Ez da trikitia oso oihartzun handia duen musika jarduera, bizpahiru artistaren salbuespenarekin. Ez da trikitia eremu jakin —eta erabilera jakin— batzuetatik kanpo askorik barreiatzen den musika. Ez da trikitilaria goresmen handirik jasotzen duen musikaria. Are gutxiago, haren ondoan zintzo leial aritu ohi den pandero jotzailea. Trikitiaren soinua Euskal Herrian barneratu zenez geroztik nonbait egonkortu bazen, Gipuzkoako Urola eskualdean egonkortu zen. Eta, bereziki, Azkoiti inguruan ugaldu izan dira soinu txikiko artistak eta pandero astintzaileak. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak pandero jotzaileak hartu nahi izan ditu gogoan aurtengo San Jose Trikiti jaialdirako, eta Urolako hiruri egingo die omenaldia bihar, Azpeitiko Soreasu antzokian (17:30).
«Poz handi bat» sentitu zuen omenduetako bat bera zela jakitean hiruretan zaharrenak, Luis Alberdi Zabale-k (Azkoitia, 1939). «Beti estimatzen da zutaz oroitzen direnean». Panderoa jotzen ikasteko maisu handia izan zuen lehen-lehenik Zabalek: Ramon Zubizarreta, Landakanda. «Hark ahoarekin txistu eginez jotzen zituen trikiti piezak, eta nik panderoa astinduz laguntzen nion». Gerora ere Landakanda miretsi izan du bai pandero jotzen etabai kantuan. Berak, ordea, ahotsik ez duela izan aitortu du, umiltasunez. «Horregatik, denbora luzean geldirik egon izan naiz. Normala den bezala, trikitilariek ondo kantatzen zituztenak nahi zituzten alboan-eta. Neuri gustatu bai kantatzea, baina ahotsik ez». Hala ere, bere ibilian bikotekide asko izandakoa da Zabale: Zabaleta, Zendoia, Epelde, Laja, Epelarre... Eta txapelketetan parte hartu bakarrik ez: irabazi ere egin zuen 1972. urtean, Donostiako Trinitate plazan egindako saioan. «Lajarekin joanez gero, denok geratzen ziren txapeldun, eta niri ere egokitu zitzaidan».
Gutxi-asko han eta hemen ibili zen pandero jotzen Zabale, eta baita irakasle modura ere, duela hamar bat urtera arte. Eta trikitiaren harra zabaldu zuen familian ere, semeetako batek soinua jotzen ikasi baitzuen, eta besteak panderoa. Urteetan elkarrekin aritu ziren, eta makina bat txapel eskuratu ere bai. Larunbateko omenaldian, Xabier Alberdi Zabale seme trikitilariarekin joko du pieza bat, arin-arin bat. «Polita izango da saioa, eta saiatuko gara disfrutatzen, beti egin dugun moduan».
Zabale gazteak Kupela taldeanjotzen du soinua gaur egun. Talde horretako bateria jotzailea da, hain zuzen ere, Juan Ezenarro Berastegi (Azpeitia, 1942), omenduetako azpeitiar bakarra. Omenaldia egiteko onarpena ematea kosta egin zaio Berastegiri, hiru urtez haren atzetik ibili baitira elkartekoak. «Oraingoan esan zidaten, 'zer uste duk, omenaldia jaso eta gero hil egingo haizela ala?', eta erantzun nien beste biak ere joanez gero gustura izango nintzela han». Lotsa albora utzita, trikiti saioan izango da panderoa eta bateria jotzen ikasi aurretik soinua jotzen ikasi zuenak, baina bai arrebek eta bai aitak errieta egiten zioten, ateratzen zuen zarata zela eta.
Inguruko trikitizale gehientsuenek bezala, Laja miresten zuen, eta hura adiskide zuen, gainera. Eta harekin ibiltzen zen batetik bestera. Beste askorekin ere jarduna da: Sahatseta, Epelde, Egurrola, Arbe, Maltzeta, Tapia, Erriba... Eta Lajak berak bultzatu zuen bateria erostera ere, behin kasualitatez jotzen ikusi eta gero. «Behin eta berriro esaten zidan, eta halako batean joan dendara eta erosi nuen bateria».
Soinu jotzaileetan Laja bera izan du gustukoena Berastegik. «Epelde ere bai oso, baina Lajak edozer gauza jo izan du eta jotzen du. Horren errepertorioa ez da sekula amaitzen, bi orduz bezalaxe lau orduz ari liteke eta». Berastegik gogoan du bera gaztea zenean ez zegoela pandero jotzaile ezagunik. «Orduan soinu jotzaileak ez zuen eramaten bere pandero jotzailea. Panderoa eramaten zuen jo behar zuen lekura, eta han nahi zuenak edo jotzen zekienak hartzen zuen panderoa». Hala ere, Egañazpi eta Zumarragako Joxe Oria ditu akorduan.
13-14 urte zituela ikasi zuen panderoa jotzen, etxean bertan. «Nik dakidana neure kasa ikasitakoa da. Gure semeak ere halaxe ikasi zuen, bere kabuz». Azken 25 urtean «bazterrik bazter» ibilitakoa da, eta, orain belaunetatik «makal» dabilen arren, bai bateriarekin eta bai panderoarekin jarraitu egingo duela dio, «urtean saio jakin batzuetan besterik ezbada ere».
Trikitia familiatik
Manuel Arrizabalaga Izer-ek—omenduen arteko gazteena, 61 urte— zaila zuen trikitilari edo pandero jotzaile ez izatea. Garai batean, igande arratsaldero erromeria izaten zen Azkoitiko Izer baserrian. Erromerietako trikitilarietako bat haren aita izaten zen, eta pandero jotzaileak, haren osabak. 8 urterekin hasi zen panderoa jotzen, eta 18 urterekin jo zuen lehen erromeria. «Txikia nintzela, Zabalek jarduten zuen gure jaiotetxean panderoa jotzen, eta hari ikusita ikasi nuen nik».
Izerrek ez zuen inondik inora espero omenaldirik jasotzea. «Ez nuen uste nik halakorik merezi nezakeenik, eta hasieran harritu egin nintzen, baina ematen badute, ona da niretzat». Behin ikasita gero panderoa jotzen zenbat urte egin dituen galdetuta, erantzun zuzena: «Geroztik, denak». Soinua jotzen ere ikasi zuen, eta biak jotzen zituen txandaka garai batean. «Igandero-igandero ibiltzen ginen kuadrillan, eta bietatik jotzen nuen, soinua eta panderoa».Pandero jotzaileen artean Egañazpi eta Landakanda izan ditu eredu, batez ere.
Inguruko askok bezala, Urrategi eta Martite auzoetan egiten zituzten erromeria gustukoenak: «Gero agortu ziren haiek, eta kuadrillan ahal genuen tokian jo izan dugu. Azpeitian gehiago izan dira bertsolariak, eta Azkoitian, berriz, trikitilariak». Larunbatean herri bateko zein besteko hiru pandero jotzaile omenduko dituzte, panderoak ere hotsa atera duela eta ateratzen segitu nahi duela adieraziz.
Pandero hotsa ere badelako
Luis Alberdi 'Zabale', Juan Ezenarro 'Berastegi' eta Manuel Arrizabalaga 'Izer' omenduko dituzte bihar, AzpeitianHirurak dira pandero jotzaile, Urola bailarak trikitiarekin izan duen loturaren ispilu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu