Ama biologikoa ikusi zuelarik, haren tripari begira gelditu zelarik, orduan jabetu zen sortu zela. Eta, kasik memento berean, «abandonatze horren kontzientzia» hartu zuen. Maylis Dartigue dokumentalgile gazteak istorio pertsonala izan zuen oinarri bere dokumentalerako proiektua nondik etorri zitzaion esplikatzean. Bost minutu izan zituen atzo besteak konbentzitzeko. Fipadoc Miarritzeko nazioarteko dokumentalen jaialdiak egile gazteei eskaini hitzorduak eman bost minutuak.
Sri Lankan sortu zen, eta Landetan (Okzitania) handitu, bertako familia batek adoptatu ondoren. 2013an, Sri Lankara bidaia bat egin zuen, kamera eskuan. Orduan aurkitu zuen bere ama biologikoa. Geroztik, argi du horri buruz dokumental bat egin nahi duela. Bere lehen film luzea litzateke. Baina, mementoko, idazketa fasean dago. Atzo, beste zazpi egile gazte izan zituen ondoan, bakoitza bere proiektua aurkezten. Akitania Berriko liburu, zinema eta ikus-entzunezko agentziak (Alca) zituen hautatuak guztiak. Izan ere, agentzia hori egileentzako lehen atea izan daiteke proiektua gauzatzeko zer egin daitekeen jakiteko.
Hori baitu xedeen artean jaialdiak: profesionalak elkarren artean harremanetan jartzeko aukerak eskaintzea. Hori zuen xedeetako bat lehengo FIPAk ere, denborarekin profesionalen kopurua txikituz joan bazen ere. Orain, dokumentaletan zentraturik, beste garapen bat espero dute jaialdiaren antolatzaileek. Aurtengo bere lehen aldirako, profesionalen aldetik, bereziki Frantziako estatuko egiturak dira presente.
Bizkitartean, profesionalen artean egotean, pantailara iritsi aitzin film batek zein bide luze daukan egitekoa jabetu daitezke sortzaileak. Dartigueren istorioak publikoan zirenak hunkitu zituen. Aski nabarmengarria da, bide batez, gazteek aurkeztu proiektu guztiek argitara ekarri nahi duten intimitatea. Dartiguerenaren haritik, gazteek aurkeztu beste pare bat dokumental proiektutan ere egileen gurasoak dira protagonistak. Beste proiektu batzuetan, aldiz, lanaren bidez ezagutuak, denborarekin adiskide bilakatuak. Hori duke dokumentalak. Intimoa argitara ekartzeko bide berezi bat, horrek dakartzan zailtasunekin. Indar bilakatu daitezkeenak, baldin eta nola egin asmatuz gero. Adierazgarria da nola pertsona erreal horiek, egileen ahotan, filmatu beharreko «pertsonaiak» bilakatu ziren atzoko aurkezpenetan. Eta, gero, «nola» filmatu. Hori lantzen ere saiatu ziren. Errealitatearen eta irudiaren arteko amildegiaren sakontasuna agerian utziz.
Han zen Loic Legrand, Kanalduderen izenean, hedatzaile gisa. Dartigueren proiektua interesgarria izan daitekeela zeritzon, nortasun bikoitz horri buruzko lanak zerbait ekar dezakeela. Baina distantzia eskasa hauteman zion egileari; dokumentala bere burua berriz osatzeko erabili nahi zuela, eta hori besteentzat zein heinetan izan daitekeen interesgarri, horretan zituen dudak Legrandek. Gehiegizko inplikazioa lerrakorra izan daitekeela ikasi baitu esperientziarekin. Hitzordua hartzekoa zen, hain zuzen, Dartiguerekin egunean berean, galdera zuzenagoak egiteko.
Kanalduderen asmoak
2018tik, Kanaldudek hitzarmen bat du Akitania Berriarekin, katea garatzeko diru laguntzaren parte bat ekoizpen independentera berriz bideratzeko aukera ematen diona. Euskaldunak ez diren egile gazteen idazketa lanak laguntzea ere badu betekizun. Nahiz eta xedea izan euskal autoreak azaleratzea. Aurki euskal proiektu batentzako deialdi bat zabalduko du, justuki, Kanaldudek. Kateak egitura txikia izanik, azkenean administrazio kontuak direla eta, diru laguntza bereziak lortzeko bideak ireki daitezkeela ikusten du Legrandek, «zubi lanei» esker nazioarteko proiektuak gauzatu baitaitezke.
Bide berdintsuetatik dabil Gastibeltza. Hor zegoen Katti Poxelu. Hori ere batarekin eta bestearekin mintzo, harremanak sakontzen. Beti interesgarria zaio halako lekuetan egotea. «Zineman biziki inportantea da sarea», borobildu zuen. Festibalek balio dute erakunde publikoekin harremanetan jartzeko ere. Zinema sorkuntza sostengatzeko CNC egitura bezala; Fipadoc-en zuzenki harremanetan jar daiteke horiekin.
Hor zeuden Creativa-Mediakoak ere. Horiek ere sorkuntza laguntzen dute, Europa mailan. Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko adarrek elkarrekin antolatu zituzten produktoreen arteko atzoko topaketak.
Adierazgarria da antolaketa. Mahaiaren alde batean, Hego Euskal Herrikoak, eta, beste aldean, berriz, Frantziako Estatukoak. Proiektuak ere araberanhautatu zituztela azaldu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Mediako Ainhoa Gonzalez Sanchizek, «horiek Frantziarekin koproduzitzeko daukaten potentzialaren arabera», hain zuzen. Hemen ere bi aldeen arteko koprodukzioak bilatzea baitute xedeetako bat horiek ere: «Mediarentzat, ez da beharrezkoa koprodukzioak izatea, baina bada gehigarri bat».
Pantailetara iritsi aitzin
Fipadoc profesionalen bilgune ere bada; egileek produktoreak ezagutzeko lekua izateaz gain, ekoizleek proiektuak aurkitzeko tokia da. Denentzat, kontaktuen liburuxka loditzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu