Ainhoa Gutierrez del Pozo: «Bide bat hasteko balio izan zidan hori zalantzan jartzen dut orain»
Ainhoa Gutierrez del Pozo zinemagileak (Donostia, 1994) Pizti bat agian filma estreinatu berri du; Olatz Gonzalez Abrisketarekin batera ondu du lan berria.
Zazpigarren artean murgilduta zabiltza, eta, oker ez banago, dokumentalen generoan gehienbat. Zergatik hautu hori?
Arte Ederrak ikasi nituenean, egin nahi genuenaren arabera aukeratzen genuen euskarria. Momentu batean, behar handia sentitu nuen errealitatera gerturatzeko, eta agian orain ez dut berdin pentsatzen, baina orduan nire helburua zen saiatzea erregistratzen errealitatea kasik zen bezala. Uste dut denborarekin konturatu naizela hori ez dela horrela eta, horregatik, pixkanaka utzi diodala neure buruari fikziora gerturatzen. Orain zientzia fikziozko lan bat idazten ari naiz, pixka bat kolokan jartzeko zer den errealitatea, zer ez... Eta garai batean bide bat hasteko balio izan zidana orain zalantzan jartzen dut.
Zure lanek zuzeneko harremana dute izadiarekin. Zer azpimarratzea interesatzen zaizu bereziki? Alde ekologista bat? Alde antropologiko bat?
Uste dut beti gerturatzen naizela grabatzera erakartzen nauten bizimodu batzuk; tarte batez han nago, pertsona batzuekin, eta horrek uzten dit aldi batez bizitzen erakargarri zaizkidan bizitza batzuk. Bestalde, izadiari lotuta, uste dut askotan gizakiok animaliak epaitzen ditugula gure moralaren arabera, eta interesatzen zait zalantzan jartzea haiekiko dugun begirada hori.
Uste dut lanean zabiltzala Abaño 2086 proiektuan, eta zientzia ez-fikzioa dela. Zer film mota da?
Idazten ari naizen proiektu bat da, zientzia fikzio edo ez-fikziozkoa. Etorkizunean kokatzen den errealitate bat da; tokia erreala da, Urumea bailara, baina denbora desplazatuta dago. Eta hor jolas bat dago errealitatearen, orainaren eta etorkizunaren artean.
Galdetu nahi nizun zein diren, baldin badituzu, zure erreferenteak...
Uste dut aldi bakoitzean desberdinak izan ditudala. Pizti bat agian filmarekin, Ezequiel Yancoren La vida en común izan nuen buruan. Beste bat Elena Lopez Rieraren Las vísceras izan liteke, baita Maddi Barberren 592 metroz goiti ere.
Miren Agur Meabe: «Hitzak esanahi zehatza duela uste dugu, baina ez da guztiz hala»
Eleberriak, narrazioak eta poema liburuak eman ditu urteotan Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Itzulerak (Elkar) nobela du lanik berriena.
Egoera berezi batean elkartu gara; azoka giroan, elkar ezagutu gabe, galderak elkarri egiteko proposamenarekin... Eta galdetu nahi nizun ea nola bizi duzun zuk ariketa hau.
Proposamena iritsi zitzaidanean, pixka bat alertan jarri nintzen, ze ni ez naiz inprobisatzeko pertsona, esan beharrekoa aurrez ondo pentsatzea gustatzen zait. Baina jakin nuenean zeu zinela [bikotekidea], zinemagile gazte bat, esan nuen: «Seguru beregandik ikasiko dudala zerbait eta interesgarria izango dela elkar ezagutzea». Horregatik esan nuen baietz.
Batzuetan, beste diziplina batzuetako gauzek inspiratzen gaituzte, edo ez... Eta nire bigarren galdera da ea zein harreman duzun zuk zinemarekin.
Zinema kontsumitzaile arrunta naiz, ez ditut arte horri dagozkion zirrikituak kontrolatzen. Baina tokatu izan zait zinemari lotutako lanen bat egitea, eta asko erakartzen naute halakoek. Adibidez, orain urte batzuk Forugh Farrokhzad poeta irandarraren Etxea beltza da filma aurkeztu nuen Tabakaleran, nik bere poesia itzulita neukalako, eta orain eskatu didate Marguerite Durasen film bat aurkezteko. Baina ez dut harreman artistikorik diziplinarekin, ez bada puntuala.
Iruditzen zait, nire lanetan zalantzatik gehiago abiatzen naizela baieztapenetik baino, eta hitzak, aldiz, esanahi zehatza duela. Eta jakin nahi nuen nola egiten diozun aurre hitzaren zehaztasun horri.
A priori, iruditzen zaigu hitzak baduela esanahi zehatza, baina ez da %100 horrela. Niri, sortzaile gisa, hitza topatzea zaila egiten zait. Baina gero dago ea nola hartuko duen bere esperientziatik beste aldean dagoenak nik asmo jakin batekin erabili dudan hitza. Beraz, inoiz ez dut erabateko ziurtasunik hitz egokia aukeratu dudan edo hitz hori benetan zehatza den.
Uste dut lortu duzula idazteko toki bat, lehen pertsona hori, izan fikzioa edo zerbait erreferentzialagoa, oso zilegi dena, moduren batean esperientziak zeharkatzen duelako. Eta galdetu nahi nizun ea zure ustez zilegitasun horrek badituen mugak...
Uste dut oinarrizko printzipioa, edozein artetan, askatasuna izan behar dela. Baina plano horretatik harago, bakoitzaren balio eskalan intimitatea eta errespetua zein tokitan dauden, horrek badu eragina gauzak kontatzeko. Beraz, nik uste dut, printzipioz, libre naizela edozer adierazteko, baina ez dut edozer adieraziko, alarma gorria piztuta eduki nahi dudalako inor ez mintzeko, adibidez.