Patri Urkizu irakasle, idazle eta ikertzailea hil da

Ibilbide oparoa egin du Urkizuk izkribu galduen bila. Euskal Filologiako doktorea izan da, Bordelen eta UNEDen irakasle aritua. Euskal teatroa eta bertsolaritza ikertu ditu, literatura landu, eta beste alor askotan murgildu da. 78 urterekin zendu da.

Lezoko alkate izan zen garaian, portuan galduta zegoen aingura bat ekarrarazi zuen Urkizuk. Haren ondoan ageri da, 2021ean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Lezoko alkate izan zen garaian, portuan galduta zegoen aingura bat ekarrarazi zuen Urkizuk. Haren ondoan ageri da, 2021ean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko abenduaren 18a
09:33
Entzun

Patri Urkizu irakasle, idazle eta ikertzailea hil da. Izkribu galduen bila pasatu zuen bere ibilbidea, eta ugari aurkitu eta aztertu zituen. Euskal Filologiako doktorea zen, eta irakasle lanetan aritu zen Bordeleko Unibertsitatean (Okzitania) eta UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatean. Ibilbide luze eta oparoa egin zuen euskal teatroa eta bertsolaritza ikertzen, baita Agosti Xahoren eta Anton Abadiaren urratsen atzetik ere. Literaturan ere jardun zuen, literatur kritika jorratu, eta epaimahaikide izan zen literatur lehiaketa askotan. Euskal Idazleen Elkarteko presidentea izan zen, baita Lezoko alkatea ere (Gipuzkoa). Gaur zendu da, 78 urte zituela, zenbait urte gaixo igaro ondoren.

Iazko abenduan eman zion azken elkarrizketa BERRIAri, eta honela deskribatu zuen bere bizitza: «Oso gogoko izan ditut beti literatura, musika eta euskara. Euskal giro batean sortu nintzen, eta hori mantentzen saiatu izan naiz. Ez bakarrik mantentzen: ikasten, eta ahalik eta gehiena zabaltzen, modurik arinenean edo jendeak gorrota ez dezan, baizik eta amodio pixka bat izan diezaion euskarari eta euskal giroari».

Urkizu Lezon jaio zen, 1946an, «familia xume eta langile batean». Karmeldarren bi komentutan egin zituen ikasketak, Zornotzan (Bizkaia) eta Alesbesen (Nafarroa). «Oso bizitza estoikoa» izan zuela kontatu zuen, baita komentutik bota zutela ere. Zergatik jakin gabe hil da. Filosofia eta Letrak ikasten hasi zen Donostian, eta Filologia Erromanikoaren bidea hartu zuen Salamancako Unibertsitatean (Espainia). «Salamancan izan nituen izan nitzakeen irakaslerik hoberenak: Koldo Mitxelena euskararako, eta Fernando Lazaro Carreter gaztelaniarako», azaldu zuen.

Mitxelenaren bidez murgildu zen Euskal Filologiaren munduan, Lazaro Carreterren bidez kritika literarioarenean, eta literatura galaikoportugeseko irakasleari esker ekin zion izkribu galduak bilatzeari: «Afizioa, pozoi hori, paper zaharrekin, Luis Pensadori esker sortu zitzaidan». Ikasketak bukatzean, Bigarren Hezkuntzako irakasle hasi zen Donostian eta Errenterian (Gipuzkoa).

Alain Robbe-Grilleten Pour un nouveau roman [Nobela berri baten bila] eta idazle amerikarrak irakurriak zituen, eta, haien eraginez, «neurri batean», Sekulorun sekulotan liburua idatzi zuen: «Gabriel Arestiri eta Ramon Saizarbitoriari gustatu zitzaien nola egina zegoen, punturik eta komarik gabe, eta ahots batez hasieratik bukaeraraino». 1972. urtean idatzi zuen, Jaizkibel mendian soldaduska egiten ari zela. Haren semea —Urtzi Urkizu BERRIAko kazetaria— jaio zen urtean argitaratu zion liburua Kriselu argitaletxeak, 1975ean. Berriak aldizkarian kazetaritza kronikak ere idatzi zituen 1976an eta 1977an.

Euskal teatroan aditu

Urte horretan egin zuen Euskal teatroaren historia liburua. Oso obra oparoa du Urkizuk euskal teatroaren ikerketan. Aurrez argitaratu gabeko bertso eta antzerkiak publikatu zituen, batez ere. Zuberoako asto-lasterrak, Anton Abbadiaren bertso bilduma, Maria Dolores Agirreren lana eta pastoralak argitaratu zituen, besteak beste. Agosti Xahori buruz ere lan ugari egin zituen. «Idatzi duguna ez badugu ikertzen, ezin dugu ezagutu behar bezala», uste zuen Urkizuk. Pierre d’Urteren Hiztegia. Londres 1715 izeneko tesiarekin Euskal Filologiako doktore bihurtu zen 1987an. Donostian aurkitu zuen hiztegia: «Resurrecion Maria Azkuek esaten zuen beti izan dela eta izango dela eskuizkribu inedito bat. A, bai, e?».

Euskara eta Euskal Literatura irakasten igaro zituen hiru urte Bordeleko Unibertsitatean, eta handik UNEDera joan zen klaseak ematera. Urte asko igaro zituen han, erretiroa hartu zuen arte. Euskara eta euskal literatura munduratzen lan handia egin zuen ikasgeletan, baita narratiba topaketak eta ibilbide literarioak antolatzen ere. «Nik uste dut denon onerako izan daitekeela euskara munduan zabaltzea», esan zion BERRIAri.

