«Literatura mutantea». Hori da Bilboko Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Hi(zki)bridoak izeneko kultur zikloaren muina. Iaz antolatu zuten lehenengo aldiz, eta, paradoxikoki, otsailean programako lehen emanaldia eskaini eta berehala, kolpean, mutante bilakatu behar izan zuen zikloak berak, pandemiaren eraginez. Eraldatu egin zen. Udaberritik udazkenera pasatu zituzten prest zeuzkaten gainontzeko saio guztiak, eta streaming bidez ere zabaldu zituzten, une hartan indarrean ziren murrizketen eraginez oso jende gutxik zeukalako saioak aurrez aurre ikusteko aukera. «Arrakasta» izan zen, hala ere, antolatzaileen hitzetan, eta bigarrenez antolatu dute aurten. Literatura, musika, bertsolaritza eta arte plastikoak uztartzen dituzten bost emankizun programatu dituzte irailaren 23tik abenduaren 17ra bitarte, Anari musikariaren Habiak diskoan oinarritutako erakusketa bat barne.
Berez, iaz zuen data borobilaAnariren diskoak. Hogei urte ziren, musikariak 2000. urtean Habiak diskoa kaleratu zuenetik, eta efemeride hori zen Euskararen Etxeko erakusketa egiteko abiapuntua. Pieza bana sortu zuten 11 artistak Anariren musika oinarri hartuta, baina pandemiak ezinezko egin zuen irekiera, eta erakusketa izan zen iazko aldian bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldi bakarra. Aurten berreskuratu ahalko dute, azkenean, eta abenduaren 17an irekiko dute. Guztira, 11 dira erakusketan parte hartuko duten artistak edo taldeak: Izibene Oñedarra, Idoia Beratarbide, Uxue Pascual, Zaloa Ipiña, Nagore Legarreta, Marrabila, Okene Abrego, Ramon Zabalegi, Maite Arbonies, Txakur Gorria eta Alaia Gaztelumendi. Horrez gainera, Anarik ere disko hartako hainbat kanta eskainiko ditu irekiera ekitaldian.
Zikloko azken emanaldia izango da Anariri eskainitakoa, eta beste lau saio ere antolatu dituzte aurretik. Ibon RG eta Enrike Hurtado musikariek Joxan Artzeren olerkiak oinarri hartuta sortutako oMorruMU baMAt ikuskizuna izango da lehen-lehena, irailaren 23an. Txalaparta interaktiboa, autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programak ahotsarekin, pianoarekin eta txalapartaren hotsarekin uztartuko dituzte artistek.
Mirande eta bertsolaritza
Literatura, bertsolaritza eta musika uztartuko ditu urriaren 7ko emanaldiak. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Elgoibarko Pitxintxu denda oinarri hartuta idatzitako Dendaostekoak liburua izango da abiapuntua, kasu honetan. Alberdik lan horretan oinarritutako gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, eta Aitor Nova saxofoi jotzaileak ere hartuko duparte.
Mirande emanaldia izango da urriaren 29an. Elena Setien musikariak, Xabier Erkizia soinu artistak eta Grande Days musika taldeak Jon Mirande idazlearen olerkietan oinarrituta sortutako proiektuaren zuzeneko aurkezpena izango da saioa. Musikaren, artearen eta literaturaren artean.
Zientzia fikziozko bertso saioa izango da azaroaren 11n. Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria bertsolariak arituko dira kantari, eta Danele Sarriugarte idazleak eta Arrate Hidalgo ilustratzaileak jarriko dizkiete gaiak, haiek arduratuko baitira saioaren gidoiaz.
Aurtengoan haizea aldeago sentitzen dutela aitortu du Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak. «Espero dugu aurtengoak arrakasta handiagoa izatea, egoera ere hobea delako». Edonola ere, oraingoan ere saioak Internet bidez ere zabaltzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek.
Doakoa izango da sarrera ekitaldi guztietara, baina derrigorrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea. Azkue Fundazioaren zein Euskararen Etxearen sare sozialetan emango dute jarraitu beharreko urratsen berri, saioetako bakoitza egin baino hamar egun lehenago. Streaming bidez ere eskainiko dituzte emankizunak, halere.
Saio berriak sortzeko beka
Emankizunez gainera, aurten 3.000 euroko beka bat ere jarri dute abian euskarazko kultur ekitaldi bat sortzeko. Euskara hutsekoak izan beharko dute proposamenek, formatu txikikoak, eta gidoia zein emanaldia bera garatzeko izango da dirua. Diziplinartekotasuna eta sortzaileen arteko elkarlana sustatzea baloratuko dituzte, eta azaroaren 22an amaituko da lanak aurkezteko epea. Irabazle suertatzen den proposamenak hurrengo urteko jaialdian estreinatuko du ikuskizuna, Bilboko Euskararen Etxean. Bost kide izango ditu epaimahaiak: Eneko Sagardoi aktorea, Lutxo Egia idazlea, Haizea Barcenilla arte kritikaria, Onintza Enbeita bertsolaria eta Iurdana Acasuso Azkue fundazioko zuzendaria.
Deialdiak duen erantzunaren arabera erabakiko dute antolatzaileek, hurrengo urtean ere proposamenari eutsi edo ez.
Paperaz harago doan literatura
Bilboko Euskararen Etxeak bost ikuskizuneko zikloa antolatu du: Hi(zki)bridoak. Emanaldiak sortzeko 3.000 euroko beka bat ere sortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu