«Horra umea uretan eta pozik./ Hura aipatzen duen bertsoa baino/ gardenago, umea argiz zamaturik./ Eguzki eta isiltasun aro gozoa,/ eta nire baitako hitzen festa hau». Bizitza bere hartan hartuta, ezer gabe, eta guztia hor hartuz idazten zuen Sandro Pennak (Perugia, Italia, 1906 - Erroma, 1977). Mutikoen barreak, trenaren joana, itsasertza, arrastia. Iñigo Astizen hitzetan, «momentuaren ehiza da Pennaren poesia». Aspalditik datorkio harenganako lotura; denbora da irakurtzen, oharrak hartzen, itzultzen hasi zela, bere kabuz. «Konplize» du Damaris Pan artista; trukatzen dituzte erreferentziak, irakurketak. Eta Penna sartu zenean zirkulazio horretan, hor heldu zioten argitalpenaren asmoari. Bilduma bat. Sandro Penna ondu dute elkarrekin, Astizen itzulpenekin eta Panen marrazkiekin. Farmazia Beltzak argitaratu du.
«Gustatuko litzaidake bere poema batzuk nik neuk idatzi izana. Baina berak ja idatzi zituenez, itzulpena da geratzen zaidan bide bakarra horiek neure egiteko», Astizek. Bere lehen poema liburuan ere eskaini zion poema bat, Garaipenna, zaletasun horren aitortza gisa. Ordutik, eta gerora ere, Pennarekin «elkarrizketan» urteak eman dituela dio, eta horren emaitza dela liburuan jasotako lana: «Poetaren bentajetako bat, salmenta kopuruak ez direnez, oihartzun soziala ere ez denez, da oso bere munduan egon ahal dela, bazterrean, bere barne mundua elikatzen; horrela ibili naiz ni Pennarekin».
Pan beste bi izenen bitartez heldu zen Pennarengana: Pier Paolo Pasolini eta Natalia Ginzburg. «Gustatu zitzaidan zein zuzena, gordina, lehorra den». Gogoan duGinzburgek erakusten zuen lilurak erakarri zuela: «Bere figura outsiderra, nolako bizimodu marjinala zuen, zentzu askotan».
Hala agertzen baita Penna beti, XX. mendeko Italiako idazle handienen artean ardi beltz. Lerro gutxiko poemak dira bereak, soilak lehen begi kolpean. Astiz: «Gardentasun handia dauka, itxuraz oso sinplea irudi lezakeena, baina gardentasun horrekin deskribatzen ditu une batzuk oso era sakonean eta bizian; hitz gutxirekin, hiztegi murritz batekin».
Desiraren denboran bizi
Penna gazte zela lekualdatu zen Erromara, eta han igaro zuen bizitzako denbora gehiena. Oso pobre, enplegu finkorik gabe, eta ohean sartuta igarotzen zituen orduak, ez irakurtzen eta ez idazten, adiskideei telefonoz hoska, Alexander Gurrutxagak hitzaurrean jaso duenez. Homosexuala zen, eta badu pisua bere poemagintzan. «Penna da plazeraren eta desiraren poeta», dio Astizek. «Dena iruditzan zaio desira eta plazer iturri». Ginzburgentzat, «zorion ehunen poeta da».
Mutikoz beteta daude haren poemak, eta bere desira hori pederastiarekin ere lotu izan da maiz. Astizek dio ezin dela hori «minimizatu», baina uste du ia «sinbolo» direla agertzen dituen mutiko horiek, desira momentu aratzenak. «Munduak eta historiak zikindu gabeko desira bat. Pertsona hain boteregabe baten desira. Ez da ikusten inongo bortizkeriarik, munduaren edertasunaren ospakizun etengabe bat da, eta edertasun horren parte da mutiko horien edertasuna». Hala, maitasunaz ari den poeta bat ikusten du Astizek: «Maitasuna, ulertuta dena bustitzen duen uholde bat bezala». Eta guztia munduaren bazter batetik. «Uko egiten dio munduari; bera bizi da desiraren denboran. Baina ez da desio duen horrenganantz gerturatzeko bultzada bat ikusten, ez dago sexu eszena esplizitu bakar bat ere. Desira pizten den unean geratzen den poetika bat da».
Panen marrazkietan ere irakur daiteke Pennaren figurari lotzen zaion marjinalitatea. Giza figura ikusten da askotan, baina albo batean. «Marrazkietan gauzak ez dira gertatzen zentroan, marjinetan baizik. Deszentralizazio hori nabarmenduko nuke». Eta, horrekin batera, elementuen segida. «Oso hitz gutxirekin osatzen ditu poemak, eta batzuk askotan errepikatzen dira: mutikoa, eguzkia, trena... Marrazkietan ere saiatu naiz jarraipen hori mantentzen: hanka bat, esku bat... Baina, aldi berean, marrazki bakoitza autonomoa da». Izan ere, marrazkiak ez dira izan poemen gainean eginak; Panek autobusean, paseatzen-eta eginak dira. Eta, beraz, marrazkiak eta poemak harremanetan jartzea izan da Panek eta Astizek elkarrekin egin duten ariketa. «Badaude poemak eta badaude marrazkiak, baina ez dira poemen ilustrazioak, ezta alderantziz ere». Pan arduratu da diseinuaz, eta garrantzia eman dio osotasunari. «Erritmoa duen eta forma duen gauza oso bat izateari». Arkatzez egindako marrazkiak dira bereak, zirriborro itxurakoak, arkatzaren minak hatza zikindu behar duela dirudiela, eta dena dator zuri-beltzean, atzeko orri hori-horiak izan ezik: jatorrizko poemak apailatu dituzte horietan. «Jatorrizkoari bere lekua emateko modu bat izan da. Pennaren eguzkiarekin ere konektatzen du, erre egiten duen horrekin». Horietan ez bezala, aurretik euskarazko poema bat dator orriko. «Hain dira laburrak, kondentsatuak, garrantzitsua zen poema bakarrik jartzea, bisualki ere behar zuelako izan lehorra».
Eta irudia eta testua, bakoitza bere aldetik sortua bada ere, badago lotzen dituenik. Pan: «Pennak ere badirudi, paseatzen, begirada batean jasotzen duela zerbait». Bat dator Astiz. Eta hala onartzen zuen poeta italiarrak berak ere; paseoan zihoala, tranbian zihoala, agertu egiten zitzaizkiola poemak: «Munduko gauza oro maite, eta ez nuen/ eguzki pean nire kaiertxo zuria baizik».
Paseoan, poesia
«Unearen ehizan» datza Sandro Pennaren poesia. Farmazia Beltzak haren olerkien bilduma bat kaleratu du, Iñigo Astizen itzulpenarekin eta Damaris Panen marrazkiekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu