Idazlea: Arrate Egaña. Ilustratzailea: Amaia Arrazola. Argitaletxea:Elkar.
Aurtengo Mikel Zarate sariketako irabazlea izateak ematen dion itzalarekin iritsi zaigu plazara obra hau. Egia esan aspaldion daukagun langa ez da oso altua haur literaturaren narratibari dagokionez, eta adibide bat jartzearren, parte hartzen dudan irakurle klubeko iritzien arabera, sariketa honetako aurreko bost irabazleetatik batek ere ez zuen balekoa izatearen langa baino gainditu. Obra bikainik ez, beraz, haurren euskal letretan, aspaldion.
Gai interesgarria proposatzen du lan honek: eskoletako patioetan futbolak hartzen duen gehiegizko lekuak beste jolasetarako espazio falta eragiten duela, eta horrek hainbat jolas eta izate bazterretara eramaten dituela, bereziki indar fisikoarekin aritzea atsegin ez duten haurrak. Ez dut azalduko hemen zer den futbola, nahi duenak badaki.
Protagonista Malen da, gurasoekin eta aitonarekin bizi den neskato saiatua. Istorioa abiatzen da Malenek erabakitzen duenean patioaren erdian jarriko dela, jolas orduetan. Futbolean ari direnek hartzen dute patioaren luze zabal osoa, eta, pentsatzekoa den bezala, oso gaizki hartzen dute Malenen jarrera. Irainka eta joka ibiltzen dute Malen, egun bat bai eta hurrengoa ere bai. Irakasleek ez dute Malen babesten, aitzitik, haurra mehatxatu eta zigortu ere egingo dute; pentsa, halako batean ikuskatzailea etorriko da, eta honek ere legearekin mehatxatuko du!
Hamasei ataletan banatuta dago, baina atalen etenak ez dira ia nabaritzen. Ia amaieraraino mantenduko da Malenen jokabidea eta ingurukoen mespretxua, eta azken hiru orrialdetan, ez si eta ez no, dena konpondu egingo da. Testu osoan zehar ez da inor nekatzen argudiatzen, ez Malenen jarrera gaitzesteko, are gutxiago defenditzeko. Dena «eta zuk gehiago» inozo batez konpontzen da, helduak zigorrekin mehatxatzen, haurrak kolpeak eta irainak banatzen.
Pena ezta? Ez dut uste hau irakurtzen duen haurrak merezi duenik pentsatzea helduak mehatxuka eta argudiatu gabe aritzen garela, eta ez dugula, bide batez, patioetan beste jolasik nahi. Bai, eskola askotan hitz egin da halako egoerez, irakasle asko inplikatu dira halakorik gerta ez dadin, eta merezi zuten euren lanagatik saritzea, sikiera egindako ahaleginen adibideak jarrita.
Sikiera egoera hau hobetu izan balu ilustrazioak! Tamalez, Arrazolaren lanean helduekin ikusi ohi zaion irudi estiloa mantentzen du, baina bihurrikeria guztiak kenduta.
Errematerako testuari orrazketa falta zaiola dirudi, liburuko lehen paragrafoa gramatika akats batekin hastea ez baita abiapuntu desiragarria, eta are makurragoa da edizio akats batek desitxuratu egiten duela testua goitik behera, hitz arteko «l» xehea «I» larriarekin ordezkatua agertzen da-eta temati liburu osoan zehar...
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Patioan'
Patioko jolasak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu