Nola bizi gaitezke gaur egun hemen, jakinda ur horren azpian guk ezagutzen ditugun bailarak eta gure txikitako memoriak daudela?». Bere buruari galdera hori eginez hurbildu zen Maddi Barber zinemagilea Itoizko urtegiaren eremura (Nafarroa). Urtegiaren inguruko herrietako biztanleak aldatutako paisaia arrotz horrekin nola bizi daitezkeen aztertu, eta, urtebeteko lanaren ostean, 592 metroz goiti dokumentala sortu zuen. 26 minutuko film labur bat da, eta artxiboko irudiekin, gaur egungoekin eta urtegiaren mapekin osatuta dago. Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatzen da filma, eta bihar izango du lehenengo emanaldia, Tabakaleran, 19:00etan.
Barber Itoizko urtegitik gertu jaio zen, Lakaben, Artzibar bailaran. Itoizko urtegia eraiki zutenean kalte gehien jasan zuten bailaretako bat izan zen hori, Longidakoarekin batera. Orotara, zazpi herri geratu ziren urpean, eta hiru natura erreserba kaltetu ziren. Haurra zelarik, Barberrek gertutik jarraitu zion urtegiaren borrokari; orain konturatu da, ordea, urtegiak bere bizitzan izandako eraginaz. «Herriak bota zituztenean eta ura igotzen hasi zenean, Iruñean bizi nintzen, eta ez nuen ikusi nahi izan zer gertatzen ari zen», azaldu du. Gerora, toki hartara itzultzen zen bakoitzean, paisaia horrek mina eragiten zion, eta bera errealitatea ez ikustensaiatzen zen. «Izan ere, nire bizitzako momentu asko geratu ziren hor, urperatuta». Hori dela eta, film bat egitea erabaki zuen, arazoari aurre egiteko.
Dokumentalaren izenburuak ur mailari egiten dio erreferentzia: urtegia eraiki zutenean, 592 metroko kota zehaztu zuten, eta horren azpitik zegoen guztia estali zuten. Barberren filmeko protagonistetako batek azaltzen duheriotzaren eta bizitzaren arteko muga bat dela. «Ideia hori entzun nuenean, konturatu nintzen zifra batek zer eragin izan dezakeen hortik gora eta hortik behera geratzen diren landare, zuhaitz, herri, animalia edo ibaiengan», adierazi du zuzendariak.
Hala ere, erabaki zuen 592 metrotik gorakoari soilik begiratzea haren lanerako: herritarrek urtegiarekin duten elkarbizitzari. Abeltzain baten eta basozain baten bitartez, erakutsi du bizitzak nola jarraitzen duen han.
Animaliek eta haiek gizakiekin duten elkarbizitzak garrantzi handia dute pelikulan. Izan ere, Barber urtegira filmatzera joan zen lehenbiziko egunetan, konturatu zen han behiak baino ez zeudela; ez zuen inor gehiago ikusten. Baina behiak egoteko pertsonak egotea ezinbestekoa zen; «Horrela ikusi nuen, animaliei esker —haiekin lan egiten dutelako—, herritarrek paisaia horretara itzuli behar izan dutela. Hori oso berezia eta aldi berean gogorra iruditu zitzaidan. Gizakiek animaliak lagundu behar izan dituzte tokira moldatzeko, eta animaliek gizakiak», azaldu du. Haren ustez, elkarbizitza hori modu bat izan da paisaia horiei bizia emateko berriro ere. «Gainera, animaliek beste erabilera batzuk eman dizkiete tokiei: adibidez, behiek ur asko behar dute, eta han aurki dezakete».
Bestalde, dokumentalak erakusten du herritarrek oraindik mina sentitzen dutela galdutako guztiarengatik. Ezin dute ahaztu hor zegoena, eta ez dute ahaztu nahi, Barberrek azaldu duen moduan: «Adibidez, batzuetan uraren maila jaitsi egiten da, eta urtegiaren pean zegoen guztia azaleratzen da. Batzuetan, ikusten ditugu herriak botata, zuhaitzak tente... Hori mingarria da». Zinemagileak sumatu du dolu kolektibo bat egin behar dela min horri aurre egiteko. Urtegiaren kontrako borroka oso kolektiboa eta ezaguna izan bazen ere, ondorengoa ahanzturan geratu da, zuzendariaren ustean.
Filmaren bitartez, Barberrek bere alea jarri nahi izan du horretan, zinema tresna baliagarria iruditzen baitzaio arazoari aurre egin eta memoria lantzeko. «Zinemak sentsazioak transmititzen ditu, eta uste dut sentsazioen bitartez uler daitekeela makroobra batek zer eragin izan dezakeen».
Zinemaldia, erakusleiho
Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute 592 metroz goiti lana. Hala ere, ez da lanaren lehenbiziko jaialdia izango; izan ere, aurretik, apirilean, Suitzako Visions du Reel jaialdian aurkeztu zuten. Barberrek aitortu du oso pozik dagoela filma Donostiako Zinemaldian aurkezteagatik: «Gogo handia nuen lana Euskal Herrian erakusteko, uste baitut film honek zentzu handiagoa duela hemen». Gainera, Donostiako Zinemaldia, Suitzakoa bezala, erakusleiho ezin hobea iruditzen zaio gaia ezagutarazteko.
Egun, Barberrek lanean dihardu Itoizko urtegiari lotutako beste proiektu batean. Uraren azpian geratu den guztiari begiratu dio oraingoan, eta, artxiboko irudiak, gaur egungoak eta jendearen ametsen irudikapenak batuz, Urpean, lurra filma ondu du. Muntaketa fasean dago. «Gutako askorentzat hor jarraitzen du ezagutu genuen lurrak. Urpean».
Bi lanek osatutako proiektuari Itoiz 592 izena jarri dio, eta, aurrera begira, trilogia osatzearekin amets egiten duela aitortu du.
Paisaiarekin adiskidetzeko filma
Donostiako Zinemaldian lehiatuko diren euskal ekoizpenen artean dago Maddi Barberren '592 metroz goiti' filma. Lanak Itoizko urtegiaren inguruko bailaretako egoera islatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu