«Aurkikuntza hauetako bakoitza erabat ezohikoa da; beraz, bai, aurkikuntza handi bat da. Festa txiki batekin ospatu beharko genituzke halakoak». Alvaro Arrizabalaga arkeologoak gorputzaldi horrekin aurkeztu zuen atzo Mendaroko Agarre haitzuloan (Gipuzkoa) egin duten azken aurkikuntza: Paleolito garaiko bi pieza zintzilikario bat eta lantza baten buruko pieza— atzeman dituzte, eta animalia irudien zantzuak hormetan. «Kontuan izan behar dugu 22.000 urte baino gehiago dituen arte paleolitikoaz ari garela, arte labarraren kasuan, eta 14.000 urte ingurukoaz arte higigarriarenean», azpimarratu du Arrizabalagak. Haren berri ematen izan ziren, halaber, Blanca Otxoa arkeologoa, Andrex Maiz Antxieta taldeko kidea eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua.
Arrizabalagak eta Antxieta arkeologia taldeak martxoan aurkitu zituzten piezak, Agarreko haitzuloan, Mendaroko hirigunetik gertu. Arrizabalagak azaldu duenez, hango aztarnategi arkeologikoa «aspalditik» da ezaguna; 1966an aurkitu zuten Juan Maria Apellanizek eta Rodriguez Ondarrak, eta berehala egin zuten aurreneko indusketa sarrerako eremuan. Hor lortutako objektuak Azil aldiari atxiki zitzaizkion —Goi Paleolitoko azken garaia, duela 10.000-8.000 urtekoa—. Bi hamarkadaren ostean, baina, Joxean Mujika Historiaurrean adituak pieza zaharragoak aurkitu zituen aurreko indusketan atzemandako hezur arrastoen artean. Eta susmatzen hasi ziren Madeleine aldikoak ere egon zitezkeela. Hori egiaztatzeko baimena eskatu, eta orain susmoa baieztatu dute.
«Azkonar batek zulatutako zulo batean agertu dira piezak, azal-azalean», zehaztu du Arrizabalagak. Zintzilikarioaren bi zati topatu dituzte, eta hirugarrena du faltan. Aurrez aurre dagoen basahuntz bat du zizelkatua, adarrak, belarriak eta buruaren forma argi markatuta. Hain justu, horrek argitu die arkeologoei piezaren antzinatasuna: «Nahiko denbora tarte itxian erabiltzen den konbentzionalismo bat da basahuntza; Erdi Madeleine aldiaren amaieraren eta Goi Madeleine aldiaren artean. Hau da, nahiko finkatuta gelditzen zaigu zein aldi kronologikoz ari garen hizketan gai hau aukeratu dutelako bakarrik». Teknikaz ere ziur eman ditu azalpenak Arrizabalagak; grabatuak suharrizko zulakaitz bat erabilita daude eginda, eta lerro bakoitza hiruzpalau pasadaz dago markatuta. Alboetan X formako apaingarriak ditu, eta zulaketa bat goialdean. «Zintzilikarioak ez du halabeharrez esan nahi apaingaia denik; esan nahi du zulatuta dagoela nonbait josteko edo zintzilikatzeko», argitu du. Orein baten adarra da euskarria.
Aurkitutako beste pieza azagaia bati dagokio, eskuz botata edo lantza baten buruan jarrita jaurtitzen zen tresnari. Arrizabalaga: «Nahiko pieza xumea da, baina badu nahikoa garrantzia, apainduta dagoelako oinaldeetan dituen grabatuekin». Hori ere Madeleine aldikotzat jo dute.
Gutxienean 22.000 urte
Agarreko kobazuloak bi galeria ditu, eta eskuinaldekoaren hormetan aurkitu dituzte labar artearen lehen zantzuak. Otxoak eman ditu xehetasunak: «Kobatik paseoan genbiltzala, horman puntu txiki batzuk ikusi genituen. Oso zailak dira ikusten, eta horregatik aurkitu dira hain berandu». Puntuek ilara nahiko zuzen bat osatzen dute, eta goitik beherako beste ilara bat dago gertu. «Oraingoz topatu duguna adierazpen figuratibo bati dagokio; animalia bati, ziurrenik. Bizkarraren lerroa eta atzeko hanka bat izan daitezke». Dena den, oraindik ez dute baieztatu. Bai, ordea, teknika: okrearen pigmentu gorria eta ura nahasi eta hatz puntarekin eginak daude irudiak, arkeologoaren esanetan. Margo arrasto gehiago ere atzeman dute inguruan, eta litekeena da figura gehiago agertzea aurrerago. «Teknika honek esaten digu irudi hau 22.000 urte baino lehenagokoa dela». Alegia, Goi Paleolitoko faserik zaharrenekoa. Kantauri itsasoko ertz guztian agertu da teknika hau, eta arkeologoak gertuen dauden bi haitzulo aipatu ditu: Danbolinzulon orein bat ageri da modu horretan marraztuta (Zestoa, Gipuzkoa), eta zaldi-buru bat Askondon (Mañaria, Bizkaia).
«Ez da kasualitatea»
2006ra arte, labar artea zuten bi puntu zeuden identifikatuta Gipuzkoan: Aiako Altxerri eta Zestoako Ekain. Urte horretan, Praileaitzeko hormetan (Deba) aurkitu zituzten margoak, eta, ordutik, urtez urte koba gehiago joan dira gehitzen mapara: Astigarraga (Deba), Danbolinzulo (Zestoa), Erlaitz (Zestoa), Astuigaña (Zestoa), Arbil V (Zestoan), eta, orain, Agarre. «Korridore bat ari zaigu marrazten, eta horrek markatzen du ehiztari biltzaileen taldeek zer mugikortasun zuten Goi Paleolitoan Gipuzkoa zeharkatzeko». Hala, Arrizabalagak laburtu du sendotuz doala Historiaurreko autobidea deitzen hasi diren horren hipotesia.
«Ez da kasualitatea gauzak argituz joatea», nabarmendu du, bestetik, Antxieta arkeologia taldeko Andrex Maizek. Haren hitzetan, teknologia aurreratuago batek lagundu du labar artea zegoen kobak argitara ateratzen. Instituzioen aldetik jasotako laguntza ere izan du gogoan: «Diputazioak jarraitzen badu guri babesa eta konfiantza ematen, guk lanean jarraituko dugu, izugarri, eta topatuko dugu beste zerbait, ziur».
Paleolitoko bi pieza eta labar artea aurkitu dituzte Mendaron
Zintzilikario bat eta lantza baten buruko pieza dira Agarreko koban topatutakoak, duela 14.000 urte ingurukoak. Gutxienez 22.000 urte dituen arte labarra ere aurkitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu