Pasioak ardaztuko du aurtengo dFeria Arte Eszenikoen Donostiako Jaialdia. Pasioak, bere adiera ugarietan. Norka Chiapusso azokaren zuzendariak gaur egindako aurkezpenean gogoratu duen bezala, azken urteetan gai baten bueltan osatu dute jaialdiaren programazioa –tabua, muga, boterea—, «interesekoak izan daitezkeen gai sozial, politiko eta gizatiarrak» mahai gainean jartzeko asmoarekin. Aurten pasioari eman nahi izan diote garrantzia, «maitasunari lotutako pasiotik harago» joanda.
Eta pasio hori irudikatzeko, 32 konpainiak, 32 ikuskizunek eta 42 emanaldik osatuko dute jaialdiaren egitaraua. Azken urteetan gertatu den bezala, dantzak eta antzerkiak presentzia antzekoa izango dute. Hain zuzen ere, hamabost dantza ikuskizun eta beste horrenbeste antzezlan taularatuko dituzte azokak iraungo dituen bost egunetan. Horiekin batera, diziplina askotariko bi lan ere emango dituzte: Marga Altolagirreren Pantheon eta Hutsun & Ortzi konpainiaren Urbasa. Lehenengoa Tabakalerako patioan erakutsiko dute martxoaren 10ean eta 11n, eta bigarrena, berriz, Bulebarreko kioskoan, 11n.
dFerian emango dituzten obren artean, hamasei Euskal Herriko ekoizpenak izango dira, eta beste horrenbeste atzerrikoak. Euskal ekoizpenei dagokienez, horietako bi jaialdia bera hasi aurreko asteburuan taularatuko dituzte. Martxoaren 7an, hain zuzen ere, Tutik Clowns zirku konpainiak Petitxou publiko familiarrarentzako obra oholtzaratuko du Antzoki Zaharrean. dFeriak helduei zuzendutako lanak eman ohi ditu, baina Tutik Clowns-ek 25 urte bete ditu aurten, eta emanaldiarekin omendu nahi izan dute antolatzaileek, Chiapussok adierazi duenez. Egun berean baina Viktoria Eugenian Aukeran dantza konpainiak Biz Hitza taularatuko du. Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen taldeak Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko egindako ikuskizuna da hori eta Xabi Payaren gidoia du.
Beste hainbat euskal konpainia ere izango dira dFerian. Hala, Vaiven taldeak Yo, la peor del mundo taularatuko du gaztelaniaz —aurretik, otsailaren 28an euskarazko bertsioa (Ni, munduko txarrena) estreinatuko du Donostian bertan—, Erre Produkzioak taldeak Nola heldu gara honetara? —David Caiñak idatzi eta zuzendua—, Tanttakak Utzi mezua seinalearen ondoren-en gaztelaniazko bertsioa (Deje su mensaje después de la señal), Kukaik Gauekoak dantza ikuskizuna, Khea Ziarrek Alex Gerediagak idatzi eta zuzendutako Oymyakon: Habitación 101 antzezlana, Osa+Mujika taldeak Kenopobhia koreografia eta Pez Limbo taldeak, berriz, Harri Orri Ar.
Atzerritik etorriko diren konpainia batzuen parte hartzea ere nabarmendu du dFeriaren zuzendariak. Compagnie Julien Lestel talde frantziarrak Dream dantza koreografia erakutsiko du martxoaren 9an Viktoria Eugenian. «Frantzian oso egonkortuta dagoen konpainia da, eta oinarri neoklasikoa du». Dantzari lotuta ere, Mario Vargasek eta Chloe Brulek Los cuerpos celestes. Partitura coral en siete movimientos flamenkoa eta musika elektronikoa uztartzen dituen lana erakutsiko dute, eta Anjel Rojas koreografoak, bere aldetik, Ya no seremos. Nuevo Ballet Español konpainiako kidea izan zen Rojas, eta orain bere konpainia zuzentzen du. Sharon Fridman koreografo israeldarrak, berriz, Dosis de paraíso estreinatuko du Gazteszenan, martxoaren 10ean.
Arte eszenikoen jaialdi bat baino gehiago, azoka bat da dFeria, eta sektoreko profesionalei zuzenduta dago neurri handi batean. Hori dela eta, profesionalen arteko topaketak izango dira, eta baita bilerak ere.
Hemen kontsulta daiteke dFeriaren programazio osoa.