«Bere unibertso osoa berreskuratuko du». Murrizketekin egindako bi azokaren ostean, abenduaren 7tik 11ra bitartean, Durangoko 57. Azokak ohiko itxura berreskuratuko duela iragarri dute Gerediaga elkarteko ordezkariek. Ikasle Goizarekin hasiko dute egitaraua, ekitaldiz beteta egongo dira azoka osatzen duten gune guztiak, eta salmahaien alokairua ere «martxa onean» doala azaldu dute. Eta horregatik aurtengo leloa: Eztanda. Ideia horixe izan du ardatz Ruben Ramos sortzaileak kartela egiteko, eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria baikor aritu da irudia aurkezteko ekitaldian: «Egoera zaila izan arren, azokak bizirik irautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da».
2020ko estualdia izan du gogoan Mujikak. «Azoka egin ala ez egin aurkitu ginen, eta sortzaile, eragile, kulturazale eta babesle askoren sostenguari esker lortu genuen azokak bizirik irautea». 2021ean ere murrizketekin egin behar izan zuten azoka, eta orduan bizitako «ziurgabetasun egoera» gogoratu du Mujikak. Aurten, espero, espero dute pandemiaren aurreko bisitari eta salmenta kopuruetara itzultzea. «Baina ez da erraza esatea», onartu du. Baina, Mujikak aurreratu duenez, oraingoz «ez du itxura txarrik», eta Landako gunean mahaia jartzeko eskaria egin duten saltzaileen kopurua aipatu du horren frogatzat, kopurua oraindik erabat itxi gabe izanik ere.
Plateruena ere, zabalik
Durangoko Azokako ohiko guneekin batera, Plateruena kafe antzokia ere zabalik egongo da aurtengo azoka egunetan. 2020an hartu zuten gunea ixteko erabakia, eta itxita egon da geroztik. Udala eta herriko eragileak lanean aritu dira, ordea, berriz ere martxan jartzeko, eta, Ima Garrastatxu Durangoko alkateak esan duenez, baliteke urte amaierarako berriz ere martxan izatea. Zehaztu duenez, hautatua dute horretarako lantaldea, eta erabakita daukate nola funtzionatuko duen ere. Azken xehetasunak baino ez zaizkie falta, eta, horrek atzerapenik eragin badezake ere, ziurtatu du ezen abenduaren 7tik 11ra bitartean, azokak iraun bitartean behintzat, ateak irekiko dituztela.
Ikasle Goiza ere berreskuratuko dute azokaren lehen egunerako. Milaka ikasle izango dira Landako gunean, ondorioz, eta aurten, lehenengoz, ikasleentzako ez ezik, hezitzaileentzako ere antolatu dituzte tailerrak.
Azoka analogikoaz gain, online denda ere izango du aurtengo azokak. Printzipioz, salbuespen neurri modura sortu zuten 2020an, pandemia betean, osasun krisiak eragindako murrizketekin ere aurrera egin ahal izateko. Iaz ere eutsi zioten, ordea, eta, aurten, azokaren ohiko itxura berreskuratuta ere, aukera eskainiko dute nobedadeak webgunean erosteko.
Landako guneak ateak itxi ondoren ere, hainbat liburu dendatan jarraituko du Durangoko Azokak antolatutako egitarauak, Zu non, han DA! izeneko kanpainaren bidez. Hirugarren urtez antolatu dute programa, eta, aurten, lehenengoz, liburu aurkezpenak ere egingo dituzte.
Erakundeen babesa
Erakunde publikoetako ordezkariak ere izan dira kartelaren aurkezpenean. Durangoko Azokaren «egonkortasuna» nabarmendu du, esaterako, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, eta Jaurlaritzak babestu egingo duela ziurtatu. «Euskadin erreferenteak diren proiektuak behar ditugu, eta Durangoko Azoka da horietako bat, eta horrek esan gura du proiektu honek egonkortasuna daukala, eta erakunde publikoen eta erakunde pribatuen arteko elkarlana da hori lortzeko bidea».
«Normaltasunera» itzultzea pozgarria dela adierazi du Xabier Arauzo Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, eta esker ona azaldu die Gerediaga elkarteko ordezkariei eta azokaren antolakuntza talde osoari, azken urte zailetan ere aurrera egiteko modua topatzeagatik.
Pandemia aurretik bezalakoa
Durangoko Azokak bere «unibertso osoa» berreskuratuko du abenduaren 7tik 11ra; online dendari ere eutsiko diote, Gerediaga elkartearen esanetan. Ruben Ramos artistak egin du aurtengo kartela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu