Pandero bat, irrintzi bat

Miel Anjel Elustondok idatzitako 'Landakanda, soinuaren erregea' biografia liburua plazaratu du Trikitixa ElkarteakPandero jotzaile bati eskaini zaion lehen lana da, eta 17 kantuz osaturiko CDa dakar

Ramon Zubizarreta Larrañaga Landakanda bere biografia liburua pandero moduan hartuta, atzo Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Eskua zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta hobea panderista. Baina, batez ere, erritmoa eraman behar du. Panderoaren lana hori da. Beti neurri batean joan behar du panderoak...». Ramon Zubizarreta Larrañaga Landakanda-ren hitz neurtuek ematen dute argibiderik, bai, haren izaeraren inguruan, baita panderoa jotzeko duen dohainaren inguruan ere. Miel Anjel Elustondok idatzi eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak plazaratu berri duen Landakanda, panderoaren erregea biografia liburuan agertzen dira protagonistaren hitzok.

Trikitixa Elkarteak azken urteotan trikitia eta haren mundua zabaltzeko egindako ahaleginaren emaitza da Landakandari buruzko liburua. Aurrez beste zazpi biografia liburu dituzte argitaratuak, guztiak ere soinu jotzaileen gainekoak. Landakandari eskainitakoa da pandero jotzaile bati buruz idatzitako aurrenekoa.

Panderoaren erregea izenburua jartzeko batere dudarik ez zuen izan Elustondok. Lehendik ere titulu hori jasoa da Landakanda. 1998an omenaldia egin ziotenean Azpeitian, Panderoaren erregearen atsedena idatzi zuen Felix Ibargutxi kazetariak. «Ramoni ez zaio gustatzen errege kontu hori, neu ere ez naiz erregezalea batere, baina Landakanda artista hutsa dela adierazteko modua da. Bestela Panderoaren artista ere ez legoke txarki. Errege, ez errege... artista da Ramon», azaldu du Elustondok, alboan Landakandaren ukazio keinua nabarmentzen den bitartean: «Nik ez dut ezer egin izen hori eta liburu hau merezi izateko, baina tira... gustura nago Miel Anjelek egindako lanarekin. Irakurri dut eta gustatu zait».

Panderoaren artista izan da urte luzez Landakanda, lehen aipaturiko erritmo neurtua eramateko gai izateaz gain, berezko nortasun eta ezaugarriak oholtzaratu izan dituelako, bere-berea duen ahotsa, esaterako: «Lehenengo hasi nintzenean nik kantatu bastante egiten nuen, baina gero hobetu nuen. Kantatu eta kantatu eta ikasi, noiz hartu behar nuen arnasa, noiz segitu...», dio Landakandak liburuan. Haren irrintziari buruz ere hauxe: «Irrintzia? Bakoitzak berea. Nik neure irrintzi bat badut, berezia, eta horixe!».

Lajaren betiereko lagun

Azkoitiko (Gipuzkoa) Landakaranda baserrian jaiotako (1932) mutikoa lehengusu batzuk etxera ekarritako panderoa jotzen hasita animatu zen trikitiaren mundura. «Zumarragako Trikitixa bazen ordurako. Haiek Mendirik mendi lainoa... kantatzen zuten, eta nik huraxe ikasi nuen. Haien kantua gustatzen zitzaidan».

Pikuarekin, Zendoiarekin, Auntxarekin, Epelderekin, Maltzetarekin eta Eleuterio Tapiarekin jo izan zuen lehen urteetan, baina Iñaki Garmendia Laja-rekin egin zen famatu trikiti bikote modura, eta bien abizenak elkarri iltzatuak geratu dira betiko. Elkarrekin ibiltzen ez ziren garaian, ezkontza batera elkarrekin jotzera gonbidatu zituzten, eta ondoren Lajak berak bota zion amua: «'Hi, nik hire modura kantatzen duen batekin egin behar diat hurrengo diskoa... ', eta nik baietz».

Madrilen grabatu zuten lehen diskoa, 1977an, Trikitixa izenekoa. Ondoren etorri ziren beste hiru diskoa: Laja eta Landakanda (1981), Pepe Yanciren omenez (1986) eta Gure oroitgarri (1994). Diskoak ateratzeaz gain, Euskal Herriko bi txapelketa irabazi zituzten elkarrekin, 1978an eta 1982an. Txapelketen inguruko iritzi garbia azaldu du Landakandak liburuan: «Txapelketa beharrezkoa da, nire iritziz. Hor azaldu behar duen batentzat, azaltzeko modurik onena horixe da. Bestela, izena egitea asko kostatzen da. Norberaren herrian ezagutuko dute, baina besteetan? Aldiz, txapelketa batera jende asko joaten da, leku askotatik joan ere».

Ibilian-ibilian, mende erditik gora darama Landakandak panderoa jotzen, nahiz eta geldialdi batzuk izan dituen. Liburuarekin batera Landakandaren ibilbidearen adierazgarri diren 17 kantuz osaturiko CDa dakar lanak.

Laja adiskideak liburuan esandakoak laburbiltzen du Landakanda izan dena eta oraindik ere badena: «Ramoni ez zaio ezer falta. Panderista onak ondo kantatu behar du, panderoa ondo jo behar du, eta jendearekikoa izan behar du. Hirurak dira inportanteak, eta Ramon punta-puntakoa da horietan, jotzen, kantatzen eta lagun izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.