Irakasle, idazle eta ikertzaile izateaz gain, politikagintzan ere eman zituen pausoak. Bere jaioterriko alkatea izan zen 1979tik 1983ra, Lezoko Independenteak hautagaitzaren izenean. Hizkuntza politikaren alorrean aitzindaria izan zen: «Adostu genuen dena egingo genuela euskaraz, eta ulertzen ez zuenari itzuliko ziola norbaitek. Itzultzaile zerbitzuak jartzen lehenak izan ginen». Hala, batzarretan bat-bateko itzulpenak egiten hasi ziren, aktak euskaraz jasotzen, udal langileei lanorduetan euskara ikasteko saioak eskaintzen, eta kaleko txartelak eta trafiko seinaleak euskaratzen, nahiz eta oraindik administrazio hiztegia egiteko zegoen. Indarkeria ere jasan zuen alkate izan zen garaian: «Bonba bat jarri zuten udaletxean, eta ikurrina lapurtu. Autoa zulatu ziguten, eta Batallon Vasco Españoleko mehatxu bat jaso nuen».

Horrez gain, Euskal Idazleen Elkarteko presidentea izan zen 1989tik 1997ra, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Saila zuzendu zuen, eta euskaltzain urgazlea ere izan zen. Egunkaria Sortzen taldean ere parte hartu zuen. Literatur lehiaketa ugaritako epaimahaikidea izan zen urte luzez; adibidez, Espainiako literatura sarietakoa. Ahalegindu zen euskarazko lanak bultzatzen. Esan zuen Saizarbitoriaren Martutene saritu ez izana «injustizia literario bat» izan zela.

Azken egunera arte segitu zuen ikertzen, irakurtzen eta idazten. Aurten bertan idatzi ditu hainbat lan. Tartean, argitaratu gabe gelditu dira Arte eszenikoak munduan saiakera mardula eta Desterratua. Martin Arrizubieta Larrinaga apaiz desterratuaren urratsei jarraika nobela. Oinarri historikoa du: apaiz hori nazien kontzentrazio esparru batean izan zen gatibu, eta nobelan Gabriel Arestirekin jartzen du elkarrizketan.

2021ean sortu zuen patriurkizu.eus webgunea, Patxi Intxaurrandietaren laguntzarekin. Hartan bildu zituen bere bizitzari eta ibilbideari buruzkoak, baita bere obraren zati handi bat ere. Urkizuk egindako lan guztiak ez daude argitaratuta, baina argitaragabeak herritarren eskura jarri zituen webgunean. Iaz aurkeztu zuen bere autobiografia: Eskribu galduen bila. Hura ere webgunean dago irakurgai, osorik.

Gizarteari eginiko ekarpena

Euskal gizarteari egin dion ekarpena askok aitortu diote Urkizuri, leku askotan. Iaz, Donostia antzerki saria banatzeko ekitaldian, Donostiako Udalak omendu zuen, eta lehenago, Hondarribikoak (Gipuzkoa) ere omenaldia egin zion herriko liburu azokan. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ere omenaldi esanguratsua egin zioten udazkenean, Literaktum jaialdiaren barruan.

Halaber, jaioterrian bere autobiografia aurkezteko eginiko ekitaldian, txiki geratu zen udalbatza aretoa. Han egon ziren haren emaztea, Marga Rica, haren semea eta senide asko eta asko, baita Lezoko lagun eta herritar ugari ere. Alkate izan zen garaian, Tomas Garbizu konpositoreari eskatu zion Lezoko herriari ereserki bat egiteko, eta hark Lezoko herria egin zuen. Honela dio: «Ezker eskubi/ zelai baserri/ ondorengoen oinarri,/ ohitura zaharrak,/ agurgarriak,/ herriko seme gizon argiak». Herriko seme gizon argia izan zen Urkizu, eta horrela omendu zuten.

Donostian egin zioten omenaldian argi geratu zen Urkizuren altxor handietako bat haren lagunartea zela. Ekitaldi borobil eta hunkigarria eskaini zioten: Mari Jose Olaziregik eta Aizpea Goenagak aurkeztu zuten, eta Iñaki Salvadorrek eta Antton Valverdek girotu, besteak beste. Guztiek nabarmendu zuten Urkizuren lana, baita haren izaera ere: gentleman batena.

«Idazle handi eta ikertzaile eruditu» moduan deskribatu zuen Joxerra Gartziak. «Iparraldeko altxorrak denen ondasun» bilakatu izana eskertu zion Jon Casenavek, eta «teloia altxatu eta oholtza sendotu» izana Goenagak. «Antzerkigintza izeneko metapastoralean, Patri da sujeta eta antzezle guztion errejenta», azaldu zuen Arantzazu Fernandezek. «Apaltasun faltsurik gabe, balioesten du kulturari egin dion ekarpena, eta hori da, agian, bere buruari dion errespetua, besteak ere errespetatzea eragiten duena», nabarmendu zuen Saizarbitoriak. Valverdek, berriz, aitortu zuen «inbidia» ematen diola «duintasun handiarekin daraman biboteak». Beste hainbeste izan ziren Urkizu goretsi zuten lagunak.

«Izenak aipatzen hasi, eta ez nuke bukatuko!», esanez hasi zuen Urkizuk bere mintzaldia. «Mende erdiko lan hau ezina izanen zitzaidan burutzea adiskide onen laguntzarik gabe, eta, azken berrogei urte hauetan, Marga Rica nire emaztearen laguntza ezin hobea gabe. Harentzat da besarkadarik eztiena».

Gaur eten da izkribu galduen bilaketa. «Gora literatura, gora musika eta gora euskara!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.