Parisen kontzertu bat daukat. Ez luke horrela izan beharko, baina beste kontzertu batzuek baino ilusio handiagoa egiten dit. Egun bat lehenago noa, eta kontzertua eman eta gero, egun bat geratzen naiz bertan, hiria ikusten. Noski, nire poltsikotik ateratzen da hori, baina gustura egingo dut gastua; gainera, mutila dator oraingo honetan.
Notre-Damera goaz. Usoak bezalakoak gara turistak, dena okupatzen dugu. Hala ere, edertasuna ikus daiteke edonon. Berde ilun polit batez daude margotuta kioskoak, denda asko, farolak… Paris berdea izena duela ikusten dugu Interneten. Leihoak oso bertikalak dira, sabaiak altuak. Sena ondoan dauden belar zati eguzkitsuetan berriro gizaki-usoa taldean pilaturik.
Hurrengo egunean, aretorantz goaz soinu proba egitera. Aretoa, dirudienez, itsasontzi bat da. Txikia, baina barruan taberna bat, areto bat eta kamerinoak gordetzen dituena. Kamerinoa beste taldeekin partekatu behar dut.
Denbora pasatu ahala, mareatzen hasten naiz itsasontziaren kadentziarekin. Asko afaltzen dugu, dena den, eta ondo datorkidala sentitzen dut. Ni hasten naiz. Atera baino lehen, kontzertu hau lotu didan promotore frantziarra nirekin dago hitz egiten. «Ez da konturatuko agian minutu batzuk bakarrik nahi ditudala?», pentsatzen dut. Horretarako ere, atsegina baina zorrotza izateko modu bat topatu beharko dut. Ateratzen naiz agertokira.
Gainezka dago, eta nire harridurarako, berotasunez jasotzen naute. Neska talde bat dago abestiak dakizkiena. Giroa ikusita, jendearen artean abesten dut azken abestia. Oso pozik bukatzen dut kontzertua.
Kamerinora noa, eta beste bi taldetakoak daude. Daniela Pes hurbiltzen zait, eskua estutzen dit. «Congratulations» begietara begiratzen, oso serio «beautiful show». Gustatzen zait eskua ematea.
Beste taldekoek ere urrunetik zoriontzen naute, Clarissa Conelly-k izan ezik, beste taldeko protagonistak. Zorte ona desiratzen diot irribarretsu, eta ez dit kasurik egiten. Tira, kamerinoan denak elkarrekin egoteak molestatuko diola pentsatzen dut. Ateratzen dira jotzera, eta ni aldatzen naiz, haien kontzertua ikusteko, poz-pozik.