Arrakala bat zabaldu da bien artean. Ama falta denetik, aitak ez du asmatzen nola komunikatu 10 urteko alabarekin. Eta literaturara jo du halako batean: egunero, alaba eskolarantz abiatzen denean, balkoitik paperezko hegazkin bat bidaltzen dio. Mezu desberdin batekin aldiro, baina literaturari lotutako erronka batekin beti. Liburuzain baten laguntzaz saiatuko da neskatoa asmakizunok ebazten, eta arrakalaren gaineko zubi bihurtuko zaizkie paperezko hegazkinak hari eta aitari. Fernando Bernues antzerkilariaren ideia bat du oinarri istorioak, eta, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez izenburupean, album ilustratu batera eraman dute elkarrekin Harkaitz Cano idazleak eta Isabel Herguera irudigile eta zinemagileak. Bernuesen zuzendaritzapean, abenduan estreinatuko dute antzezlana euskaraz.
Proiektua hainbat arrazoi tarteko da «berezia» Bernuesentzat. «Normalean, liburu batetik abiatuta sortzen dira antzezlanak, baina bidaia hau bitxia izan da: antzezlan bat sortu genuen, non liburu bat aurkezten zen, eta nahi genuen liburu hori benetakoa izatea, ez atrezzokoa». Izan ere, azaldu duenez, antzezlana liburu baten aurkezpenarekin abiatzen da; bere lehen lana idatzi eta ilustratu du protagonista gazteak, eta hura aurkeztuz hasten da obra; artean 10 urte ditu, berriz, albumean. Horixe bi lanen arteko alde bakarra. «Jolas editorial eta eszeniko horretatik sortu zen ipuin hau».
Paperezko hegazkinen istorioa aspalditik zuen antzerkilariak buruan hegaka. Harkaitz Canori aipatua zion, eta idazlea ideiak zirriborratzen ere aritu zen, baina ez ziren mamitzera iritsi. Harik eta Bernuesi Valentziako (Herrialde Katalanak) konpainia batek obra baterako proposamen bat eskatu zion arte. «Harkaitzi unea iritsia zela esan nion orduan. Baietz esan zuen, eta martxan jarri ginen».
Abiapuntu horrexegatik, beste berezitasun bat ere badu proiektuak: antzezlana lau hizkuntzatan taularatuko dute beste hainbeste konpainiak —euskaraz Tanttakak, gazteleraz In Extremisek, katalanez Albenak, eta galegoz Contraproducionsek—. Antzezleak ezberdinak izango dira bertsio bakoitzean; euskaraz Asier Hernandezek (aita), Miren Arrietak (alaba) eta Sara Cozarrek (liburuzaina) taularatuko dute. Albuma ere lau hizkuntzatan eman dute: Erein argitaletxeak euskaraz eta gazteleraz, eta beste bina argitaletxek katalanez eta galegoz.
Sidekar ere baden liburua
Bernuesen hasierako ideia ekarri du gogora Canok, nola jolas literario horren bidez «berreraikitzen» duen aitak alabarekiko harremana. «Horretarako, halako desafiotxo batzuk jartzen dizkio; hegazkin horietan daude literatura unibertsaleko pertsonaiak, aipuak, pasartetxoak...». Hala, Jules Verne, Jutta Bauer, Julio Cortazar, Sylvia Plath, Chinua Achebe eta beste hainbaten izenak eta lanak agertuz joango dira kontakizunean. «Handik eta hemendik lapurtutako istorio zatiz txirikordatutako narrazio bat ere bada, liburutegi batean kokatzen den istorio batek izan behar duen bezala». Ildo horri segika, «aspalditik» egin nahi zuen zerbait egin du idazleak: «Liburutegien gorazarre bat. Azkenean, liburutegietan gauza oso bereziak gertatzen dira, eta horietako bat da bila zoazen liburuaren ondoan egoten dela behar duzuna».
Albumaren formatu «berezia» ere nabarmendu du idazleak, eta Isabel Hergueraren irudiak goraipatu ditu. «Bi pertsona sar daitezke liburuaren barruan. Badu xarma hori, eta errudun nagusietako bat Isabel Herguera da, haren marrazkiak bai baitira formatu zinematografiko batean egindakoak, eta horri zor zaio formatu apaisatu, luzanga, berezi hau». Sidekar batekin alderatu du lana horregatik: «Norbaitek pilotatu dezake, eta besteak ondoan bidaiatu».
«Handik eta hemendik lapurtutako istorio zatiz txirikordatutako narrazio bat ere bada, liburutegi batean kokatzen den istorio batek izan behar duen bezala». HARKAITZ CANOIdazlea
Joan den udaberrian jaso zuen Herguerak irudiak sortzeko proposamena; Sultanaren ametsa filma bukatzeko azken txanpan zebilela, lanez lepo beraz. Eta estu eta larri zebilen arren, ezin izan ziola uko egin aitortu du. «Halere, ongi joan zen, gu lantzen ari ginen ideiarekin bat egiten zuelako. Izan ere, filmak liburu bat omentzen du, eta liburu askori egindako omenaldi bat da hau. Niretzat, txikitatik, ihesbide bat eta amets egiteko aukera bat izan dira liburuak, filmak bezala. Proiektu perfektua zen, eta formatua ere primeran egokitzen zitzaion lantzen ari nintzen horretara» .
Aldi baterako Donostiako Santa Teresa komentuaren eraikinean aterpe hartu duen Koldo Mitxelena kulturunean estreinatuko dute antzezlana euskaraz. 9 eta 12 urte arteko ikasleentzako zortzi saio izan dira aurrena, asteon denak; eta publiko orokorrarentzat beste bi emanaldi egingo dituzte bihar, leku berean.