Donostiako 71. Zinemaldia. Perlak. Christian Petzold. Zinemagilea

«Pasioaren sua da, baina baita basoko benetako sua ere»

Zinemaldian 'Roter Himmel' bere lan berria aurkezten ari da zinemagile alemaniarra. Hitzaldi bat ere eman du Nest zinema ikasleen saileko egitarauan, eta epaimahai ofizialeko kide ere bada.

GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Sona handiko zinemagilea da Christian Petzold (Alemania, 1960), eta ibilbide oparoa du zinemagintzan. Hainbat film arrakastatsu egin ditu: Wolfsburg (2003), Jerichow (2008), Barbara (2012), Phoenix (2014), Transit (2018) eta Undine (2020), besteak beste. Aurten, bere azken lana aurkezten ari da Zinemaldian, Roter Himmel filma—epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen Berlinalen—. Irribarrea ahoan, pelikularen inguruko xehetasunak eman ditu. Kostaldeko etxe batean elkartzen diren lau gazteren bizipenak eta harremanak kontatzen ditu filmean; handik gertu, basoa sutan dago.

Suaren figurak zentzu bikoitza du filmean. Zer kontatu, transmititu, nahi izan duzu?

Uste dut badagoela udako zinema izena duen genero bat. Beti egon dira udan girotutako pelikulak, gazte batzuk protagonista dituztenak; eta haien azken uda bezala kontatu izan dira. Trantsiziozko aldi batean kokatzen dira, eskola garaitik heldu izaterako aldi horretan. Pelikula horietan, zauriez, amodioez, traizioez... hitz egiten da. Beti pentsatu izan dut genero hori ez dela inoiz hilko, ehun urte barru ere izango ditugula udako film horiek. Orain dela urte batzuk, ordea, alabarekin hizketan ari nintzela, esan nion ez zitzaizkigula uda asko geratzen; klimatologiari egin nion erreferentzia. Orduan, konturatu nintzen posible dela trantsizioko genero hau ere desagertzea. Egia da udak klimatologikoki desagertzen ari direla, baina gazteen bizitza ere asko ari da aldatzen, eta orain ez daude trantsizio horiek. Derrepente, helduen mundura jauzi egiten dute. Sua adin horietan sortzen den pasioaren sua da, baina baita basoko benetako sua ere, klima aldaketak eragindakoa. Bi gauzen kontrola galtzen ari gara: pasioaren suaren kontrola galtzen ari gara, eta baita basoetan izaten diren suen kontrola ere.

Pertsonaiek egoerak kudeatzeko modu desberdinak dituzte, bizi filosofia eta ikuskera desberdinak; bakoitzak bere nortasuna du. Nola sortu zenuen atmosfera hori?

Zinema munduan sartu nintzenean, zerak eman zidan arreta, film gehienetan protagonistan bakarrik zentratzen direla; gainerako guztiak protagonistaren zerbitzura daude, haren euskarri dira. Pelikula bukatu eta etxera zoazenean, besteak desagertu egiten dira, protagonistarekin soilik gogoratzen zara. Hori ez zait gustatzen. Niri gustatzen zait pertsonaia guztiek bizitza propioa izatea, nortasun propioa, eta filma ikusi eta etxera zoazenean, haiengan ere pentsatzea. Hemen, beste pelikula bateko protagonistak izan zitezkeen. Gurutzatu egiten dira filmak. Hain barneratua dut zinema egiteko filosofia hori, non uste baitut islatu egiten dela pelikulan.

Kasu honetan, pertsonaia baten ikuspuntua jasotzen da filmean, batez ere, eta haren gorputzetik kontatzen da istorioa. Zer bilatu nahi zenuen? Nola lortu duzu hori?

Pelikularen ideia esaldi batean laburtu nuenean, hau idatzi nuen lehenengo: artista baten erretratua, gazte ergel bat zenean. Hori da filmaren ideia. Filma erretratu bat da, eta erretratuak distantzia eskatzen du, kanpotik egindakoa da. Hala eta guztiz ere, erretratuak pertsonaiaren subjektibotasuna erakusten du, eta hori barnekoa da. Hain justu, oreka hori bilatu nahi nuen, nahiz eta zaila izan. Filmean pertsonaia ergel baten erretratua ikustera mugatzen bazara, nazkatuta bukatzen duzu, baina uste dut film honetan lortu dudala subjektibotasun horren bidez pertsonaia apur bat ulertzea, eta nola garatzen den ikusi nahi izatea.

Pertsonaien arteko harremanetan jarri duzu azpimarra: emozioak, desioa...

Filma imajinatzen ari nintzen momentuan, hau da, pertsonaien garapena lantzeko aktoreekin entseguak egiten ari nintzenean, dantza bat zela irudikatzen zuten aktore guztiek. Oso presente zuten Uda gau bateko ametsa pelikula. Basoan dantzaldi bat egiten da, eta, dantzaldi horretan, gerturatu egiten dira, desioa dago, elkarri ezezkoa ematen diote...

Musika ere modu berezian txertatu duzu; apenas dagoen kantarik, baina musika entzuten denean, horretan jartzen da arreta.

Hainbeste gustatzen zait musika, non bazter uzten baitut. Gaur egungo zineman musika gehiegi dago. Nik oso gutxi erabiltzen dut, eta pelikula honetan, zehazki, protagonistek entzuten duten musika bakarrik dago. Hasieran, Procol Harumen A Whiter Shade of Pale kanta hautatu nuen, baina zenbat eta gehiago entzun, orduan eta retroagoa iruditzen zitzaidan, asko nabaritzen zen zuzendariak hautatutakoa zela. Egun batean, autoan nindoala, Vienako Wallners taldearen kanta bat entzun nuen irratian, eta izugarri gustatu zitzaidan. Zoragarria iruditu zitzaidan. Alabari komentatu nion, asko baitaki musikaz, eta esan zidan baietz, eskubideak erosteko, bikaina zela film honetarako. Gero, aktoreak gidoia irakurtzen ari zirenean, musika hori jartzen genuen giroan sartzeko. Oso ondo funtzionatu zuen.

Nola aurkeztuko zenuke zure filma?

Filmak berak hitz egitea gustatzen zait, baina publikoari esango niokeen gauza bakarra hauxe da: zinema ametsen tokia da, eta ikustera zoazen filma amesgaizto bilakatzen den uda bateko gau baten ametsa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.