Patricia Dauderren lana ikusgai egongo da Artiumen irailaren 29ra arte

Artista kataluniarrak Euskal Herrian aurkezten duen lehen obra da ‘Unform’, eta «ia hautemanezinak diren aztarnak» uzten dituzten marrazki, instalazio eta filmek osatzen dute erakusketa.

Patricia Dauderren 'Unform' ikusgai dago Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Patricia Dauderren 'Unform' ikusgai dago Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Unform erakusketa da Patricia Dauderren (Bartzelona, 1973) azken lana, eta joan den ostiralean iritsi zen Artiumera. Artistak azken hamar urteotan ekoitzi dituen eskulturak, marrazkiak, instalazioak eta filmak biltzen ditu erakusketak, eta Catalina Lozano da erakusketaren komisarioa. Juan de Nieves historialariaren aurkezpen testuaren arabera, Unform-ek osatzen duen paisaia ez dago lurralde geografiko bati lotuta. «Ideietatik eta gauzetatik abiatutako entitate bat da». Erakusketa irailaren 29ra arte egongo da ikusgai Artiumeko A1 aretoan.

Aretoan sartzean, erakusketaren izenaren arrazoia uler daiteke bat-batean. Pareten kolore zuriak eta aretoan nabari den isiltasunak ezin dute estali obraren desordena, eta osatu gabeko obrak ematen dute ia lan guztiek. Nahiz eta ingelesezko itzulpena zuzena ez izan, formarik gabeko edo osatu gabeko obrak aurkitu daitezkeela iradokitzen du unform hitzak —unform hitza berez ez da existitzen, baina artistak hartu duen lizentzia da—.Eta izenak iradokitzen duen moduan, elkarren artean itxuraz loturarik ez duten eta osatu gabeak diruditen 26 obrak osatzen dute erakusketa.

Lau gelatan banatu ditu denbora luzez egindako eskultura, marrazki, instalazio eta filmak Dauderrek, eta artistak «une afektiboak arakatzeko» duen interesa aztertzen dute guztiek. «Ia hautemanezinak diren aztarnak» uzten dituzten lanak dira, eta «denboraren joanari» arreta eskaini nahi dio artistak, darabiltzan metaketa eta ezabatze tekniken bidez. Denboraren kontzeptuari garrantzi handia eman dio Dauderrek, bai teorian eta bai praktikan: «Lan bakoitzaren atzean hura egiteko eta pentsatzeko hartu ditudan denborak ezkutatzen dira. Interes handia pizten dit denboraren kontzeptu horrek».

«Lan bakoitzaren atzean hura egiteko eta pentsatzeko hartu ditudan denborak ezkutatzen dira. Interes handia pizten dit denboraren kontzeptu horrek».

PATRICIA DAUDER Artista

Lotura zuzenik ez

Erakusketaren gelarik zabalenean elkarren artean lotura zuzenik ez duten hamalau obra daude. Hainbat urtetan sortutako lanak dira, baina guztiek eratzen dute ekosistema baten moduko zerbait. «Duela urte asko gordeak nituen obrak berriro kokatu ditut, eta horietako batzuk transformatu ditut, antzina zuten esanahia aldatuta», azaldu du Dauderrek.

Gela zabalaren ezkerraldean gela ilun bat dago. 16 mm-ko zuri-beltzeko pelikula bat ematen ari da zarata atsegina ateratzen duen EIKI Industrial NT2 proiektorea: Patricia Dauderren March 5th 1979 (2011). Erakusketaren atalik ilunena da, eta sarrerako gela zabalean bezala, hor ere, filma amaitu gabeko pieza bat dela ematen du, nahiz eta hura duela hamairu urte bukatuta egon. Irudi abstraktu eta ilunak erakusten ditu proiektoreak, eta ezin da asmatu paretan iradokitzen diren irudiak zer diren.

Hirugarren gela karratua da, eta bertan ere, gela zabalenean bezala, obra asko batera existitzen dira lau pareten artean. Zazpi dira, hain zuzen ere, Dauderrek gela horretan batu dituen lanak. Margoak, eskulturak, eta berriro ere makina zaharrek egiten duten zarata atsegin hori. Oraingoan KODAK Ektapro 7020 proiektoreak sortzen du gelaren giro soinua. Diapositibak banan-banan pasatzen ditu makinak: zubi bat, paisaia tropikala, turbinak, helikoptero baten helizeak... Oporretan joateko gonbita, baina, laster bilakatzen da ohartarazpena: kea, leherketa, suntsipena. 

Suntsitua ala amaitu gabea

Proiektoretik aldendu eta beste gela batera sartzeko bidean, Dauderrek 2018an sortutako Alineacions —esprai pinturaz margotutako oihalak— eta 2015eko Balls —pigmentudun igeltsuzko arroka itxurako pilotak— obrak daude. Hurrengo gelara sartu aurretik, film baten soinua entzun, eta sei metro luzeko eskultura bat ikus daitezke. 2011.urteko Balsa da okertutako egur xaflekin eta ikatzarekin egindako eskultura, itsasontzi edo garraio baten azpiegitura ematen duena. Filma, berriz, Insulana, Dauderren 2021eko filma. Suntsipena irudikatzen du film horrek ere, irudiekin zein hitzekin: «Berdea zen guztia beltz bilakatu da orain. Iluntasun eta isiltasun». 

Irudi eta objektu batzuek suntsipena irudikatu arren, Dauderren obrak mikronarratibek zeharkatzen dituzte, gizakiek duten gaitasun kritiko eta borondatea mahai gainean jartzen dituzte, eta artistak horien bidez aztertu nahi du pertsonek mundu posible batzuk irudikatzeko edo irudimen erradikala praktikatzeko duten borondatea. Beraz, baliteke amaitu gabeak ematen duten elementu horiek noizbait suntsituak izana; eta, aldiz, suntsituak ematen dutenak amaituta ez egotea. Norberaren esku utzi du Dauderrek erabakia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.