Ezaguna da Jose Miguel Corral artistak (Iruñea, 1968) margolari gisa egin duen lana. Bada denbora bat sorkuntza esparrua zabaltzen hasi zela, ordea, eta horren froga da Iruñean, Ziudadelako Bolborategia aretoan, jarri duten erakusketa. Orekaren hasiera du izena margolan, marrazki eta bideo lanez osatutako bilduma, eta urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik.
Bi bideo dira erakusketaren abiapuntua. Maketa baten bidez irudikatutako paisaia irreal bat erakusten du haietariko batek, eta hildako txori bat besteak. Horiek izan dira Corralek bere margolanak eta marrazkiak oinarritzeko erabili dituen irudiak, eta haien gaineko bertsio eta moldaketak egin ditu akuarelaz, txinatar tintaz eta grafitoz.
Bikoitza da jolasa. Bizirik dirudien paisaia bat irudikatu du maketa artifizial batekin, eta hilda dagoen izaki bizidun bat dokumentatu du. Margolanetan, ordea, hilda beharrean, lo dirudi.
Postmodernitatearen egiari buruzko kontzeptua dago artistaren lanaren oinarrian, erakusketaren antolatzaileen hitzetan. Egia ikuspegi kontu bat baino ez dela dioena, hain zuzen ere, eta ikuslea irudikapenari buruz gogoeta egitera bultzatzea da helburua.
Paisaia irrealak eta lo dirudien txori hil bat, Corralen begietan
Jose Miguel Corral artistaren 'Orekaren hasiera' erakusketa jarri dute ikusgai Iruñean, Ziudadelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu