Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Parekatu ez diren ehuneko batzuk

2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusiaz geroztik, inoiz baino aurpegi berri gehiago izan dira aurtengo sariketan; guztira, hamabost. Ordea, badira datu batzuk erakusten dutenak aldaketa gertatu den arren oraindik ez dela lortu sexuen arteko orekarik.

Hiru emakumezko eta hiru gizonezko oholtzan. Era berean, Txapelketa Nagusian lehen aldiz kantatu duten bi bertsolari. BOB EDME.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Asteburu honetan jokatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken bi final-laurdenak. Gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta bihar, berriz, Lizarrako Los Llanos aretoan (Nafarroa). Horrenbestez, biharko saioaren ondotik jakingo da, puntuazioaren arabera, zein bertsolari izango diren finalaurrekoetara pasatuko direnak. Gaur-gaurkoz, jakinak dira hurrengo fasera salto egingo duten lau bertsolariren izenak: Alaia Martin, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika.

Gaurko eta biharko saioetan, orain arteko saioetan baino aurpegi berri gehiago izango dira oholtza gainean. Denera, sei: gaur, Aitor Etxebarriazarraga eta Eñaut Martikorena; eta, igandean, berriz, Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria eta Maialen Akizu. Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz kantatuko dute, beraz, sei bertsolari horiek.

Izan ere, 2001etik, inoiz baino bertsolari berri gehiagok hartu du parte Bertsolari Txapelketa Nagusian. 2001ean eta 2005ean hamahiru izan ziren aurpegi berriak, 11 izan dira gainontzekoetan, eta aurten, berriz, hamabost dira, denera: Peru Abarrategi, Gorka Pagonabarraga, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza, Ane Labaka, Patxi Iriart, Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Aitor Etxebarriazarraga, Eñaut Martikorena, Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria eta Maialen Akizu. Xabier Silveiraren ordez, gainera, Xabat Illarregik ere lehenengoz kantatu du final-laurdenetan. Oier Iurramendi txapelketako koordinatzailearen arabera, sinplea da arrazoia: «Lehenago txapelketan kantatzen zuten bertsolari batzuek txapelketan kantatzeari uzteak ahalbidetu du berriek kantatzea». Iurramendik emandako datuen arabera, 34 urtekoa da aurtengo bertsolarien adinaren batezbestekoa: «Gorka Pagonabarraga [2000] da aurtengo bertsolaririk gazteena. Eta zaharrenak Aitor Mendiluze eta Unai Agirre [1975] dira».

Ordea, bada datu bat, parekatzeko bidean dagoela badirudi ere, ez dena oraindik guztiz berdindu: sexuen arteko orekarena. Izan ere, oraindik ere, emakumezko gutxiagok parte hartzen dute. Iurramendik eman du datuen berri: esaterako, Xilaba, Nafarroako eta Bizkaiko azken txapelketei erreparatuta, 156 gizonezkok eman zuten izena, eta, aldiz, 41 izan ziren emakumezkoak. Horietatik 57 gizonezkok egin zuten finalaurrekoetara salto, eta emakumezkoen kasuan, berriz, 27k. Txapelketa horien finaletan, berriz, 23 gizonezkok eta 13 emakumezkok kantatu zuten.

Are, nabarmentzekoa den ondorengo datua azpimarratu du Iurramendik: «Txapelketa guztiak eta txapelketetako saio guztiak kontuan hartuta, %73,4 dira gizonezkoak, eta %26,6 emakumezkoak». Iurramendik gogora ekarri du librea dela izen ematea, eta, hain zuzen, aztertu beharrekoa dela zergatik ematen duten emakumezko gutxiagok izena. Aurtengo Txapelketa Nagusian, herrialdeetako txapelketen ondotik sailkatu direnen artean, 15 dira emakumezkoak, eta 27, berriz, gizonezkoak.

Bertso plazako jardunean ere guztiz parekatu ezinik dabil ehunekoa, nahiz eta Bertsozale Elkarteko datuek dioten nabarmen aldatu dela 2019tik. 2019an, bertsolari gizonezkoen %64 aritu ziren plazan, eta, ordea, %36 izan ziren emakumezkoak. Dezentez txikiagoa da egun bien arteko aldea. Bertsolarien %53 dira gizonezkoak, eta %47, berriz, emakumezkoak.

Desoreka hori mahai gainean du elkarteak. Izan ere, bertso plazan sexuen arteko oreka lortzeko lanean jarraitzen du urterik urte. Hain justu, alor horren gaineko aparteko atal bat du elkarteak webgunean, eta bertan azaltzen da oreka hori lantzeko, hiru alorretan egiten dutela lan. Batetik, elkarteko sail bakoitzean genero ikuspegia eta parekidetasuna sustatzeko neurriak diseinatu eta gauzatzen dituzte. Bestetik, bertsogintzako eragile desberdinei begirako formakuntza saioak egiten dituzte, eta, azkenik, prozesu hori gizarteratzen dute; proiektuan parte hartzeko aukera edonork izan dezan.

Finalaurrekoak

Zortzirentzako lekua izango da Iruñeko Navarra Arenako oholtzan abenduren 18an. Jokatu dira dagoeneko lau kanporaketa, eta asteburu honetan izango dira azken biak. Datorren asteburuan ez da saiorik izango; atseden hartuko du, beraz, astebetez, bertsogintzak. Nolanahi ere, piztuko da bertsozale gehiagoren bertso gosea finalaurrekoetarako. Elizondon (Nafarroa) hasiko da lehen itzulia, eta Irunen (Gipuzkoa), Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) eta Durangon (Bizkaia) jarraituko dute, ordena horretan. Azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zuten bost bertsolari izango dira saio horietan: Unai Agirre Elizondon, Amets Arzallus Donibane Garazin, Sustrai Colina Irunen eta Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi, berriz, Durangon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.