Pandemiaren zurrunbilotik

Iñaki Segurolak 'Koiteretzia' argitaratu du, azken hilabeteetan bizi izandako egoeretan ardaztutako eleberri bat. Narratzailerik gabe, hiru pertsonaiaren arteko elkarrizketen bidez eman du nobela

Iñaki Segurolak atzo aurkeztu zuen liburua, Donostian. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Filologo eta hiztegigile, orain arte saiakera izan du bere gogoetak azaleratzeko tresna Iñaki Segurolak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962). 2005ean Alberdaniak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo argitaratu zionetik, beste hiru saio kaleratu ditu; haietako bi, argitaletxe horrekin berarekin (Nere gorringotik, 2008; eta Arrazoia ez dago edukitzerik, 2012) eta azkenekoa, berriz, orain dela urte erdi inguru Ereinek publikatutakoa (Sed quia sua, 2020). Oraingoan, ordea, bere lehenengo eleberriarekin dator Segurola, pandemia garaian idatzi eta pandemia garaian girotutako nobela batekin: Koiteretzia (Alberdania).

Jorge Gimenez Bech editoreak aitortu du mesfidati azaldu zela Segurolaren lanaren berri izan zuenean. «Saiogile bat nobela batekin eta saiakerarako ematen duen gai batekin... beldur pixka bat eman zidan hasieran, baina berehala uxatu zitzaidan beldurra, eta harrapatu egin ninduen». Gimenez Bechen irudiko «azkar eta ongi» irakurtzen den «nobela peto-petoa» baita Koiteretzia, irakurlea harrapatzen duena.

Gaur egungo giro errealean kokatutako nobela bat da Segurolarena, eta ohikoa ez den forma du, hasieratik bukaeraraino elkarrizketaz emana baitago. Hiru pertsonaiak —neska gazte bat, gizon heldu bat eta mutil gazte bat, izenik gabeak hirurak, baina zeinu banak (hirukia, izartxoa eta laukia) bereiziak testuan— elkarrekin hitz egiten dute, pandemiaz, konspirazioez, diskurtso ofizialaz, baita bizitzaz eta bizitzako beste hainbat kontuz ere... Gimenez Bech: «Garai historiko baten inguruko eleberri karakterizatzailea eraikitzea du asmoa. Alegia, gizartean egosten ari denari buruz barrutik hitz egiten du eleberriak. Ez deskripziotik, baizik eta zurrunbiloaren barrutik».

COVID-19a zabaldu zenetik, idatzi izan dira beste hizkuntza askotan hari buruzko saiakera liburuak. Segurolak, ordea, orain arte saioak argitaratu izan dituen arren, ez zion interesik ikusten pandemiari buruzko saiakera bat idazteari: «Saiakerak badu 'gauzak horrela dira' esateko joera bat, eta nik uste dut azkeneko urtebetean bizitzen ari garen honi buruzko 'gauzak horrela dira' batek ez duela interesik. Gainera, nik ez dakit gauzak nola diren, edo ezin dut esan halakoak direla». Hori dela eta, interesgarriagoa egiten zaio egileari «espektro horren barruan dantzan ari direnen ahotsak entzutea», eta baita bizitzak nola eragiten dien jasotzea ere. Izan ere, elkarrizketa bidez emanda egon arren, nobelako pertsonaiei «gauzak gertatzen zaizkie», eta haien bilakaerak ekarriko du baita haien pentsamenduaren bilakaera ere. «Jarrerak aldatzen dira bizitzen ari zarenaren arabera».

Ziurtasunik gabeko aroa

Liburuko hiru pertsonaiak azken urtebete honetan asko zabaldu diren ideia edo jarreren eramaileak dira. Haietako bi negazionistak lirateke, eta hirugarrena, aldiz, ofizialista, eta gaur egungo «ziurgabetasunaren aroarekin» lotu ditu Gimenez Bechek: «Ziurtasunak bukatu dira, eta badirudi gizakiok ez dugula hori sobera ongi bizitzen, ez garela ohitzen eta egonezina sortzen digula. Eta, halere, ziurtasunaren arriskua salatzen dute pertsonaiek». Horri lotuta, jarrera garbietan gotortzearen arriskuaz mintzatu da Segurola. «Gaur egun, mundu guztia da fatxa edo faxista bestearentzat. Ofizialistentzat-edo, kritiko-negazionistak edo ernegazionistak izango dira ultraeskuinaren pareko, ez dituztelako aintzat hartzen zaintzaren balioa eta beste. Eta kritikoentzat, ofizialistak dira fatxak, oinarrizko eskubideen murrizketa izugarri hau batere kritikarik gabe onartzen dutelako. Jarrera gogortuetatik, mundu guztia da fatxa bestearentzat».

Koiteretzia-n, jarrera gogortu horiek gurutzatzen dira, eta, hein batean, gogortasun horiek «bigunduz eta lausotuz» doaz eleberriak aurrera egin ahala. Gertaerak jazotzen diren neurrian. «Liburuan bada heriotza, bada sexua eta bada euskal gatazka ere, eta horrek guztiak pentsamenduaren bilakaeran eragiten du».

Ahozkotasunaren iturritik

Eleberriaren egitura hiru lagunen arteko elkarrizketa luze bat izanik, erregistro aldetik ahozkotasunari erreparatu dio Segurolak, baina ez «eredu edo proposamen bat» egiteko asmoarekin. «[Euskara] Batu estandarraren eta ofizialki estandarrera iritsi ez diren ahozko modu batzuen arteko hautsi-mautsi bat da. Nik benetako elkarrizketa baten kutsua eman nahi izan diot. Gutxi gorabehera, euskara estandarra da %80an, baina pertsonaiek erabiltzen dute sistematikoki nun, eta ez non, bihotz-belarriek hala eskatzen didatelako, edo hontan, etzara, enaiz, besteikpe... hizkera ez-jasoaren kutsu bat ematen dutelako, eta hiru lagunen arteko elkarrizketa bat delako».

Hortik dator, halaber, izenburua bera: «Koiteretzia da COVID-19a azkar esanda. Ez da besterik. Gaitz, sindrome, pandemia edo gezur handi honek laborategiko izena du, eta lehenengo aldia izango da mundu guztian erabiltzen dena izen bera. Izena, beraz, laborategikoa du, eta batzuen ustez, izana ere bai. Nik, horri kontra eginez, mundu guztiari inposatu zaion izen horretatik aparteko euskal itxurako izen bat eman diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.