Paralisiaren adiera artistikoa

Tanttaka konpainiak 'Sexberdinak' antzezlana aurkeztuko du, gaur, Arrigorriagan. Mireia Gabilondok zuzendu du, eta Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia ariko dira aktore lanetan

Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreak. TANTTAKA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Tanttaka antzerki konpainiak Sexberdinak antzezlana estreinatuko du gaur, Arrigorriagako (Bizkaia) Euskaldun Berria erakusketa aretoan. Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreak ditu protagonista lan berriak, Nicoren eta Anaren azalean sartuta, hurrenez hurren. Datozen hilabeteetan Euskal Herri osoan zehar aurkeztuko du Tanttaka konpainiak obra.

Antzezlanaren zuzendari Mireia Gabilondoren arabera, Sexberdinak «garun paralisia duen Nicoren eta amatasunaren gaiarekin topo egiten duen Anaren arteko diskurtsoa da». Ikusleari paralisi hitza «hainbat modutan» ulertarazten dion antzezlana da, Gabilondoren ustez: «Nicok, bere garun paralisiagatik, egunero-egunero topatzen dituen arazoak bistaratzen ditu, eta sexualitatea nahiz maitasuna nola sentitzen dituen ikusarazten du». Baina Garmendiak gorpuzten duen Ana izeneko pertsonaiak ere badaki zerbait paralisien inguruan, zuzendariaren hitzetan: «Pertsonaia horrek hain bistakoak ez diren paralisiak erakusten ditu, hala nola amatasuna eta denboraren iragankortasuna, emakumezko baten bizitzan».

Sexberdinak sortzearen hazia duela lau urte ernaldu zitzaien Telmo Iruretari eta Mireia Gabilondori: «Donostiako Loraldia jaialdian, beste zenbait aktorerekin batera, ordu laurdeneko lan txiki bat aurkeztu, eta bakoitzaren izaeraren striptease-a egin genuen». Lehen esperientzia haren ostean, bi sortzaileak elkarrekin lan egiteko gogoz geratu ziren, eta Kepa Errasti errekrutatu zuten, Iruretarekin batera gidoia idazteko. Elkarlan horretatik atera zen Iruretarekin batera Aitziber Garmendia proiektuan sartzearen aukera, Gabilondok azaldu gisa: «Telmok eta Aitziberrek konexio berezia dute oholtzan; bikain moldatzen dira, euren burua biluzten dakite, eta, gainera, lanean jorratzen diren gaiekiko sentsibilizazio handia dute».

Euskal Herriko antzerkigintzak, pandemiak ekarritako pausa kulturala tarteko, duen egoera «makurraz eta delikatuaz» mintzo da Gabilondo. Tanttaka taldearekin hainbat hamarkadatako antzerki ibilbidea eginagatik ere, «ilusioz eta gogoz gainezka» ageri da Arrigorriagako estreinaldiaren atarian, eta Sexberdinak «proposamen artistiko zeharo desberdina» dela dio.

Esperientzia komunitarioa

«Hartzailea antzezlanaren parte egitea eta lantzen dena lehen pertsonan bizi izatea» ditu xede Sexberdinak-ek, zuzendariaren arabera. Antzezlanak irauten duen ordubetean, ikusleak gurpil aulkietan jarrita egongo dira, ohiko eserlekuetan eserita egon beharrean. Horrekin, «garun paralisia duen pertsona baten barruan sartzea» lortu nahi dutela azaldu du Gabilondok. Saioaren amaieran, gainera, ikusleak gonbidatuko dituzte eserleku izan dituzten gurpil aulkiak erabiliz aretoan zehar mugitzera, «uste baino gehiago baitira egunean-egunean gainditu beharreko oztopo fisikoak».

Hori dela eta, konpainiakoek argi dute Sexberdinak-en aurkezpen bira egiteko espazio eta gune bereziak baliatu beharko dituztela: «Berez, ez dago zehazki antzokietan egiteko pentsatuta; 50 eta 70 lagun arteko edukiera murriztuko tokietan plazaratzea dugu buruan. Batetik, gurpil aulkiekin ibiltzeko espazioa behar da; bestetik, ikusleak obra hurbiletik eta modu intentsoan bizitzea lortu nahi dugu».

Intentsitate horren bilaketa, hain zuzen ere, metaantzerkiaren bidez egingo dute bi aktoreek. Izan ere, «teatroaren barruko teatroa» egingo dute Iruretak eta Garmendiak, «ikuslearen hurbiltasuna eta konplizitatea» lortzeko, argitu du Gabilondok. Esaterako, oinarrizko gidoitik atera, eta antzezlana entsegu orokor ireki bat dela azalduko dute, giro lasaiagoa lortze aldera eta agertokiaren bestaldekoen feedbacka jasotzeko. Zuzendariaren arabera, «hau gustuko duzue?», «beste hau ez genuen prestatuta» edo «obraren amaiera oraindik ez daukagu oso garbi» eta antzeko speech-ek elkarrekintza bat sortuko dute ikusleekin, eta interakzio horrek natural bihurtuko du aktoreak behin eta berriz «antzezlanean sartu-irtenka» ibiltzea.

Sexberdinak-en prestakuntza prozesua «erosoa eta polita» izan dela dio Gabilondok; izan ere, «oso ohituta» dago bi aktoreko lantaldearekin behar egiten. Iruretarentzat eta Garmendiarentzat, halaber, laudorioak baino ez ditu: «Biak ala biak izugarrizko interpretatzaileak dira; haiekin lan egitea oso erraza eta erosoa da, beraien ogibidea bikain ezagutzen baitute, eta, gainera, une oro ikasteko prest baitaude». Harreman atsegin horren erakusgarri, lantaldeak «bizikidetza saioak» egin ditu Arrigorriagan, antzezlanaren ertz guztiak aurrez aurre fintzeko: «Lantaldea une oro batuta egon da, eta horrek, komunikazioa errazteaz gain, obraren xehetasun oro elkarrekin prestatzeko balio izan du».

Aurrera begirakoez itaunduta, Gabilondo «oso gogotsu» ageri da. «Kulturgintzako emankizun asko atzeratzen edo bertan behera uzten ari dira, baina, zorionez, bira ederra osatu dugu». Gaur, Arrigorriagan taularatuko dute,estreinakoz, eta jarraian emanaldien zurrunbiloari ekingo diote. Hurrengo asteburuan Galdakaon (Bizkaia) eta Tafallan (Nafarroa) arituko dira, eta, hortik aurrera, errepidean izango dira: Zaldibian, Villabonan, Usurbilen, Bergaran (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Artziniegan (Araba), Beran (Nafarroa), eta beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.