Pandora zirkuan deskubritzeko

Cirque du Soleil ezaguna Iruñean da egunotan, 'Toruk: The First Flight' ikuskizunarekin. James Cameronen 'Avatar' filma du oinarri, eta jantzi, efektu berezi eta soinuekin ikuslea mundu magiko batean murgiltzen du. Bideoa albistearen amaieran.

Zirkuko akrobatak, azken prestaketak egiten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Iritsi da zirkua Iruñera. Eta ez edozein zirku, nazioartean aski ezaguna den Cirque Du Soleil baizik. Ohiko zirkuek ez bezala, ez du karparik kokatu hirian: Nafarroa Arena hartu du aterpe. Toruk: The First Flight (Toruk: lehen hegaldia) produkzioa ekarri du konpainiak Nafarroako hiriburura. Atzo iluntzean egin zuten lehen funtzioa, eta igandera bitartean bertze zortzi eginen dituzte. Arrakasta izan du zirkuaren etorrerak, eta dagoeneko asteburuko funtzioetarako sarrera guztiak salduta daude.

Cirque Du Soleilen 37. produkzioa da Toruk, orain artekoetan ezberdinena. Pandoran murgiltzen du ikuslea, James Cameronen Avatar filmeko mundu magikoan. Baina pelikulako istorioa kokatzen den garaia baino 3.000 urte lehenago. Filmean ez bezala, gizakiak oraindik ez dira Pandorara iritsi, eta Na'vi-ak bakarrik daude bertan. Bortz klan ezberdinetakoak dira Pandorako Na'vi-ak, eta beren burua salbatu beharko dute.

Pandorako mundu magikoa irudikatzeko Cameronen beraren laguntza izan dute Cirque du Soleileko kideek. Bortz urtez ibili dira sorkuntza lanetan murgilduta. «Cameronen lantaldea hamar urtez ibili zen sorkuntza lanetan, eta material guztia utzi ziguten, ahalik eta errealena izan zedin», kontatu du Jamie Mallet harreman publikoetarako arduradunak. Filmean ez zeuden bi figura berri ere sortu dituzte espresuki.

2015. urtean Montrealen (Kanada) estreinatu zutenetik, mundu osoko hamazazpi herrialdetan eta 88 hiritan erakutsia dute ikuskizuna. Pandora irudikatzeko 43 artista izanen dira oholtzan, baita bertzelako txotxongilo erraldoi batzuk ere. Denetan handiena da Toruk, Na'vi-ak ikaratuta dituen hamabi metroko eta 115 kiloko txotxongilo erraldoia. Hainbat diziplina uztartuko dituzte ikuskizunean, horietako batzuk Cirque du Soleilen bakarrik erabiltzen dituztenak.

Ikuskizunak irauten duen bi orduetan Nafarroa Arenak itxura erabat ezberdina hartuko du: sumendi bihurtuko da, baina baita desertu, baso eta ur jauzi erraldoi ere. Sakelakorako aplikazioa ere sortu dute, eta ikusleak, obra ikusteaz gain, argiztatze lanetan parte hartu ahalko du.

Pandorako mundua sortzeko, artisten lana bezain garrantzitsua izanen da karakterizazioa. Naturan inspiratuta sortu zituzten jantziak, eta klan bakoitzak janzkera ezberdina izanen du, nahiz eta denak urdinak izanen diren. Na'vi-en karakterizaziorako 150 jantzi oso eta 1.000 osagarri baino gehiago ekarri dituzte Iruñera. Artista bakoitzak hiru klan ezberdinetako Na'vi-ak interpretatu beharko ditu, eta, beraz, ikuskizunak irauten duen bitartean arropa behin baino gehiagotan aldatu beharko dute artistek. Horretarako, zortzi profesionalen laguntza ere izanen dute.

Marco Piña akrobata da Toruk ikuskizunean ari den artistetako bat. Urtebete darama Cirque du Soleilen, baina zirkuan hasi aitzinetik, hamabost urte eman zituen prestalanetan, konpainian aritu ahal izateko. Iruñean egingo duten ikuskizuna, zirku batek egin ohi dituenekin alderatuta ezberdina dela adierazi du: «Zirkuan ohikoena izaten da banakako saioak egitea. Toruk-en taldeka ateratzen gara oholtzan, eta orotariko akrobaziak egiten ditugun akrobatek parte hartzen dugu».

Arropaz eta eszenografiaz gain, soinuak ere garrantzia du ikuskizunean. Zuzeneko abeslari bat izanen da abesten, baina artistek ere zuzeneko soinua eginen dute. Mikrofono bat izanen du artista bakoitzak, eta zuzeneko soinua ere ahalik eta errealena izan dadin saiatuko dira. Malletek azaldu duenez, batzuetan errealitatearekiko hainbertzeko fideltasuna izateak ikusle bat baino gehiago beldurtzea ere ekarri izan du.

Ikuskizuna, zenbakitan

Zenbakiek ere erakusten dute Toruk ikuskizunaren tamaina. Izan ere, 34 kamioi, 39 garraiorako edukiontzi eta bost hegazkin behar dituzte beharrezko tresneria guztia mugitzeko. Agertoki guztiak muntatzeko hamar ordu inguru ematen dituzte aldiro, eta ondotik, dena biltzeko, beste sei ordu inguru. 43 artistez gain, 120 langilek osatzen dute lantaldea, eta bisitatzen duten hiri bakoitzean bertze hainbertze langile kontratatzen dituzte.

Piña akrobatak «esperientzia zinematografiko» gisa deskribatzen du ikuskizuna: «Efektu bereziak dituen film bat ikustea bezala da: efektu eta artista anitz daude, txotxongilo erraldoiak... Nonahi daude ikusteko gauzak». Zirkua ikustera joaten denak, beraz, begiak adi eta belarriak prest izan beharko ditu esperientzia ahalik eta gehiena gozatzeko.

[youtube]https://youtu.be/PecfOJTJKWY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.