Lide Hernando: «Berria haustera dator, eta hori ona da kulturaren garapenerako»
Lide Hernandok (Donostia, 1991) iaz argitaratu zuen bere lehen nobela —Izotz ura (Susa)—, baina, oro har, musikaren alorrean topatuko du azokan bisitariak. Bele proiektuarekin dabil orain; otsailean eman zuen Herrari (Bidean Produkzioak) lehen diskoa.
Musikaria idazle, baina idazlea musikari. Nola uztartzen dituzu bi gurariak?
Normalean prosaz askoz errazago adierazten dut neure burua abestietako hitzetan baino; abestiak oso mugatuak iruditzen zaizkit kontatu nahi dudan guztia kontatzeko. Kaiola batean idaztea bezala da; batzuetan, lehenengo prosan idatzi behar izaten dut, eta gero joan geruzak kentzen. Oraintxe bertan eduki ditzaket sei abesti hitzik gabe, eta hor daude pixka bat zain hitzak noiz bururatuko. Saiatzen naiz, ia beti, abesti bat ez xahutzen edozein letrarekin.
Irudiaren aroan ei gaude: bideoklipak, sare sozialak... Zuretzat garrantzia duen aldea da edo azaleko gauzak dira?
Musikan hasi nintzenean, arrotza egiten zitzaidan, bai, baina, gero, nahiko azkar onartu nuen horrek ez duela zertan nire aurka jo, eta baliatu dezakedala. Bele proiektuarekin, adibidez, nahiko kontziente landu ditut hasieratik musika eta irudiaren alde hori; hasieratik erabaki nuen morez joango ginela, adibidez. Hala ere, egia da batzuetan emakume izateagatik-edo, bortitza ere izan daitekeela irudiarena, gorputza jarri behar duzulako eszenatokian...
Zein zentzutan bortitza?
Ba nahiz eta denok orain oso feminista garela iruditu, nahi gabe sartzen zara zeure burua objektibizatzera, edo objektibizatzen zaituzte, nahiz eta zuk mezu garbi bat bidali nahi izan duzun, baina ez da ikusten. Horrekin buruhausteak eduki ditut, bai. Dena den, saiatzen naiz iparra ez galtzen: musika da garrantzitsuena.
LIDE HERNANDOREN GOMENDIOAK
'Zainak eman'. Olatz Salvador (Balaunka).
'Orube'. Izaki Gardenak (Alde Iluna).
Musikaren eszena aldatzen ari dira hainbat aldetatik. Nola bizi dituzu ustezko berrikuntza horiek zuk?
Batez ere pandemia ostetik, gero eta kontzienteago nahiz datozen berriei atentzioa jarri behar diegula. Berria askotan haustera dator, eta hori kulturaren garapenerako ona da. Eta, gero, ba ikusiko da. Chill Mafia indarrez etorri zen, eta ja utziko du —zaplazteko doblea!—, baina etorri zen zerbait esatera, eta interesgarria izan da. Gauza horiei burua irekita begiratzea oso ona da.
Taldean ala bakarrik?
Biak! Bakoitzak ditu bere gauzak. Taldean lana banatzen duzu. Ni, orain, adibidez azokan bakarrik nago, eta sekulako esfortzua da. Bakarrik egoteak sekulako askatasuna dakar, baina motibazioaren zama guztia ere zuk eraman behar duzu, eta orain ari naiz konturatzen hori batzuetan zein zaila den.
Adur Larrea: «Gustatzen zait eskuaren atzean egileak zer daukan ikustea»
Adur Larrea ilustratzailea (Bilbo, 1982) Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira liburuarekin heldu da aurten azokara. Gorka Bereziartuarekin batera ondu, eta Argia-k argitaratu du.
Zergatik egin zinen ilustratzaile? Nola piztu zitzaizun harra?
Ez dago momentu bat, esaten den bezala, zalditik erori eta konturatzen zarena hori egin nahi duzula. Nik beti marraztu izan dut, haur gehienek moduan; gero, batzuek uzten dute, eta nik segitu nuen, maite nuen. Egia da gure garaian bazela publikatzeko aukera fanzineetan, aldizkarietan, posterretan... horrekin trebatu, eta gero ikasketa batzuk egin nituen. Telebistan animazioan hasi nintzen eta, joan-etorriekin, konturatzerako, horretan ari nintzen.
Ilustratzaileek askotan bikotean egiten duzue lan komikiak, album ilustratuak sortzeko. Emaitza hobeak ateratzen dira horrela?
Bada denetarik. Nik egin izan ditut bakarrik, bikotean, proiektu zabalagoen barruan.... Baina egia da niri bakarrik aritzea gustatzen zaidala, egilearen pentsamendua ere ager dadin, ez bakarrik eskua; eskuaren atzean egileak zer daukan ikustea ere gustatzen zait.
Eta erraza izaten da bi sormen munduren artean gauzak adostea?
Nik zortea izan dut horretan. Baina esango nuke, normalean, harreman naturaletatik ateratzen direla halako lanak.
adur larrearen gomendioak
'Gazako egunerokoa'. Atef Abuf Saif (Berria, Jakin, Elkar).
'Ele eta hitz'. Jose Angel Irigarai (Pamiela).
Komikigintzan nola ikusten da hizkuntzaren auzia?
Tira. Gure herrian badugu zorte handi bat: komikigintzan baditugu egile oso onak, eta asko euskaraz ari dira lanean, ez bakarrik marrazkilariak. Alde horretatik, uste dut ondo gaudela. Eta badugu beste zorte handi bat ere: Xabiroi aldizkaria. Nahiz eta lauhilekoa izan, oso aldizkari profesionala da, nire ustez, eta hortik ateratzen den uzta kalitate handikoa da.
Bukatzeko, nola bizi duzu adimen artifizialaren intrusismoa zuen gremioan? Egunerokoan antzematen duzuen zerbait da?
Ez nuke esango... edo agian emaitza hain da perfektua ez dudala nabaritzen! [barreak biek]. Ez zait iruditzen momentuko mehatxu bat denik gurean. Soldata apalak, kontraturik ezak, baldintza eskasak, denbora murritzak... adimen artifiziala baino mehatxu larriagoa da hori, gure baldintzak ez direlako onak normalean.