Literatura

Pamiela argitaletxea: berrogei urtez, literatura «abila» helburu

1984an plazaratu zuen lehenbiziko liburua Pamiela argitaletxeak, eta beste 1.200dik gora ere eman ditu ordutik; erdiak, euskaraz. Argitaletxeak aldi berri bati ekin dio 40. urteurrenarekin batera: errelebo aldaketa izan da, eta lekualdatzea Arrotxapera.

Juana Sanchez eta Lander Majuelo, Pamielaren egoitza berrian
Pamielako kide Juana Sanchez eta Lander Majuelo, Iruñeko Arrotxapea auzoko egoitzan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko urriaren 12a
05:45
Entzun

Ohartzerako, joan zaizkie lau hamarkada, arian. Berrogei urte dira Pamiela argitaletxeak lehenbiziko liburua plazaratu zuela. «Ezin dut sinistu hainbeste denbora pasatu denik», aitortu du, zintzo, Pello Elzaburu argitaletxeko arduradun ohiak (Alegia, Gipuzkoa, 1956). Jubilatua da jadanik, baina, sektorearekiko pasioak behartuta edo, ez guztiz erretiratua; batera edo bestera, segitzen du Pamielaren ingurumarietan. Urrun ikusten du 1984 hura, baina 40. urtebetetzea baliatzen ari da bera ere, «halabeharrez», ordutik eta gaur arte egindakoak eta gertatutakoak errepasatzeko, «poz-pozik». Espantu handirik gabe ari dira, halere. «Onerako edo txarrerako, argitaletxe diskretua baikara». Baina disimulatu ezinezkoa zaio emozioa. «Zenbat gauza egin ditugun!», bota du alai, eta, hala eta guztiz, haren hitzetan nabarmen islatzen da beste dozenaka kontu dituztela begiz jota etorkizunerako ere. Berrogei urteotan urratutako bideak badu-eta segidarik. Eta lekuko aldaketek eta egoitzaren leku aldaketak ere uzten dute hori bistara.

Arren (Nafarroa) izan dira urte luzez Pamielakoak, baina Iruñeko Arrotxapea auzoan dira orain, udaberritik. «Jendearengandik hurbilxeago gaude», zehaztu du Lander Majuelok (Iruñea, 1988). Majuelo orain dela kasik urtebete hasi zen editore argitaletxean, eta bera eta Juana Sanchez (Gasteiz, 1997) dira, funtsean, Pamielaren belaunaldi aldaketaren erantzule nagusiak gaur egun. Sanchez haur literaturaz eta alor komertzialez arduratzen da, batik bat.

Egoitza berrian, Elzaburuk, Majuelok eta Sanchezek elkarrekin egin dute Pamielaren urteotako bidearen atzera begirakoa. Halabeharrez, hori bai, Elzaburuk freskatu ditu aspaldikoenak. «Zaharrena ni izanik...», esan du umoretsu, eta hori nabarmentzearekin batera ekarri du solasera Txema Aranazen izena. «Ezin da aipatu gabe utzi. Hein handi batean Txemak jarri zuen martxan hau guztia, eta justu harekin trukatu ditut gauza asko azken asteotan, eta konturatu gara zenbat egin dugun... Baina, egia esan, ez dugu zehazki kontatu zenbat titulu atera ditugun... 1.200? 1.300?».

Pello Elzaburu, 2006an Pamielaren egoitzan
Pello Elzaburu, 2006an, Pamielaren orduko egoitzan. LANDER F. ARROYABE / FOKU

Baina datu bat garbi da: Pablo Antoñanaren Pequeña crónica izan zen Pamielak argitaratutako lehenbiziko liburua, 1984koa. Lan hori gaztelaniazkoa da, baina justu hura plazaratu eta aste gutxira eman zuten bigarren titulua, euskaraz hori: Pello Lizarralderen E pericoloso sporgersi, zuri beltzean —idazlearen lehenbiziko nobela da—. «Susmoa dut harena izan zela gure lehenbiziko liburu aurkezpena, orduan ireki berria zen Zaldiko Maldikon», oroitu du Elzaburuk, irribarrez.

Edonola ere, argitaletxea sortzeko hazia are eta lehenago erein zuten; Auzolan liburu dendan, Iruñeko San Gregorio kalean. Zehazki, 1977ko udaren atarian ireki zuten denda —Elzaburu: «Ireki eta bi hilabetera sartu nintzen ni»—. Kulturaren bitartez militantzia euskaltzalea egin nahia izan zen hura zabaltzeko motiboa, Elzabururen esanetan: «Konspiratzaileak ginen». Eta, kontatu duenez, hain justu euskaltzaletasunaren eta literaturarekin loturiko «konspirazio» hartan aritzeagatik, errepresioa jasan zuten zenbaitetan. «Kontrol asko, eta baita adreilukadaren bat ere, erakusleihora». Giroa oso gaiztotua zen orduan, eta hiriko beste zenbait liburu denda eta kulturgune izan ziren eskuin muturraren jomugan. Adibidez, El Parnasillo liburu dendaren kontrako atentatua ekarri du gogora Elzaburuk.

