Urtebetetzerako egun gutxi batzuk baino ez zaizkio falta. 8 urte betetzeko atarian, aitona Julianek opari berezia egingo dio Aneri: beretzat propio egindako panpina bat. Baina, opariaz gain, proposamen bat ere egingo dio aitonak: bidaia imajinario bat egitea izar magiko baten bila, desirarik maiteena egia bihurtuko baitzaio izarra topatuz gero. Bidaia hori du ardatz Lur antzezlanak, Xake Produkzioak-en obra berriak. Bihar estreinatuko dute, Tolosako Topic zentroan (Gipuzkoa), 20:30ean.
Kepa Errastik idatzi du antzezlanaren gidoia, eta hark azaldu dio BERRIAri obrak kontatzen duen istorioa, zeina Aneren urtebetetzea baino egun batzuk lehenago gertatzen den: «Ane 8 urte betetzera doan ume bat da, pototarekin jaio den mutil bat». Aitona Julianek ez du inongo arazorik hori onartzeko. Aldiz, Jon aitak «gatazka bat du umeak bere burua definitzeko erabiltzen duen moduarekin; ez du onartzen mutila dela». Itsaso da laugarren protagonista, Aneren ama; hilda dago, baina presente dago obran. Izan ere, Ane da bera ikusten duen bakarra, eta maiz hitz egiten du amarekin. Errasti: «Aitak, azkenean, bi gatazka ditu: batetik, bere umearen identitatea ez onartzearena, eta bestetik, alarguna izanik, ezintasun horri bakarrik aurre egin behar izatearena. Aita hor du, baina ez du umearen amaren figura, bikotekidearena». Erika Olaizolak jokatzen du Aneren rola antzezlanean; Mikel Laskurainek, Julian aitonarena; Nerea Gorritik, Itsaso amarena; eta Errastik, Jon aitarena.
Lau protagonista horien bidez, Errastik gaia zehaztu du: «Norbera den bezala onartua izatea, batez ere maite duen jendearen partetik». Emozio hori erakutsi nahi dutela dio, oinarrian emozioak dituen antzezlan bat dela. « Jende askok galdetu digu: 'Transexualitateari buruzko obra bat da?'. Bada, bai, protagonista ume transexual bat baita. Baina, hortik harago, kontatu nahi genuen bera den bezalakoa onartzen ez duten norbaiten istorioa, batez ere inguruko norbaitengandik —aitarengandik— espero duzun maitasuna ez duen norbaitena. Emozioei buruz hitz egin nahi genuen gehiago». Errastik nabarmendu du Ane pozik dagoela bere buruarekin. «Berak arazoa du aitarekin duen gatazkarengatik, baina bere buruarekin oso ondo bizi du. Gainera, hori azpimarratu egiten dugu; obran galdetzen zaio ea bere potota gustatzen zaion, eta esaten du baietz, baina mundu guztiak pentsatzen duela bera neska dela».
Txotxongiloak abiapuntu
2015ean sortu zuten Errastik eta Xabier Ormazabalek Xake Produkzioak. Mami Lebrun izan zuten lehen obra, eta horrek hamaika emanaldi egiteko aukera ekarri zion konpainia hasi berriari, bai eta joan den hilean XVIII. Donostia Antzerki saria irabaztea ere. Aktore taldea beste bat da oraingoan —Errasti salbu, bietan parte hartu baitu—, baina aurreko lantalde ia osoak jardun du lan berrian ere: bietan Errasti aritu da gidoilari eta aktore, Getari Etxegarai zuzendari lanetan eta Xabier Ormazabal zuzendari laguntzaile; eta Pascal Gaignek jarri du musika bi lanetan. Aurrekoan bezala, zuzeneko musika entzungo da obra berrian ere, oraingoan Nerea Gorritiren eskutik. Izan ere, bere pertsonaia, Aneren ama, musika irakaslea da. Trikitiarekin eta ukelelearekin jotzen ditu Gaignek sortutako piezak.
