Artearen lekuak. Marta Cardenasen 'Karreteak aulki batean'

Paisaia 'pribatuen' jarlekuak

Marta Cardenasen 'Karreteak aulki batean' lana berriki igaro da San Telmoko erakusketa iraunkorrera. Elkarrizketan dago aulkia ardatz duten alboko margolanekin.

Marta Cardenasen Argazki-filmak aulkian (1964) koadroa erdian, San Telmo museoko Euskal Artearen 100 urte aretoan, Donostian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
«Guk ere izaten ditugu berritasunak. Jendea ez da hainbeste ohartzen, baina izaten ditugu». Eskailerak igo ahala defendatu du Nerea Izagirre Donostiako San Telmo museoko erakusketa iraunkorreko arduradunak; baietz, euren eremuan ere izaten dela aldiro artelan berriak bisitatzerik, nobedadeak ez direla soilik aldi baterako erakusketetan gertatzen. Egun ona da frogatzeko: kazetariarekin hitzordua jarri duen goiz horretan bertan espero dutelako lan berri bat museoko Euskal Artearen 100 urte aretoan, goiko klaustrora igo, eta ezkerretan hasten den mende beteko ibilbidean. Victoria Malinowskaren Ondarruko bi arrantzale da, eta azken hilabeteetan bultzatu guran ari diren aldaketaren itzulinguruan heldu da hura ere: emakume artisten lanak ezagutaraztea eta horien gaineko eztabaidan eragitea. Izagirre: «Gehitzen ari gara emakume artistak gure bildumetara, gure erakusketa iraunkorrera... baina gehitu nahi ditugu baita ere gure ikerketa ildoetara, eta sakonago ezagutu. Malinowskaren inguruan dakigun apurra Baginen bagara-ren ikerketatik dakigu».

Horra gaurko tekla. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa arte ikerlariek —BERRIAko kritikariak ere badira— gidatutako Baginen, bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa. Museoaren enkarguz eta bi urteko lanaren ondotik, iragan azaroan aurkeztu zuten, eta urteko eskaintza esanguratsuenetako bat izan zen San Telmon. Dozenaka lan bildu zituzten, baina bereizgarri nagusia ez zen izan soilik emakumezkoen artea bildu izana, ezpada haien lana historikoki ikusezin zerk egin duen bistaratu nahi izan zutela, diziplinan historikoki indarrean egondako sistema baztertzaileak agerian uztea. Gordailutik eta museoaren funtsetatik hartu zituzten lanak, eta, Izagirreren esanetan, urtetako lozorroaren ondotik, argitan dabiltza orain horietako ugari. «Artearen historiografia genero ikuspegitik berrirakurri nahi duten proiektuak hemen-han ari dira ugaritzen. Koadro hauek dezente ari dira bidaiatzen orain».

«Baina, ea, Cardenas», fokuratu du enkontruaren motiboa Izagirrek. 1964. urtean, Donostian jaiotako artista; «bere belaunaldiko beste emakume artista batzuen aldean, nolabaiteko aitortza» eskuratu duena [Donostiako Kubo Kutxak atzera begirakoa eskaini zion 2016an]; aktibo segitzen duena. Haren Karreteak aulki batean (1964) koadroa dute aurrez aurre, eta zaila da, uda sasoiko turistak aleka pasatzen ari direla, hari bakarrik begiratzea, albo bietan dituen lanetan erreparatu gabe. Hala izatea bilatu dute.

Baginen, bagara-n ikusgai jarri ostean heldu dira hirurak erakusketa iraunkorraren parte izatera, duela gutxi, beraz. Hiruretan txikiena eta tonu itzali gehien dituena da Cardenasena, lehen begi kolpean soilena, baina ezaugarri deigarriak izan badituena: elementu nagusia deszentratuta dago ezkerraldera, itzalak ematen dio gorputza, eta bizpahiru karrete dira altzoan dituenak.

«Niri ez dakit, ba, oso ondo zer iradokitzen didan», aitorpena zintzo ordura arte irribarretsu eta isilik egon den Uxue Magrok—praktiketan ari da museoan—. Begira gelditzeko pausa hartuta, hor hasi dira buruak ibili gabeko bideetan galtzen; segundo batzuk halaxe gelditu, eta ostera Izagirreren ahotsa. «Cardenasen beste lan batzuk ere egon ziren erakusketan —Sua eta baso urdina (1989) eta Autoerretratu ebakia (1975), adibidez—, baina hemen bada elementu bat interesatzen zitzaiguna». Alboko koadroak seinalatu ditu, eta bistan gelditu da elementua: aulkia.

San Telmoko eta Gordailuko bildumak aztertzen ari zirela, ezusteko aurkikuntza izan zen ikerlarientzat, natura hil, loreontzi eta erretratu askoren artean, aulki ugari topatzea. Mari Paz Jimenezena da Cardenasenaren ezkerretan dagoena —«ondoko gelan Gaur taldekoak daude, eta haiekin harremana izan zuelako jarri dugu hor, lotura egiteko»—, eta Maria Josefa Kareagarena, berriz, eskuinekoa, hura ere lotura egiten beste aldean duen koadroarekin, irakasle izan zuen Jesus Olasagastirenarekin. Bi belaunalki (1943) Jimenezena; Maria Victoria eta Merche ahizpei margotutako erretratua Kareagarena (1935).

Kategorien hierarkia

«Inork pintatu al ditu Cezannek baino frutaontzi gehiago? Inork Renoirrek baino loreontzi gehiago?». Baginen, bagara-ren katalogoan dator galdera. Haiena, baina, ez zen gutxietsi gai hautaketagatik, emakume askoren lanetan egin zenaz bestera. «Femeninotzat», hots, «bigarren mailakotzat» hartuak izan baitziren haienak maiz. Izagirre: «Zergatik balio du bertsolarien erretratu batek edo portuko irudi batek etxeko eszena batek baino gehiago? Horregatik: historiografia bera aldatzeaz ari gara, ez emakume artisten lanak gehitzeaz soilik».

'KARRETEAK AULKI BATEAN'
Urtea. 1964.
Egilea. Marta Cardenas.
Lekua. Donostiako San Telmo museoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.