Literatura

Pasazaite argitaletxeak jarduna etetea erabaki du hamar urteren ostean

Sare sozialen bidez eman du berria, eta adierazi arrazoi pertsonalak, familiarrak eta ekonomikoak tarteko hartu duela erabakia.

'Han ez banengo bezala' liburuaren aurkzpena, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2022ko ekainaren 29a
12:57
Entzun

Hamar urteko ibilbidea bete berri du Pasazaite liburuak argitaletxeak, eta urtemugarekin batera, bere jarduna etetea erabaki du, arrazoi pertsonalak, familiarrak eta ekonomikoak tarteko hartu du erabakia, azken hilabeteetan «ondo pentsatu ostean».

Hamar urteko ibilbidean, hamasei liburu plazaratu ditu. Duela bi aste argitaratu zuten azkena: Soniexka. Beste liburu bat ere maketatzen ari dira, irailean kaleratzeko asmoz; hori izango du azkena. Hala, urte amaieran itxiko ditu ateak argitaletxeak, eta azaldu du ordura arte liburuak banatzen jarraituko duela.

Xabier Queiruga editoreak eskerrak eman dizkie hamar urte hauetan alboan izandako guztiei. «Segi literaturaz gozatzen eta argitalpen eta kultura proiektuak eta liburu denda independenteak babesten. Gogor lan egiten dute indarra hartu eta aurrera jarraitzeko babesleku bat izan dezagun», jarri du Pasazaitek Twitterren.

Bidea

Nazioarteko literatura euskarara itzultzen oinarritu da Pasazaite argitaletxea, eta bidean hamahiru itzultzailek hartu dute parte. Besteak beste, Andrej Longoren Hamar (Josu Zabaleta Kortaberriak itzulia), Birgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko (Ainhoa Irazustabarrena Barriolak itzulia), Iolanda Zuñigaren Post-it bizitzak, David Foster Wallaceren Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (Danele Sarriugarte Mochalesek itzulia) eta Carson McCullersen Kafe tristearen balada Asun Garikano Iruretagoienak itzulia) argitaratu dituzte.

Argitaletxearen arabera, bi urtez «amets» bat izan zen proiektua, «Donostiako tabernaren bateko paperezko zapietan zirriborratutako zenbaki batzuk». 2011n egin zuen Queirugak urratsa, eta Pasazaite martxan jarri zuen. Hiru habetan oinarrituta egin du lan: «euskara, itzultzailea eta kalitate oneko literatura». Hamar urteko jardunaren ondoren amaituko du bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.