Ane Labaka: «Amorrua ematen dit sortzaileen insomnioa idealizatzeak»
Raquel Samitier ilustratzailearekin batera ondu du Murmur (Erein) bere literatur lan berriena Ane Labaka Maiozek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992). Halaber, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean kantatzear da.
Emakume gazteok maiz pairatu behar izan duzuen gaitza da aitakeria. Zure ustez, azken hamar urteotan hobera egin du egoerak?
Zaila da erantzuten, zaila delako kuantifikatzen. Baina esango nuke oraindik oso presente dagoela. Aitakeriaren ifrentzua infantilizatzea da, eta oraindik asko sufritzen dugu hori ere. Batetik, ustezko asmo oneko aholku asko jasotzen ditugulako; eta, bestetik, neska gazteek nire ustez lan oso onak publikatu dituztenean, etorkizuneko promesa modura hartu izan direlako. «Noizbait oso idazle ona izango da» esatea, obra horiei bere horretan duten balioa ez aitortzea, eta osatu gabeko zerbait balitz bezala hartzea ere aitakeriarekin lotzen dut nik.
Esan daiteke lan kolektiboak asko markatu duela orain arteko zure sorkuntza lana. Inguruan hainbeste konplize izan ez bazenitu, zertan zatekeen diferentea zure orain arteko sorkuntza emaria?
Bertsogintzan oso-oso gazte hasi ginen gure artean saretzen, eta ikusten dut sare horiek literaturara edo kultur mundura ere zabaldu direla. Botere eta jakituria transferentzia orain beste modu batean gertatzen dela ere iruditzen zait. Nik hori jaso dut konplize ditudanengandik, eta esango nuke ez dudala uste hainbeste gauza egitera ausartuko nintzatekeenik sare hori izan ez banu. Hori gabe askoz hotzagoa eta zailagoa izango litzateke bidea.
ane labakaren gomendioak
Mejillon Tigreren fanzinea. Mejillon Tigre (autoekoizpena)
'Puf'. Alaia Martin eta Udane Ansa (1545)
Puntuazioaren arabera bigarren eginda sailkatu zara Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako. Nola kudeatzen da presio hori, nola lortzen da gauean loak hartzea?
Bigarren sailkatze horrek balio duena balio du, ze gero hutsetik hasiko da finala eta ez dut uste begi gehiago egongo denik nire gainean... Baina presioa bai, eta ez daukat aholku magikorik kudeatzeko, are gutxiago lotarako. Amorru handia ematen dit, gainera, sortzaileen insomnioa idealizatzeak. Burua argi dudanean, ondo deskantsatuta nagoenean egiten dut ondoen bertsotan, idazten dut ondoen.
Ernestina Champourcin saria irabazi ostean, hurrengoa poema liburua omen duzu. Baina nobela bat idazteko beka ere jaso zenuen. Nola dago nobelaren kontua?
Nahiago dut ez begiratu duela zenbat urte jaso nuen! Nire ordenagailuko word batean dago, ez dakit zenbatgarren bertsioan. Literaturako eta bizitzako beste gauza asko tartekatu zaizkit, eta ezin izan diot heldu, baina badaukat asmoa. Poesia ez dut aurrez sekula idatzi, baina erditze ostean, momentuak eta gorputzak beste modu batean sortzeko eskatzen zidaten, eta hortik iritsi da poesia.
Josu Landa: «Zenbat eta egitasmo outsider gehiago egon, hobe»
Hamaika zereginetan ibilia da eta ibiltzen da Josu Landa Ijurko (Altza, Gipuzkoa, 1960); informatika lanetan, idazten, itzultzen. Susa argitaletxearen sortzaileetako bat ere bada.
Itzultzaile moduan, zein liburu ekarriko zenituzke euskarara?
Ez dakit. Nik pultsioz funtzionatzen dut, eta egin izan ditudan itzulpenak ez dira izan horren beharra ikusten nuelako. Niretzat, itzulpena bizio pertsonala da, eta esango nuke, oro har, itzulpengintzaren osasun egoera oso-oso ona dela gaur: asko jasotzen dugu hari esker. Badaude bi datu tristagarriak: Pasazaite argitaletxearen desagerpena eta Igelak argitaletxe independente izateari utzi izana. Uste dut halako egitasmo outsider-ak egotea oso onuragarria dela. Zenbat eta gehiago egon, hobe.
Azokako beterano moduan, ze bilakaera izan duela esango zenuke?
Eskerrik asko beteranoaren eufemismoagatik... [barreak]. Nire ikuspegia oso partziala da; praktikan, azkenengo urte askotan, Durangoko Azokara opor egun batzuk pasatzera etortzen naiz ni. Beterano bezala, niretzat inflexio puntu handi bat egon zen, Ahotsenearen sorrera. Urteekin gero eta areago, lortu du Durangoko Azoka beste zerbait izatea, merkatu hutsaz aparte.
Eta gero, inpresioa daukat azken urteetako zuzendaritzak, urtetik urtera, aportazio interesgarriak egin dituela, eta badagoela sentiberatasun bat jendearekiko. Horren kasu adierazlea da aurten muntatu duten Elkartasun Kutxa.
josu landaren gomendioak
'Politeismo bastarta'. Jule Goikoetxea (Susa)
'Lore eta laban'. Nakar (Balio Dute)
Susa argitaletxeko kide moduan, nola ikusten duzu euskal literatura, oro har? Ekoizpena, harrera, irakurleak...
Nik literatura irakurle bezala ikusten dut, Susatik aparte. Eta irakurle bezala, izugarri gozatzeko esparru bat da niretzat. Alegia, beteranoak garenok badakigu nondik gatozen, eta niri duela 30 urte esan izan balidate gaur egun irakurtzen ahal ditudan gauza zoragarriak irakurri ahalko nituela, ez nuke sinistuko.
Gizon kulturgile moduan, nola bizi duzu feminismoak euskal kulturan ere eragin duen astindua?
Ba, batez ere esker onez. Ezkerreko ikuspegi batetik, azkenengo hamarkadetan egon diren aportazio ideologiko interesgarrien %90etik gora feminismoaren lubakietatik etorri dira, nik hala bizi izan dut. Eta orduan, niretzat pertsonalki oso fuertea izan da. Uste dut pertsona hobea naizela... asko behartu nau hobetzen saiatzera.