Errastik aitortu du hurrengo egitasmoari ekiteak «errespetu pixka bat» sorrarazten ziela, lehen obrarekin hain harrera ona jaso ondotik. Aurrekotik aldenduko zen istorio baten bila hasi ziren, eta jabetu ziren txotxongiloekin lan egiteko gogoa zutela. Hari horri tiraka sortu zitzaien Aneren istorioa. «Aitonak Aneri panpina oparitzen dionean, esaten dio panpina hori eguneroko bat balitz bezala erabil dezakeela, berak dituen sentipenak, bai onak, bai txarrak, bai beldurrak, bai pozak, berari kontatzeko, eta izen bat jartzeko esaten dio. Eta Anek Lur jartzen dio, neska edo mutil izena izan daitekeelako. Obran, Anek eguneroko modura erabiltzen du, bere sentipenak kontatzeko». Edonola ere, nabarmendu du protagonista Ane dela, istorioaren abiapuntua txotxongiloa izan arren, eta pisua aktoreek daramatela, panpina bat egon arren. «Txotxongiloa hor dago, baina ez da txotxongilo obra bat; pisu handia dutenak aktoreak dira».
Txotxongiloaren hariari tiraka, Errastik Aneren istorioa lantzeko erabakia hartu zuen. «Errespetu handia ematen zidan, iruditzen baitzitzaidan gaiak ertz asko dituela, eta sentsibilitatearekin tratatu nahi nuen. Baina hasieratik argi nuen emozioetatik abiatu nahi nuela, hori baita guk kontrolatzen duguna». Emozioen esparruan aritu zen orduan, gidoia idazteko, onartua ez den norbaitek zer senti dezakeen irudikatzeko. «Hori oso garbi nuen, baina idatzi aurretik haur transexual baten amarekin elkartu nintzen, haiek nola bizi izan zuten hitz egiteko. Haiena kasu bat da, eta kasuak milaka modutakoak daude, baina behintzat bere bizipena kontatu zidan». Ama harekin hitz egin ostean hasi zen testua idazten. Halaber, bukatutakoan «transexualitatearen gaia jorratu duten hainbat pertsonari» ere pasatu nahi izan zien, tartean Chrysallis elkartekoei, haien iritziak jasotzeko. «Egia esan, oso iritzi positiboa jaso genuen, orokorrean; beti egongo dira batzuei besteei baino gehiago gustatuko zaizkien gauzatxoak, baina istorioak denak harrapatu zituen, orokorrean, eta horrek indar handia eta konfiantza pixka bat ere eman zigun obra muntatzeko». Errastik dio kasuak eta bizipenak milaka daudela, eta bat irudikatu dutela obrarekin, baina uste du publikoari emozionalki iritsiko zaiola.
Lan berria «publiko familiarrago bati» zuzenduta dagoela esan daiteke, baina Errastik zehaztapena egiten du horretan ere: «Ez dakit beste publiko mota bati zuzenduta dagoen; esango nuke beste publiko mota bati ere badagoela zuzenduta. Baliteke kontatzen dena haurrentzat izatea erakargarrien. Baina heldu batentzat ere oso interesgarriak izan daitezke azaltzen diren aspektu asko, eta oso entretenigarriak diren gauzak. Hori bilatu dugu».
Egonaldi laburrak eginez, Konpainiak hilabete pasatxo egin du guztira Tolosako Topicen, antzezlana prestatzen. Han taularatuko dute bihar, eta eskolentzako beste emanaldi bat egingo dute Urnietan (Gipuzkoa), hilaren 14an. Ordutik aurrera, udazkenera arte itxaron beharko da Lur ikusteko: ziurra da Zumaian, Durangon, Aretxabaletan eta Zarautzen izango direla, baina leku gehiagotan ere izango dira. Aurrera begira, konpainiak proiektu gehiago ere baditu buruan. Donostia Antzerki Sariaren harira, helduentzako euskarazko beste lan bat sortu beharko dute.
ESTREINALDIA
Bihar. Tolosako Topic zentroan (Gipuzkoa), 20:30ean.
Panpina bat bidaide duela
Xake konpainiak 'Lur' antzezlana estreinatuko du Tolosako Topic zentroan, bihar. Ane da istorioaren protagonista, 8 urte betetzear den eta bere alua maite duen mutikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu