Paperetik sortutako munduak

'Hostoz hosto erantzi' erakusketa zabaldu du Aran Santamariak Donostiako Okendo kultur etxean. Collagearen eta 'pop up'-aren bidez, liburu eraldatuak sortu ditu batez ere

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Liburu azokak bisitatzea maite du Aran Santamaria artistak. Halakoetan topatu izan ditu bere obretarako osagai nagusiak. Paperetik abiatu, eta paperez sortutako askotariko lanak osatzen ditu, tarteka beste objektu batzuk ere baliatzen dituen arren. Baina liburuak eurak dira protagonista Donostiako Okendo kultur etxean ikusgai jarri dituen lan gehienetan. Izatez, Donostiako Literaktum jaialdiaren harira eskatu zioten erakusketa bat du abiapuntu bildumak. Collage eta pop up teknikak baliatuta, batzuetan, eraldatu eta bestelako objektu bilakatu ditu liburuak; beste batzuetan, orrialdeak izan ditu oinarri paperezko beste mundu batzuk sortzeko. Hostoz hosto erantzi erakusketan bildu du sortzaileak bere paperezko unibertsoa; 2021eko urtarrilaren 30era bitarte egongo da ikusgai.

Aretora sartzean, horman itsatsita, paperezko planeta koloretsuak topatuko ditu bisitariak parez pare. Emakume batek eskuetan duen liburutik ateratzen dira hegan, eta erakusketan bildutako paperezko beste mundu batzuen iragarle dira: parean dutenarena, adibidez. Pianola doinuak du izena pianolarako paperez sortutako lanen bildumak. Lurretik altxatzen diren paperezko hiru zinta ageri dira hormari itsatsita; pianolan jarrita, kantu bat sortzeko balio du bakoitzak. Papereko lerro zulatuen gainean edo alboetan, irudi gehiago itsatsi ditu Santamariak, collageak sortuz. Eta beste hainbat collage daude hormatik zintzilik, koadro formatukoak, baina oinarrian pianola papera dute horiek ere. Emakume bat planetak trikotatzen ageri da batean, gizon bat izarren hautsa eskobatzen beste batean, beste pertsona bat munduaren globoa desinfektatzen aldamenean...

Aretoan aurrera egin ahala, gutun azalak oinarri dituzten lanen beste bilduma bat dago ikusgai.SobreVIVIENTES izenburupean batu ditu artistak lanok, indarkeria matxistaren aurkako aldarria baitute oinarri. Azaroaren 25aren harira iaz eginiko erakusketa kolektibo baterako ondu zituen piezak, eta collageak dira gehienak. Gutun azaletatik besoak eta hankak ateratzen dira, eta, beste pieza batzuetan, gorputz atal horiek erlojuen orratzak dira. Alboan, gutunak irekitzeko bat dute.

Paperezko «arkitekturak»

Liburu izateari utzi gabe, baina liburuak beste objektu bat bilakatzeraino eraldatzen ditu artistak, pop up eta collage teknikak uztartuz. Aretoaren atzeko horma da horren erakusle. Dozena bat liburu ageri dira apaletan, askotarikoak: Amaia Lasaren Malintxearen gerizpean, Txomin Agirreren Kresala, Bizenta Mogelen Ipui onak, Leire Bilbaoren Ezkatak... baina baita atlas bat ere, eta zinemari buruzko liburukote bat, sukaldaritzari buruzko beste bat, Auñamendi entziklopediaren ale bat, gimnasia egiteko liburuxka bat... Guztiak, eraldatuak. Leihoak ireki dizkie, edo irudiak itsatsi, baita hainbat testu eta irudi erliebean jarri ere, pop up teknikaz landutakoetan. Paperezko «arkitekturak» sortu ditu horrela.

Liburu jakin batetik abiatuta, lanen sorta oso bat eraiki du beste batzuetan Santamariak: halaxe egin du Julio Cortazarren Kronopioen eta famen istorioak liburuarekin, adibidez. Egongela moduko toki batean, bi aulkiren artean jarri du Aritu zaitez zeure etxean bazeunde bezala izenburuko testua, bisitariari ongi etorria emanez. Liburuaren orrialdeakdaude zintzilik inguruan, irudiz apainduak horiek ere.

Joseba Sarrionandiaren Ez gara geure baitakoak liburuarekin ere antzeko ariketa egin du, baina haren pasarteak braillez ageri dira idatzita hormetan, eta collageak egin ditu horietan artistak. Louise Bourgeois, femme maison (Jean Fremon) liburuarekin, berriz, haren orrialde hautatuak handitu, eta irudizko laminak osatu ditu.

Eta horien artean dauden piezetan, hitzekin edo hizkiekin jolasean aritu da artista. Erretilu batean, È un mondo difficile irakur daiteke, erroskila-orez sortutako hizkietan. Maitasun eskutitza lanean, berriz, saldarako pasta hizkiak daude sakabanatuta, gutun azal batetik ihesi. Baina bestelako objektuak ere baliatu ditu artistak beste batzuetan: Mezurik gabeko botilak serieko sei piezek, adibidez, collageak dituzte zintzilik barrualdean. Eta badira sekretuak edo osagai ikusezinak ezkutatzen dituzten zenbait obra ere.

Ibilbidearen amaieran, edo hasieran nahi bada, bilduma osoari izena ematen dion obra jarri du: Mikel Laboaren Lili bat abestia du oinarri, eta hitz ezagunak irakur daitezke horman, «eta hostoz hosto erantzi» esaldia barne. «Agian bada nire lan egiteko modua pixka bat, liburuei orrialdeak kenduz joatea». Braillen idatzita ere ageri da kantua, behin eta berriro errepikatzen diren paper zurietan, metronomo batek markatzen duen erritmoak lagunduta. Santamariaren arabera, «kantua ezin da entzun, eta ezin da ikusi, baina airean bezala geratzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.