Jone Laspiur: «Beldurra ematen dit alderdiren batetik herren geratzeak»
Bere ibilbide laburrean, arte diziplina asko jorratu ditu Jone Laspiurrek (Donostia, 1995). Artista, aktorea eta Nakar taldeko abeslaria da, besteak beste. Juan Kruz Igerabidek egin dizkio galderak.
Arreta piztu dit zure ibilbidean horrenbeste alor uztartu izanak: antzerkia, arte plastikoa, musika… Ez da oso ohikoa. Badirudi esperientzia estetiko edo artistiko global batetik zatozela.
Bitxia da. Nik uste dut zerikusia duela umetatik egin izan ditudan gauzekin: etxean asko sustatu izan didate sorkuntza. Aita artista plastikoa da, eta ama, irakaslea. Amaraberri eskola modeloan ikasi nuen, eta asko sustatu zizkiguten askotariko arte diziplinak. Beti izan dira nire alderdi presente bat. Hasieran, baina, asko sufritzen nuen oholtza gainean. Oroitzen dut behin aitari esan niola sekulako tripako minak neuzkala, eta hala ikasi nuela urduritasuna zer zen.
Gerora, baina, ez duzu diziplina bakarra aukeratu.
Egia esan, askotan, beldurra ematen dit alderdiren batetik herren geratzeak edo bidean gauzak galtzeak. Arte ederrak pixka bat utzita dauzkat, eta horrek min ematen dit. Azken urteetan, esaterako, zinemak asko jan dit, zentzu onenean, baina saiatzen naiz guztiak orekatzen.
Haurtzaroaz hitz egin duzu. Bizipen jakin batek eraman zaitu zure bidea hartzera?
Oso pertsona urduria naiz; asko kostatzen zait geldirik egotea. Egin izan dut lan arte galeria batean edo bulego batean, baina ez da nire lekua. Mugimendua behar dut: sartu, atera, mugitu…
Askotan bizitzako kolpe eta krisiek eramaten gaituzte artearen alor jakin bat jorratzera; beste kasu batzuetan, sariek bultzada bat ematen dute; baina, beste batzuetan, bultzada horiek oztopo ere bihurtzen dira. Bizi izan duzu halakorik?
Ausartuko nintzateke esatera Goya saria jaso nuenetik krisi batean sartuta egon naizela. Krisia aldaketa gisa ulertuta, noski. Nire bizitza guztiz aldatu zuen sari horrek: ikusgaitasun handia eman zidan, baita jendeak nirekiko espektatiba batzuk izatea ere. Orain hasi naiz pixkanaka nire lekua aurkitzen. Funtsezkoa izan da gogoeta egiteko, eta nolakoa izan nahi dudan jakiteko. Musikak, esaterako, eman dit oinarri bat; arnasgune bat izan da.
Artea eta gizarte kritika oso lotuta doaz zure ibilbidean. Artea borroka mota gisa bizi duzu? Eta jolasak zer leku hartzen du?
Hasieran, artea gizartea eraldatzeko tresna bat zela iruditzen zitzaidan. Orain, baina, asko estimatzen ditut edertasuna edertasunagatik egiten dutenak. Uste dut arteak denetarako aukera ematen duela: oreka bat bilatzean dago gakoa.
JONE LASPIURREN GOMENDIOAK
Juan Kruz Igerabide: «Gozamenak eraman ninduen haurrentzako lanak idaztera»
Maiatzean plazaratu zuen bere lanik berriena Juan Kruz Igerabidek (Aduna, Gipuzkoa, 1956): Ura saltoka. Helduentzako eta haur eta gazteentzako lanak idatzi izan ditu bere ibilbidean, baita sari ugari jaso ere. Jone Laspiurrek egin dizkio galderak.
Aitortu behar dizut ez dauzkadala irakurrita zure liburuak. Baina informatzen ibili naiz, eta ikusi dut helduentzat idazten hasi zinela lehenengo, eta ondoren ekin zeniola haurrentzat idazteari. Zerk eraman zintuen horretara?
Nik nerabezarotik idazten nuen, helduentzat. Baina, aldi berean, maisua ere banintzen. Material gutxi zegoenez, nire ikasleentzako ipuinak-eta asmatzen hasi nintzen, eta, pixkanaka, harrapatu egin ninduen. Esperientzia horrek bultzatuta hasi nintzen umeentzako lanak plazaratzen. Gozamen hutsetik etorri zen; gozamenak berak eraman ninduen horretara.
Uste dut zen filosofiak eta Ekialdeko filosofiak dezente interesatzen zaituztela. Zer lotura dauka horrek zure literaturarekin?
21 urte nituenetik egin izan ditut yoga, meditazioa eta horrelakoak, begetarianoa izan naiz urte askotan, mugimendu ekologistetan parte hartu izan dut... Eta, horrek, nola ez, oihartzun bat izan du nire literaturan, baina ez naiz inoiz hori predikatzera joan. Horretan saiatu naiz, behintzat.
Aurretik egin didazun galderaren harira, uste duzu mundua hobetu daitekeela egiten duzunarekin? Nondik egiten duzu egiten duzuna?
Argitaratzen hasi aurretik, askotan idatzi nuen niretzat, nire burua argitzeko. Baina, agian, beste norbaiti komunikatzea ere garrantzitsua da, ez? Txalupa horretan kulunkan ibili izan naiz beti. Mundua ez dugu aldatuko, baina bai eraldatu. Sortu dugun mundua kultura batetik dator, eta, bide horretan, artea oso garrantzitsua izan da.
Beste arte praktika batzuekin lan egitekotan, zein aukeratuko zenuke?
Arte plastikoekin oso gustura aritu izan naiz, oso elkarrizketa libreak dira. Musikarekin ere harreman handia izan dut. Baina, egia esan, pena dut antzerkiarekin harreman gehiago eduki ez izanaz. Noizbait kolaboratu izan dut, baina antzezlanaren ikuspegi orokor bat ez daukat.
JUAN KRUZ IGERABIDEREN GOMENDIOAK: