Paradisuaren eta infernuaren arteko simetria jokoetan

45 piezako testu bilduma osatu du Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'-k bere lan berrian: 'Zeruak eta infernuak'. Elkar-ekin plazaratu du liburua

Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlea, Zeruak eta infernuak nobela eskuetan hartuta, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Denboran barrena eta espazioan zehar, irakurleak mundu errealean zein ametsetakoan bidaia bat egitera gonbidatu nahi ditu Jesus Mari Olaizola Txiliku-k (Zarautz, Gipuzkoa, 1951) bere lan berriaren bitartez: Zeruak eta infernuak (Elkar). 45 piezaz ondutako bilduma osatu du, eta, idazlearen hitzetan, «edozein momentutan eta edozein lekutan» irakurtzeko moduko liburua da. Atzo aurkeztu zuten, online eginiko prentsaurrekoan.

«Lehendik ere jasota neuzkan hainbat istoriorekin, kontakizunekin, bitxikeriarekin... osatutako bilduma da», azaldu du idazleak. Askotariko istorioak eta estilo ugariak jaso ditu lan berrian: hari gertatutako pasadizoak dira batzuk, ezagunei entzundakoak eta idazleak gerora moldatutakoak beste batzuk, eta asmatutakoren bat edo beste ere badaude. Horien artean dira Greziako eta Erromako mitologiak, Txinako poemak eta Arabiako lurrinak, animalia misteriotsuak zein landare bitxiak, pasadizo xelebreak eta kondaira gogoangarriak. Betiere, gizakiaren irudimenak sortzen dituen zeruak eta infernuak kontakizunaren ardatz izanik: «Beste hainbat konturen artean, gure irudimenak sortzen dituen desioak edo nahiak agertzen dira, baina, aldi berean, beldurra, ezintasunak, tristura... ere erakutsi nahi ditut».

Liburua idazteko, gizakiaren bi berezitasun hartu ditu Txilikuk oinarri moduan: «Batetik, bizitzaren kontzientzia, gizaki guztiok bizitzera kondenatuta gaudelako; eta, bestetik, gizakiok aurrez zer gerta litekeen asmatzeko dugun trebezia». Gertaerak sarritan irudimenera bideratuta daudela azaldu du idazleak, «paradisuetara». Baina, era berean,ezkutuan dauden «infernu txikiak» ere badaudela dio: «Utopia sortzen den momentuan bikoiztasun bat ematen da; utopiak desiragarriak diren modu berean, distopiek beldurra, ezinegonaeta tristura eragiten dutelako». Hortaz, paradisuaren eta infernuaren arteko «nolabaiteko simetria joko bat» erakustea izan da egilearen asmoa liburuaren bidez.

Osasun krisiaren aurretik idatzitako liburua bada ere, idazlearen ustez «izan zitekeen pandemia mundu distopiko honetako liburu bat». Kontu kontari aritzea da liburuaren asmoa, eta umore puntu batetik eta gizatasunetik begiratuta, gizakia«zenbat irudikeria sinesteko gai» den erakutsi nahi du idazleak. Izan ere, pasarte horien atzean dogmatismoaren aurkako filosofia bat dagoela nabarmendu du Txilikuk: «Gure belaunaldia erlijioarekin, jainkoarekin, ordenarekin eta politikarekin oso zorrotza eta dogmatikoa izan zen, eta guk geure kabuz ikasi behar izan dugu hori nolabait kentzen edo uxatzen».

Ibilbide bat aurretik

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k70 urte beteko ditu aurten, eta aurrera begira, idazten jarraitzeko asmoa du. Xabier Mendiguren editorearen arabera, gaztaroko urteak «prestakuntza urteak» izan dira idazlearentzat: «Iturri askotatik edaten du, bere jakintzaren seinale».

Testugintzan eta editore gisa eginiko lanengatik ez ezik, bere literatur sorkuntzagatik ere bada ezaguna Txiliku. Haur eta gazte literaturako hainbat lan egin ditu, tartean, Osaba Bin Floren, 2004an atal horretako Euskadi saria ekarri ziona. Horrez gainera, narrazio lanak ere baditu: Bizien gaubeilan, Hontzaren orduak, 101 gau eta Bizitza eredugarriak, horietako batzuk aipatzekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.