Pandemia aurreko egoerara itzuli dira bertso plazak

Bertsozale Elkarteak berretsi du 2019an eta 2022an egindako bertso plazen kopurua berdintsua dela. Handitu egin da emakumeen partaidetza: %20 izan ziren 2010ean, eta %46,8 iaz. 

Bertso saioa, Hendaian (Lapurdi), 2023ko urtarilarren 14an. GUILLAUME FAUVEAU
iraia vieira gil
2023ko ekainaren 15a
12:20
Entzun

Bertsolaritzaren unean uneko egoera aztertzeko ikerketa bat egin du Bertsozale Elkarteak, eta, horretarako, 2022an egindako bertso plazen datuak bildu ditu urte osoan zehar. Xenpelar dokumentazio zentroaren bilketa sistemak eman dio bide datu bilketa horri, eta, oro har, lau bertso plaza mota aztertu dituzte: jaialdiak, lagunartekoak, librekoak eta bat-bateko bereziak.

Guztira, 1.130 bertso saio antolatu zituzten 2019an, eta 1.069 saio izan ziren 2022an. Bigarren kopurua txikiagoa baldin bada ere, urte hartako lehenengo bi hilabeteetan COVID-19aren aurkako neurriak indarrean zeudela gogorarazi du Bertsozale Elkarteak. Izan ere, martxotik maiatzera askoz ere gehiago egin ziren 2022an: 300 saio antolatu zituzten orduan, eta 248 egin zituzten 2019an. Azaroan, ordea, plaza gutxiago izan ziren 2022an, Bertsolaritza Txapelketa Nagusia ere hilabete horretan egin zutelako.

Bertso plaza motei dagokienez, urte bietako aldaketak nabarmenak izan dira. 2019. urtearekin konparatuz, jaialdien kopurua askoz gehiago handitu zen iaz, eta, kontran, askoz gehiago murriztu zen libreko saioen guztizkoa. 272 jaialdi eta libreko 419 saio egin zituzten 2019an; eta 346 jaialdi eta libreko 306 saio izan ziren iaz.

Bertsolarien parte hartzean ez da aldaketa askorik egon: 3.106 parte hartze izan ziren 2019an, eta 3.229 iaz. Jaialdietan bildu dira bertsolari gehien.

Emakumeen partaidetzak, gora

Bertsolarien izaera aztertzeko orduan, hiru faktore hartu ditu kontuan Bertsozale Elkarteak: sexua, lurraldetasuna eta adina. Sexuari dagokionez izan dira, hain zuzen, aldaketa gehien: 2010. urtean, %20 ziren bertso plazetan aritzen ziren emakumeak; iaz, datua bikoiztu, eta %46,8 emakumek bota zituzten bertsoak. Gizon gehiagok jarduten dute oraindik ere bertsotan, baina azken urteotan gero eta parekideagoa ari da bihurtzen plaza.

Lurraldetasunari eta belaunaldien arteko banaketari dagokionez, nahiko antzekoak dira datuak. 2019an eta 2022an, urte bietan, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak dira bertsolari gehienak: %70 osatzen dute, gutxi gorabehera. Adinez, berriz, berdintsu segitzen du plazak: erretiroa hartuta edota hartzeko dauden bertsolariak zein 20 urteren bueltakoak aritzen dira bertso plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.