Egilea: Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'.
Argitaletxea: Elkar.
Pasadizo hitzak, aurreneko entzunaldian, garai bateko hizketa modua dakarkit gogora. Zehazkiago, Pernando Amezketarraren eskutik jaso nituen lezio landa giroan kokatu ez gutxitan sakonak. Jesus Mari Olaizola Txiliku-k (Zarautz, 1951) azpititulu horixe ipini die bilduma honetan bildutako kontakizun laburroi, pasadizoak. Baina bilduman baserri giroan kokaturikoek lekua baldin badute ere, oraingo istorioak dira batez ere nagusi. Gaur eguneko kontuak. Kalean, hirian, errepidean, atzerrian jazotako istorioak. Gure belaunaldikook (nire ingurukook?) pasadizo hitza ezagutu arren, pasadizoak kontatu baino, gauzak kontatzen dizkiogu elkarri. Finean, noski, izenak izen, kontatzearen ariketa betikoa eta berbera da. Autoreak berak adierazi zuen bere nahia zela ipuinok, behin irakurriak izan ostean, lagun artean kontatu eta zabal zitezela, ahozko bilakatuz idatzizkoa. Ez da helburu makala. Idatzitakoa ahoz ahokora pasatzea lortzea ez baita erraza. Ez da beti gertatzen paperekotik pasadizorako saltoa, eta ez zertan irakurritakoak kalitate eskasekoak direlako, baizik testu batzuen izatea ahozkoa baino paperezkoagoa dela iruditzen zaidalako.
Gauzak horrela, bi familiatan banatuko nituzke bertan leitutakoak. Batetik, entzungarri bihur daitezkeen narrazioak, eta, bestetik, papererako egokiagoak. Biak ere inguruko gertakizunetatik hartuak eta gero edertuak, puztuak edo bestelakotuak dirudite. Narratzaileak, lehenengo pertsona baliatuz, zera esango digu: entzundakoa, edo ezagun baten ezagunari entzundakoa dakarkigula. Hain gertukoa izan nahi du, etxekoei ere zuzentzen zaiela inoiz (Txakurra deiturikoan, argibideak ematen dizkie etxekoei). Beharbada ez dugu sinesten hala gertatu zenik, ezta berari jazo zitzaionik, baina entzun nahi ditugu, kontalariaren graziak hartara eramanda. Horretan asmatu baitu. Badira samurtasuna, ironia eta umorea ukitu duten kontaketak. Absurdorako joerak irribarreak atera dizkit. Bada aukera gogoetarako (gauzen izaera aldakorraz, esatera). Bada orain arte eredutzat izan diren fikziozko pertsonaien kritika ere (printzesa tuntuna). Liburuko gauza onenetakoa baserri eta landa giroko erretratuak dira. Amona kontari jarri zaigun orduko, hurbilekoaren indarrak zipriztindu gaitu, eta orduan bai hartu indarra pasadizoak. Eta Txilikutarrak ere agertu! Autorearen beraren familia edo narratzailearen trikimailua? Kezkak ez dit loa galarazi. Pasadizoa kontatzen digunari egia eske hastea bezain grazi gutxikoa litzateke.
Bigarrenez, pasadizo baino narrazio eite handiagoa duten kontakizunak bereiziko nituzke, pasadizo gisa konta daitezkeenak, noski, baina irakurtzeko egokiago, atsegingarriago direlako irudipenaz. Esaldi laburrak eta elkarrizketak txertatuagatik ere, prosa tipografikoki moztuagatik ere eta erritmoa bizkortu, paperezko. Eta ez horregatik kaskarrago. Ederki emandakoak batzuk (Errun ezin zuen oilanda). Giro sortzaile onak beste batzuk, baina garapen faltan ipuin on baten promesa utzi dutenak atzean ((In) Felis Catus). Azken horiek berrartu etabesteen mailara jartzea luke eskakizun irakurleak. Besteen maila orokorra txukuna baita, elkarrizketak txertatzeko duen abilezia eta idazteko zehaztasun, gardentasun eta korapilorik gabeaz. Pasadizo horiek egilea hasieran baino gehiago ezagutzen duzulako sentipena uzten dutelakoan nago, narratzailea eta idazlea artez nahasten dizkiguten okasioetan gertatu bezala. Gozatu dut idatzitakoekin, eta ahozkora pasatuko ote ditudan ardura handirik gabe, gainera, daudenean ere, atsegingarri daude eta.
Literatura. 'BIZIEN GAUBEILAN'
Pasadizoak eta paperekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu