Musika

Pascual Aldabe konpositorea omenduko du Euskadiko Orkestrak denboraldi berrian

'Akelarre' balletaren zati bat eta Gustav Mahlerren Bederatzigarren sinfonia interpretatuko dituzte. Gaur hasiko dute denboraldia, Bilbon, eta urriaren 4ra arte emango dituzte kontzertuak Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan.

Euskadiko Orkestran parte hartzen duten musikarien irudi bat. EUSKADIKO ORKESTRA
Euskadiko Orkestran parte hartzen duten musikarien irudi bat. EUSKADIKO ORKESTRA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko irailaren 27a
05:10
Entzun

Ehun urte bete dira aurten Pascual Aldabe konpositorea jaio zenetik (Lesaka, Nafarroa, 1924-Donostia, 2013). Musikari eta konpositore ezaguna izan zen Euskal Herrian, eta hainbat lan garrantzitsu atera zituen: orkestrarako, pianorako, abesbatzarako, musika eszenikorako zein sinfonikorako. Aldaberen obra ezagunenetako bat interpretatuko du Euskadiko Orkestrak bere denboraldi berrian: Akelarre balleta (1986). Konpositoreari omenaldi gisan egin dute aukeraketa hori, eta balletaren zati bat aukeratu dute kontzertuetarako, Urtubiko dama deritzona. Bestalde, Gustav Mahler konpositore txekiarraren Bederatzigarren sinfonia ere joko dute orkestrako kideek. Robert Trebiñok egingo ditu zuzendari lanak.

Gaur izango da lehen kontzertua, Bilboko Euskalduna jauregian, 19:30ean —kontzertu guztiak ordu horretan izango dira—. Ondoren etorriko dira Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuak: irailaren 30ean, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan; urriaren 1ean eta 2an Donostiako Kursaalean, eta urriaren 4an Iruñeko Baluarten. Sarrerak Euskadiko Orkestraren webgunean daude salgai; 10 eta 40 euro arteko prezioa dute. Gasteizko Printzipal antzokia eraberritze lanengatik itxita dagoenez, orkestrak bere kontzertua Jesus Guridi kontserbatorioan emango du. Bertako auditoriuma txikiagoa izanik, ez dituzte sarrerak Internet bidez aldez aurretik salduko.

Denboraldi berrian, normalean parte hartzen duten musikariez gain, Euskal Herriko Gazte Orkestrako hamabi bat kide ere izango dituzte. Beste gonbidatu batzuk ere izango dira kontzertuetan: esaterako, Beatriz Arzamendi konpositorea, Suhar abesbatza —lehen aldiz arituko da —, eta Iruñeko Orfeoia —hirian emango duten kontzertuan bakarrik izango da—.

Pio Baroja abiapuntu

Aldabe 1980ko hamarkadaren erdialdean hasi zen Akelarre sortzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1986an, Aita Donostia eta Jesus Guridiren mendeurrenak ospatzeko obra bat konposatzeko proposamena egin zion. «Funtsean Euskal Herrikoa» zen obra bat sortzeko asmoarekin hasi zen konpositorea, eta Pio Baroja idazlearen Urtubiko dama nobelara (1916) jo zuen. Lanaren lehen bertsioa izan zen hura; batez ere orkestrarako egina. Barojaren heriotzaren 40. urteurrena —1996an— izan zen obra osatzeko inflexio puntua. Urte hartako abuztuaren 27an, Viktoria Eugenian estreinatu zuen gaur egun ezagutzen den bertsioa, aurretik zuenari abesbatza eta baritono bakarlari bat gehituta.

Kontzertuetan entzungai izango den zatia, balletaren 2. Euskal Rapsodiako Urtubiko dama izango da. Barojaren eleberriko gertakariak ditu oinarrian: Leonor Altzatekoa Miguel Matxainekin maiteminduta zegoen. Leonor sorginen batzarrera engainatuta eramango dute, Senpereko jauntxoaren seme gaztearen bikotekide izan zedin. Miguelek, ordea, jauntxoaren plan guztiak zapuztuko ditu, sorginen batzarreko buruzagi zen akerrari burua moztu ondoren. Maitasun agerraldia, Akerbeltzaren dantza, Akerbeltzaren gurtza, Xahar eta gazteen dantza, Ipurtargien ingurutxoa eta Euskal espirituen dantza piezak joko ditu Euskadiko Orkestrak.

Agur testamentua

Bederatzigarren sinfonia Mahlerrek sortutako azken obra izan zen, 1909an. Izan ere, handik urtebetera zendu zen, 50 urte zituela, bihotzeko gaixotasun bat zela medio. Bere bizitzako garai gogor batean hasi zen sinfonia idazten: 1907an, Vienako gorteko operako zuzendari izateari uko egin zion, prentsak haren kontrako kanpaina bat martxan jarri zuela eta. Hori gutxi ez, eta urte hartan 4 urteko alaba hil zitzaion, eskarlatina gaitzak jota. Handik gutxira diagnostikatu zioten konpositoreari bihotzeko gaixotasuna. Gerora, hainbat konpositore eta musikarik agur testamentutzat hartu zuten txekiarraren azken lana.

Mahlerrek bazekien laster hilko zela, eta hori Bederatzigarrenean islatu nahi izan zuen. Lau piezatan banatuta dago obra, eta lauretan utzi zituen bere egoeraren printzak. Lehen hiru ataletan, tonu maior eta minorren arteko jolasek, pianoari emandako protagonismoak eta abesbatzaren laguntzak konpositorearen bi munduen artera eramaten dute entzulea —heriotza eta bizirik egoteko nahia— . Laugarren atalak du erritmorik mantsoena. 25 minutu irauten du, eta partiturek hamasei orrialde dituzte. Atala amaituz joan ahala, musika isilduz joaten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.