Gai bat hartu eta horretan sakontzea maite zuen Xavier Alvarez de Eulate margolari frantziskotarrak (Donostia 1919-Bermeo, Bizkaia, 2012). Gai erlijiosoak ziren gehien interesatzen zitzaizkionak, baina bestelakoetara ere egin izan zuen jauzi. Eta, maiz, inguruan zituen bazterrei begiratu zien. Bere ibilbide oparoan, paisaia gai garrantzitsuetako bat izan zen; 60 inguru ondu zituen, eta horietatik hamabost ikusgai jarri dituzte Donostiako Santa Maria basilikan. Ikerketa etengaberako haren joeraren isla da erakusketa; denborarekin aldatuz doan paisaia bat balitz bezala, artista ere bilakatuz doa, eta lanok elkarren segidan ikusita antzematen da hori. Uztailaren 25era arte izango dira ikusgai.
1950eko urteetan Arantzazuko Santutegi berria apaintzeko lanetan jardun zuen Alvarez de Eulatek beste zenbait artistarekin, tartean, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Lucio Muñoz eta Xabier Egaña. Tximeleta formadun beirateak egiteagatik da ezaguna, baina batez ere pintura landu zuen bere ibilbide osoan, eta 600 lan baino gehiagoko bilduma utzi zuen. Erriberriko komentuan bizi izan zen ia bizitza osoan, eta, horregatik, haren obra ezagunagoa da Nafarroan. Azken urteotan, baina, haren sorkuntza Nafarroatik harago ere ezagutzera ematen dabiltza frantziskotarrak. Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak atondu dute erakusketa, eta Edorta Kortadik jardun du komisario lanetan. Haren hitzetan, bizi zen ingurua ongi ezagutzen zuen artistak. Erriberri, Arantzazu eta Iruñeko paisaia bana ageri dira lehen lanen artean, 1960ko urteetakoak. «Estilo figuratibokoak dira, oso errealistak, inpresionista frantsesen eraginpekoak; oso paisaia ezaguterrazak dira».
Badira hain aise identifikatzen ez diren beste hainbat bazter ere, hori biziz ohol gainean landutako behe-erliebe bat, edo oholean urdin eta okre kolorez margotutako beste bat, kasurako. Lucio Muñoz Arantzazuko erretaularen egilearen eragina ikusten du Kortadik horietan: «Lan horiek errespetatu egiten dute materiaren testura, eta ukigarria da. Pintura autonomoa den zerbait bezala balioesten hasten da; ez da soilik ikusten dugunaren isla, baita pentsatzen dugunarena ere». Hala, lanek errealismo figuratibotik errealismo materikoago batera egiten dute bidea. Horien alboan, Arantzazuko paisaia «poetikoago edo magikoago» bat dago, bere bilakaera etengabearen isla dena.
Puntu horretan jada ikusten da «abangoardietarantz pauso bat aurrera» ematen hasia dela artista, komisarioaren ustez. Erakusketaren erdialdetik aurrera 1970eko hamarkadako lanak jarri dituzte, eta, Kortadiren ustez, horiek islatzen dute Oteizarekin izan zuen harremana noraino izan zen funtsezkoa. Izan ere, Arte Ederrak ikasten hasi zen Madrilen, «baina utzi egin zuen, Oteizak esan baitzion teknika besterik ez ziotela irakatsiko han, eta artea ez zela soilik teknika, kontzeptua zela batez ere». Abstrakziorantz jo zuen orduan Alvarez de Eulatek, geometrikora tarteka, baina lirikora batez ere. Garai hartan, espresionista frantses eta amerikarren moldeetara hurbildu zen, eta haien eragina sumatzen da orduko lanetan, Mark Rothko eta Jackson Pollockena, bereziki. Horren erakusgarri da laranja, hori eta berdez okume gainean pintatutako lana: margoa tantaz tanta oholean isurtzen utzi balu bezala egina dago. Kortadiren ustez, frantziskotar batek 70eko urteetako informazio gabeziarekin halako eraginen berri izateak erakusten du nolako giroa zegoen Arantzazun eta zein maila zuen artistak. «Horrek guztiak oso bizirik dagoen pintura bat ekarri zuen, ez dagoena urrun abangoardietatik edo Gaur taldeko margolariek sortutakoetatik, esaterako».
Laugarren erakusketa
Alvarez de Eulatek utzitako «altxorra» nabarmendu zuen Iñaki Beristain Arantzazuko Adiskideak elkarteko kideak. Izan ere, haren lanen bilduma oparoa gordetzen dute frantziskotarrek, 600 obratik gora orotara. Arantzazun daude gehienak, baina baita frantziskotarren hainbat komentutan jarrita ere. Donostiako erakusketarako, Arantzazutik ez ezik, Erriberri, Bermeo, Gasteiz eta Bilbotik ere ekarri dituzte lanak. Horiek guztiek artistaren bilakaera ulertzeko balio dutela uste du Beristainek, eta haren izaeraren berri ere ematen dutela. «Molde berriak ikertzen eman zuen bizitza osoa, beti sekulako sua barruan zuela, bai bere erlijio bizieran, bai izateko moduan, bai pintatzeko moduan; beti zen oso grinatsua».
Artista frantziskotarraren lanekin Donostiako eliza berean egiten duten laugarren erakusketa da orain ikusgai dagoena. Joan diren hiru urteetan ere erakutsi zituzten haren margolanak, hari baten arabera antolatuak; Aurpegi Santuak (2014), Sasia sutan (2015) eta Agerkunderako espazioak (2016) sailen ondotik iritsi dira paisaiak, eta erakusketak egiten jarraitzea da antolatzaileen asmoa. Erakusteko asko dago, eta oraindik artista nekaezinak utzitako 600 obratik gorako bilduman.
Paisaiaren aldaketak, eta norberarenak
Xavier Alvarez de Eulate margolari frantziskotarraren hamabost lan jarri dituzte ikusgai Donostiako Santa Maria basilikan. Errealismo figuratibotik abstrakziorako haren bilakaera islatzen du erakusketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu