Durangoko 58. Azoka

Parez pare galdezka: Maddi Goikoetxea eta Patxi Zubizarreta

(ID_13409159) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2023-12-07, Durango. 58
Maddi Goikoetxea eta Patxi Zubizarreta, atzo, Durangoko Landako gunearen kanpoaldean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Durango
2023ko abenduaren 8a
05:10
Entzun

Maddi Goikoetxea: «Ez naiz genero bakarrarekin identifikatzen; mugatu egiten du»

Maddi Goikoetxeak (Donostia, 1994) ekainean kaleratu zuen lehen liburua: Ura jaten. Susako Ganbila liburu sailean publikatu du, eta euskal antzerkigintzaren egungo egoera aztertu. Patxi Zubizarretak egin dizkio galderak.

Norberaren prozesu pertsonalean, antzerkia izan daiteke askabide, gizarte berri bat amesteko aukera… Zer dakar antzerkiak pertsona baten bizitzan?

Niri dagokidanez, intuitiboki aukeratutako zerbait izan da. Txikitan hasi nintzen, oso kontziente izan gabe, baina banekien zerbait eragiten zidala eta laguntzen zidala. Nire barne munduan murgiltzeko eta hori islatzeko eta kanalizatzeko modu bat zen antzerkia. Gerora, hori garatuz joan naiz, eta, oraintxe bertan, ez nabil antzezten, baina konturatu naiz antzerkiak eragin dezakeela zerbait emaitza bera asko gainditzen duena. Hau da, niri prozesua bera interesatzen zait, eta ez horrenbeste amaierako emaitza.

Irakurri izan dut literatur generoak generoka banatu daitezkeela: prosa maskulinoa da; poesia, femeninoa; eta antzerkia, neutroa. Halako sailkapen batek zer eragiten dizu?

Guztiz arrotza egiten zait, eta sentitzen dut batzuetan, oraindik ere, nahiko zaharkituta dagoen gizarte batean bizi garela. Antzua da sailkapen hori, eta uste dut askoz ere aberasgarriagoa izango litzatekeela banaketa horiek apurtuko bagenitu. Nik orain dela gutxi eman diot neure buruari nahi dudan moduan idazteko askatasuna: ez naiz genero bakarrarekin identifikatzen; mugatu egiten du, eta askoz ere askeago sentitzen naiz orain.

Aurreko batean, There Is No Evil filma ikusi nuen, eta eszena batzuetan iruditu zitzaidan antzezlan bat ikusten ari nintzela. Istorio bat daukazunean, nola baloratzen duzu antzerki bat, ipuin bat, saiakera bat… egitea? 

Prozesu hori guztiz magikoa da. Ez dut nik erabakitzen, prozesu misteriotsua da. Ez da zerbait neurtua edo arrazionala nire kasuan. Oraintxe idazten ari naizen nobelari dagokionez, adibidez, aitaren argazki bat aurkitu nuen gelan, eta igeri egiten ari nintzela bururatu zitzaidan izenburua, nahi gabe.

Sorkuntza maila ederra du gure kulturak, baina irakurlea galdu dugu. Antzerkian ere, halako zerbait gertatzen ari da? Zer egin beharko litzateke?

Ikuslearen konplizitatea erdi galduta dagoela uste dut; guztiz pasiboa da ikuslearen rola, eta ez dago inolako feedbackik haren eta sortzailearen artean. Uste dut bultzatu behar dela ikusle aktiboago bat. Antzokietan, formatua aldatu beharko litzateke: obra amaitu, eta sortzailea ikuslearengana hurbildu beharko litzateke, galderak egiteko, hausnarketak partekatzeko…

MADDI GOIKOETXEAREN GOMENDIOAK

 

Patxi Zubizarreta: «Nobela bat ondo egin izanak ez du esan nahi hurrengoak ere hala aterako direnik»

Azaroan plazaratu du Patxi Zubizarretak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) Loak ezkutatzen duena lana. Haur eta gazte literaturako Euskadi saria ere jaso du aurten, Zerria lanagatik. Maddi Goikoetxeak egin dizkio galderak.

Eleberria eta narrazioa idatzi dituzu batez ere, baina kritika askotan oso poetikotzat hartzen dute zure lana, nahiz eta inoiz poesiarik ez argitaratu. Zuretzat zer da poetikotasuna?

Uste dut, oro har, bizitza despoetizatu egin dugula, eta oso pertsona pragmatikoak bihurtu garela. Gure ezjakintasunetatik, beldurretatik… sortu zen literatura, eta, egun, badirudi zientziak galdera guztiak erantzun dizkigula. Baina ez da hala. Poesia ez dago soilik poesia liburuetan: komuneko grafitietan dago, supermerkatuetako ilaretan… Nire kasuan, beti izan dut narratibarako joera, beharbada nire hezkuntza estetiko urriaren ondorioz.

Asko idatzi izan duzu haur eta nerabeentzat. Nola lortu duzu haien begiradan jartzea? 

Pentsatzen nuen ezingo nuela haurrentzat idatzi aita izan arte. Gerora, baina, nire gabezia fisikoetatik eta linguistikoetatik abiatu nintzen. Haurtzaroan euskara galdu nuen, eta, hura berrikasteko, haur literatura irakurtzeak lagundu zidan, baita ni izan nintzen umeak ere. Bizitzak geruza asko jartzen dizkigu gainean, eta haur hori, ahots hori, estali egiten dugu. Nire semeen bitartez ere topatzen dut nire ahots hori.

Zure lan ildoarekin guztiz apurtzailea den zerbait egingo zenuke?

Kazetaritza lan batzuek erakartzen naute. Batez ere, bidaiekin lotuta daudenek: korrespontsal izatea, adibidez, gure kulturarekin zerikusirik ez duen herrialderen batean. Hasiera berri bat sentitzea. Egia esan, edozein proiekturekin hasten naizenean sentitzen dut hasiera berri bat, eta gustatzen zait. Izan ere, nobela bat ondo egin izanak ez du esan nahi hurrengoak ere hala aterako direnik. Beti dago ziurgabetasun hori.

Idazle gisa, zein izango litzateke egoerarik idealena zuretzat?

Duela gutxi Augustin Zubikarai beka irabazi nuen, 6.000 euroko saria. Pozgarria da, baina ia 60 urterekin beketara aurkezten jarraitu behar dut? Niretzat, dirua zoragarria izango litzateke ez balitz kezkatzeko motiboa, eta kezkatzekoa da. Era berean, beketako epeek autodiziplina zorrotzera eramaten gaituzte.

patxi zubizarretaren gomendioak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.