Palazueloren lehen lanak Oteiza museoan izango dira

Pintore espainiarraren erakusketaz gain, arteak erlijio guneetan izan duen tokiari buruzko beste bat ere izango da

Irune Berro Urrizelki.
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Palazuelo. Paris, 13 Rue Saint-Jacques (1948-1968) erakusketak Pablo Palazueloren (Madril, 1916-2007) hastapeneko obrei erreparatuko die. Martxoaren 11n irekiko dute, Altzuzako museoan (Nafarroa). Eta, denera, 80 lan bilduko ditu, Alfonso de la Torre komisarioak aukeratuak denak ere. Parisen eman zituen urteetan pintatu zituen Palazuelok, eta horietako bi ez dira orain arte jendaurrean erakutsi.

Oteiza museoak berak ekoitzi du erakusketa, Palmako Juan March fundazioarekin elkarlanean (Herrialde Katalanak).

Halaber, bi mundu gerren arteko aldian eta bereziki 1945etik gaurdaino arte plastikoak erlijio guneetan izan duen tokiari buruzko erakusketa bat izango da Altzuzako museoan azarotik aurrera: Etxean otso. Arte modernoa, espazio sakratua.

Jon Etxebarria da horren komisarioa, eta Elizak berak sustaturiko lan artistikoak aztertzen ditu, hainbat herrialdetakoak. Izan ere, Arantzazuko santutegian lan eginiko Oteiza, Txillida eta Basterretxearen lanak bakarrik ez, Notre Dame d'Assyn jardundako Lipchitz, Rouault, Bonnard, Leger eta Matisserenak ere aztertuko ditu erakusketak. Bai eta Rothkok Houstongo kaperan ondu zuen margolana ere.

Oteiza museoak segida emango dio Interpretazioak deritzon zikloari, eta, hartarako, hiru egileren ikerketak eta erakusketak bilduko ditu: Manu Muniategiandikoetxea, Florencio Alonso eta Pedro Osesenak, hain zuzen. Horretaz gain, ziklo berri bat abiatuko du museoak. Garapenak-aurrez aurre izenburua izango du, eta Oteizaren obrak beste artisten lanekin alderatuko ditu, klasiko nahiz garaikideenekin, komunikazio eremu bat sortu eta beste elkarrizketa eta interpretazio batzuk proposatze aldera. Ekainetik irailera bitartean egingo dute ziklo horren barruko lehen erakusketa. Baina oraingoz ez dute zehaztu zein artista hautatuko dituzten.

Orobat, Oteizaren eskulturen ezagutzan sakontzeko bidean iaz hasitako katalogo arrazoitua idazten jarraituko dute. Txomin Badiola zuzentzen ari da ikerlana, eta, dena ondo bidean, aurten argitaratuko dute. Heldu den urtean bestela.

Beste lan bat ere plazaratuko du museoak: Jorge Oteizaren Ariketa espiritualak tunelean obraren edizio kritikoa egin du Francisco Calvo Serrallerrek, Oteiza Katedrako zuzendariak. Eta lan hori ere aurten argitaratzeko asmoa du museoak.

Oteizak zinemarekin izaniko lotura, halaber, liburu batean jasoko dute, Santos Zunzunegiren gidaritzapean. Oteizak zinemari buruz han eta hemen idatzirikoak bildu eta aztertuko dituzte, Akteon jatorrizko gidoiaren inguruko edizio kritikoa egitearekin batera. Oteizak zinemaren gainean zuen ikuskera azaltzeko orduan testu hori funtsezkoa dela uste dute. Bateko zein besteko iritzi eta bertsioak agertu dira lan horren inguruan, eta denak jasotzeko ahalegina egingo dute. Hala, Oteizaren jatorrizko testuekin eta Paulino Viota zinemagile eta irakaslearen eta Jenaro Talen idazlearen artikuluekin osatuko dute argitalpena.

Itziar CarreƱo beka 2009an jaso zuten lanak ere argitaratuko ditu Oteiza museoak: Ignacio Sanchez Simonen Oteiza eta paradigma zientifiko berriak eta Juan Arana Cobosen Oteiza eta Unamuno. Modernitatearen bi Azken Tragediak.

Hezkuntza proiektuak eta programa pedagogikoak egingo dituzte, urtero legez. Eta izango da besterik: liburutegiarekin eta hemerotekarekin batera, Oteizaren artxibategi pertsonalaren katalogoa sareratuko du museoak. Artistaren idatziak, oharrak eta horien irudiak izango dira www.museooteiza.org webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.