Zailtasunak zailtasun, gogoz ziren proiektuekin aurrera egiteko. «Horrela, ahal bezala ibiltzen ginen literaturzaleak eta euskaragaixoak, Ruper Ordorikak esaten duen bezala, eta sortu genuen aldizkari literarioa». Horra argitaletxearen beste aurrekari zuzena: Pamiela aldizkaria, 1983an jaioa. Elebiduna zen, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, eta, ordurako, proiektura batuak zitzaizkien, besteak beste, Pello Lizarralde, Joseba Sarrionandia eta «[Bernardo] Atxaga eta bere banda».

Bide urratzaile

Azkenerako, sortu zuten argitaletxea, aldizkariaren izen bera jarrita. «Lagunartean ginen, eta hasi ziren proposamenak ailegatzen, hasi ginen elkarri laguntza eskatzen eta haiek argitaratzen... eta, denborarekin, hasi ginen zenbait ildo ezartzen», oroitu du Elzaburuk.

Gaur egun, Pamielaren katalogoari so egin, eta aise antzeman daitezke ildo horiek. Indarra dute haur eta gazte literaturak, baina baita historiografiari eta memoriari loturiko gaiek ere. Frankismoak, 1936ko gerraren ondorenak eta, oro har, Nafarroako historiak, adibidez. Elzaburu: «Horrelakoak azaleratzea izan da gure lanik handienetako bat, eta uste dut ireki ditugula zenbait bide». Gogora ekarri duenez, esaterako, Pamielarenak dira Ezkabako ihesaldiari buruzko lehen lanak.

«Frankismoari, 1936ko gerraren ondokoei eta Nafarroako historiari buruzko asko azaleratzea izan da gure lanik handienetako bat, eta uste dut ireki ditugula zenbait bide»

PELLO ELZABURU Pamielako arduradun jubilatua

Eta aurrerantzean? Historiografiari dagokionez, Pamielak zer behar du argitaratu, gizartearen premiak ase nahiko baditu? Majueloren iritziz, egungo ikerlariengana hurbiltzea da gakoetako bat. «Batzuetan, gertatzen direnean belaunaldi aldaketak, iritsi berriei ahaztu egiten zaie zer ate dauzkaten irekita beren bideak egiteko, eta haiei —berdin ikerlari gazteei edo dagoeneko bide bat egina dutenei— oroitarazi nahi diegu gurean badaukatela aukera aritzeko».

Gaiei dagokienez, Majuelok nabarmendu du lanak izan daitezkeela orain arteko bidearen ildokoak: «Segi daiteke historiografia kritikoan, azalduz, adibidez, 36ko gerratik Nafarroan gertatu direnak eta haiek ekarri duten konfigurazioa». Baina, aldi berean, batez ere azpimarratu du bestelakoei ere egin nahi dietela so, irmo, eta feminismoa eta auzi ekologikoa aipatu ditu, adibide gisara.

«Berritu beharko ditugu argitaletxe independenteen eta bide akademikoak edo dibulgaziozkoak jorratzen dituztenen arteko elkarlanak [...] Nafarroan argiki ikusten da zenbateko aberastasun kulturala ekarri duen horrek»LANDER MAJUELOPamielako kidea

Hartu-emanen garrantzia atera du hizpidera Majuelok. «Azken finean, berritu beharko ditugu argitaletxe independenteen eta bide akademikoak edo dibulgaziozkoak jorratzen dituztenen arteko elkarlanak». Eta azken hamarkadetan Nafarroan egin den lan eskergaren balioa aldarrikatu du, segidan. «Nafarroan argiki ikusten da zenbateko aberastasun kulturala ekarri duen elkarlan horrek. Izan da eraldaketa bat: hasiera batean zenbait botere gunetatik sortutako narrazio batzuk —berdin Diario de Navarra-k, Nafarroako Gobernuak edo Madrilek bultzatuta— desegin egin dira, gezurtatu ezin diren argitalpen oso onekin. Eta uste dut bide horrek ez duela merezi etena izatea».

Etxe zein harrobi

Azken hamarkadetako euskal literaturako izen handien bilgune ere bada Pamiela, aspaldi. Argitaletxearen babesean argitaratu dituzte lan asko hala nola Joseba Sarrionandiak, Bernardo Atxagak eta Arantxa Urretabizkaiak. Pamielakoek aitortu dutenez, horrek poz ugari eman die urteotan, baita anekdota zenbait ere. «Esan beharrik ez dago Sarrionandiarekin izandako harremana misteriotsua izan zela urteetan. Oroitzen naiz tipula paperean idatzita jaso genuela Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak lanerako idatzitako hitzaurrea», kontatu du Elzaburuk. «Paper hori oso erraz tolesten da, eta edonon gorde daiteke; horregatik», argudiatu du pozik.

