Gaur egun Arrue bat erosten delarik, «marka bat» da erosten. «Auto marka bat» erosten den bezala, «trikota marka» bat bezala, buruargi mintzo da Olivier Ribeton. Arte munduan badu bere balioa Arruek. Batez beste, haren margo bat 100.000 euroren truke eros daiteke; batzuk 200.000 euroan. Eta balioa gorantz doa.
Miarritzeko Bellevue aretoan jarri duten erakusketako arduraduna da Ribeton. Marka bat baino gehiago dela Ramiro Arrue (Bilbo, 1892-Donibane Lohizune, 1971); hori dute erakutsi nahi erakusketaren bidez, hain justu: «Paradoxazko pertsonaia» dela, «konplexua».
XX. mendeko 20ko hamarkadan arras «modan» zen artista. Apainketa egile, dela Arrangoitzeko Pierre d'Arcangues markesarentzat, Parisko Garnier operan aurkeztu Perkain obrarentzat edo Eresoinkarentzat 1937an. Ilustratzaile, Pierre Lotiren Ramuntxo liburuarentzat; lagun zituen Jean Cocteau idazlea eta Amedeo Modigliani margolaria. Baina sosik gabe hil zen. Donibane Lohizuneko saltzaileak, ostalariak eta medikua marrazkien bidez ordaintzen zituen. Bere testamentuan —erakusketan jarria dutena—, hil eta epe motzean erakusketarik ez egitea galdetzen du. Erakusketak ez duela arrakastarik lortuko, ez delako gehiago modan. 70eko hamarkadan «horrelako margoek hastioa eragiten baitute», baieztatu du Ribetonek.
Margolariari egin atzera begirako garrantzitsuena da Miarritzekoa: Abangoardiaren eta tradizioaren bidegurutzean izenburupean. 300 obratik gora dituzte zintzilikatuak. Olioak, urmargoak, marrazkiak, argazkiak, zirriborroak. Bilduma publiko eta pribatu andana batetik elkartuak.
Erakusketa, margolaria bezala,nolabait paradoxazkoa da.«Marka» horri balioa handitzen dio. Noiz, eta uda batean; non, eta Miarritzen. Arrakasta segurtatua. Karta postaletako Euskal Herri horren originalak. Voltaire idazleak euskaldunez idatzi hura, «Pirinioen oinetan saltoka ari diren populuak» iruditan. Funtsean, Voltaireren esaldia irakur daiteke erakusteko azalpenetan. Paradoxa, Arrue ez dela hori bakarrik erakutsi nahi baitu erakusketak. Hain «eskura errazak» ez diren arketipoak zituela margotzen dio Ribetonek. Bere estilo bat bazuela. Garai bereko Louis Floutierrekin (1882- 1936) konparatzen du Ribetonek. «Floutierren Euskal Herria errazagoa da. Arruerena latzagoa da». Arrue garai bereko beste margolariekin konparatuz geroz, ez dela hain «komertziala». «Marka bat bilakatu izana, bere estiloari zor» diola deritzo Ribetonek. Besteak baino «originalagoa» izateari.
Arruek Parisen ikasi zuen. Antoine Bourdelle izan zuen irakasle. Bere ikasleei «ikuspegi monumentalaren bidez marrazten irakasten zien». Arruek orduan «forma sinplifikatuak» ateratzen ikasi zuen. Yo ou le fandango (1925) obra izan daiteke ideia horren adierazle. Parisko arte dekoratiboen urrezko medaila jaso zuen horrekin. Bikote bat dantzan ari da, eta, aldi berean, geldirik dirudi. Pertsonaiak sinplifikatuak dira, «eskultura itxura» lortzeraino. Bolumena argiak die ematen. Sinplifikazio hori «Euskal Herriaren zerbitzurako jarri zuen». Bi Euskal Herri zituen. «Bat paisaiena». Non bere burua berriz aurkitzen zuen. Bakardadean. Paisaietan ez da pertsonaiarik agertzen. Eta beste Euskal Herria, jendeena: «Euskal populuaren beharra zuen, sustraiak hor zituen, euskal familia tradizionalean». Ribetonentzat argi da: «Modernitatea gorroto zuen».
Arketipotik klixeetara bide laburra izan daitekeela eta, Euskal Herri hertsi baten topikoak eraikitzen lagundu duela, horrekin ados da Ribeton. Baina ez beti. Eta horra hor Arrueren biziko paradoxa. Bi garai bereizten ditu margolariaren bizian Ribetonek. Bata bigarren mundu gerra aitzinekoa. Eta bestea ondokoa. Laburbilduz, eta nahiz eta salbuespenak izan, gerlatik landa «margolari erregionalista» bihurtu zen. Aitzin, abangoardian zegoen.
Gerlatik «akitua»
Bigarren Mundu Gerratik «aski akitua» atera zen Arrue. Besteak beste, preso atxiki zuten alemanek hilabete batez Donibane Garazin: «Espainiar hiritartasuna zuen euskaldun bezala» zuten presondegiratu. «Espainiako Errepublikaren alde eta Eusko Jaurlaritzaren alde egin zuen».
Gerlatik landa beti gai berekin zebilen: «Fandangoak, pilota partidak, zahar batzuk banku batean jarriak, beti terrenta beretik ari da. Egia da hori leporatzen ahal zaiola». Margo «malestruk» batzuk daude garai horien lekuko, «abilezia eskasekoak». Bellevue aretoan erakustea hautatu dituztenak. Arrueren obra osorik erakustea nahi izan baitute, bere erregulartasun eskasarekin.
Obra malestrukak, eta ondoan maisulanak. Hauek ere Miarritzen. Urmargoak horietan sartzen dira. Edo beste bi adibide emateko: Toledoko paisaia (1932) et Euskaldunak karta jokoan (1919). Biak Bilboko Arte Ederren Museoan direnak. «Museokoek ongi asmatu dute. Hoberenak hartu dituzte». Abangoardia garaikoak. «Arte obra bat bezala begiratzen zaio honi». Baina bide hori ez zuen segitu Arruek.
Paristik Euskal Herrira sartu zen. «Pentsatzen dut Paris utzi zuela beldur baitzen Parisen bere burua galduko zuela. Pobre bururatzea. Mugarik ez duen sorkuntza garaikidearen urduritasunean. Parisen oreka galduko zuen. Euskal Herrira sartzeak sustraiak eman zizkion, oreka bat».
Paradoxazko margolaria
Ramiro Arrueren 300 obratik gora biltzen dituen erakusketa jarri dute Miarritzeko Bellevue aretoan, uda osorako. Margolariaren ibilbidea osorik azaltzea du helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu