Pascal Gaigneren bi lan estreinatuko ditu Euskadiko Orkestrak gaur

'Urrutiko arimak' eta 'Urruneko azalak' obrek osatzen dute diptikoa; pandemian idatziak dira. Hamar saio egingo ditu orkestrak, gaur hasita

Erredakzioa
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta azaroaren 4ra arte bere denboraldiko bigarren kontzertu programa aurkeztuko du Euskadiko Orkestrak Donostian (gaur eta bihar), Gasteizen (asteartean), Bilbon (asteazkenean) eta Iruñean (ostegunean). Egunero bi saio egingo ditu orkestrak (18:00etan eta 20:15ean), eta, horietako bakoitzean, programa jakin bat interpretatuko du, nahiz eta bi saioen artean lotura ezinbestekoak izango diren.

Izan ere, Pascal Gaigneren bi obra estreinatuko ditu Euskadiko Orkestrak kontzertuotan,Urrutiko arimak eta Urruneko azalak, eta eguneko saio bakoitzean horietako bat joko du orkestrak. Bi obrek, ordea, diptiko bat osatzen dute, eta elkarrekin joz gero, hirugarren bat sortzen dute.

Urruneko izakiak diptikoa pandemiak ekarri zituen ondorioetatik sortu zen. Hasieran, Euskadiko Orkestrak Hypnos variations triptikoaren bigarren zatia enkargatu zion Gaigneri—lehen obra 2016ko martxoan estreinatu zuten, Robert Treviñok orkestra lehenengoz zuzendu zuen kontzertuan—. Hipnos loaren jainkoaren mitoa jorratzen duen sorkuntza horretan, Gaignek gorazarre egin zion Mikel Laboaren «Lekeitioen mundu zirraragarri eta hipnotikoari». Nolanahi ere, pandemiak ekarri zituen murrizketak zirela-eta, Gaigneri eta Euskadiko Orkestrari iruditu zitzaien agian ezinezkoa izango zela orkestra handi bat agertokian biltzea; beraz, Gaignek konponbide bat proposatu zuen: bi obra idaztea, bata orkestrako musika tresnen erdietarako eta bestea orkestrako musika tresnen beste erdietarako, biak batera edo bakoitza bere aldetik jo zitezkeenak. Bi piezak gainjarri egin daitezke, eta, ondorioz, orkestra osorako den hirugarren obra bat sortzen dute.

Txaikovskiren 1. eta 3. sinfoniek osatuko dute Jaume Santonjak zuzenduko duen programa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.