Eta poza ez da soilik ohoreari edo ilusioari lotua. Neurri handi batean, argitaletxekoek diotenez, izen handiko zenbait idazleren lanen truke lortutako diruari esker argitaratu dituzte beste lan asko Pamielan. «Lokomotorrak» izan dira sarri, «motor modukoak».

Baina, batez ere, nabarmendu dute idazle horiek ez direla ausaz ari Pamielan. «Ez daude gurekin soilik ongi maketatzen dizkiegulako liburuak —hori ere bai—, akaso da badugulako argitaratzeko modu bat, baditugulako erritmo batzuk, eta irakurleekiko errespetu bat», esplikatu du Majuelok. Eta nabarmendu prest eta gogotsu direla autore berriekin berdin jokatzeko. «Denborarekin, astiarekin, landuz autoretza, eta begiratu gabe arrakasta izateari —ze orain ematen du hori dela helburua—. Eskulangintza ez da ahaztu behar». 

Hain zuzen ere, euskal literaturaren harrobia aldarrikatu du Majuelok, bestalde. «Oso esperantzagarria da», onartu du. «Elkarrizketaren batean, Gorka Arreseri irakurria diot azken hamabost urteak izan direla onenak euskal literaturan, eta, are gehiago, onenak etortzeke daudela. Bada, egin beharko dugu lan bat autore horientzat guztientzat».

ERAKUSKETA
Pamielak eta Galtzagorri elkarteak eginiko 'Ipuinez ipuin' erakusketaren irudi bat. L. F. A. / FOKU

Helduentzako euskal literatur lanen salmentak apaltzen ari direlako sentipena dute azkenaldian euskal argitaletxeek, eta halakoa du Pamielak ere. «Orokorrean, argitaratzen dira titulu gehiago, baina ale gutxiago saltzen dira bakoitzetik», esan du Juana Sanchezek. Halere, literatur salmenta orokorrei so, argitaletxean hark gidatzen duen esparruan dira datuak esperantzagarrienak: haur literaturan ez dago halako beherakadarik. Eta zehaztapena egin du, gainera: «Irudipena dut haurrentzako tituluek askoz bizitza luzeagoa dutela helduentzakoek baino». Bi adibide eman ditu: Nola dastatu ilargia? eta Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa. Gainera, Sanchez baikor da haurren irakurzaletasunari dagokionez. «Zortea dugu, izaten garelako hainbat azokatan, eta halakoetan aukera dugulako zer uste duten umeek». Iradoki duenez, liburuengana nola hurbiltzen diren ikustea besterik ez dago. «Korrika hurbiltzen dira!». 

«Irudipena dut haurrentzako tituluek askoz bizitza luzeagoa dutela helduentzakoek baino»

JUANA SANCHEZPamielako kidea

Haur literaturarako, Pamielak 2005etik du elkarlan estua Galiziako Kalandraka argitaletxearekin. Haien arteko elkarlanaren emaitza dira titulu asko, baina titulu propioak ere baditu Pamielak. «Eta esango nuke Pamiela badela erreferente horretan», nabarmendu du Sanchezek.

Kultura hurbiltzea xede

Artean haur literatura mintzagai zelarik aipatu du Sanchezek Pamielak urte hauetan guztietan bultzatutako ekimenetako bat: Etxepare Saria. Galtzagorri elkartearekin batera eta Nafarroako 23 herritako udaletxeen babesarekin antolatzen dute gaur egun, eta haurrentzako album ilustratuak argitara ateratzea du xede —hemezortzi aldiz antolatu dute—. Bestalde, beste egitasmo hauen sortzaile edo antolatzaile ere bada Pamiela, besteak beste: Ikusi Mikusi haur eta gazte literatur azoka —Saran (Lapurdi) egiten dute—, idazle eta ilustratzaileentzako Bikoteka ikastaroa eta Xabier Lete poesia saria. Juan Zelaia saiakera saria ere antolatu zuten urteetan, eta baita Mikroipuin lehiaketa ere. Azken hori pandemia ailegatzearekin batera eten zen, baina hura itzularazteko asmoa adierazi dute Pamielakoek orain.

Berrogei urteak ospatzen bai, baina batik bat aurrera begira dago orain Pamiela, nabarmen. Zertarako gogoa duten galdetuta, Sanchezek berehala erantzun du «literatura jendeari hurbiltzekoa» duela berak, batez ere. Majuelok liburuak aipatu ditu. «Gogoa dut liburu abilak argitaratzen jarraitzekoa. Izan fikzioan, izan saiakeran, izan daitezela testu batzuk eragingo dutenak gizartean, zirikatuko dituztenak gazteak, emozionatuko dutenak irakurlea, edo haserrearazi». Baina, autorerik ezean, liburu «abilik» ez da. «Nahi dut Pamiela benetan izatea datozen idazleentzako etxea datozen garaietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.