losada eta Zorion Egileor aktoreek ere parte hartu dute filmean.

Grabazioak «lagun artean» egin dituzte. Hala adierazi zuten atzo. Emaitzarekin pozik daude, eta erantzun ona jasotzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.