'Pagliacci' opera eszenaratuko dute ostiralean eta larunbatean Kursaalean

Indarkeria matxista du ardatz Ruggero Leoncavalloren obrak. Ainhoa Garmendiak zuzendu du, eta Neddaren rolean ere arituko da. Opus Lirikak Donostian taularatuko duen 14. ekoizpena da

Ainhoa Garmendia sopranoa Neddaren rolean, eta Nacho Guzman tenorra Caniorenean, atzo, Donostiako Kursaaleko oholtzan, entsegu batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Opera arte «bizia» dela eta, hortaz, publikoari gizartean bizi-bizi dauden gaiak eta galderak proposatu behar dizkiola. Horixe aldarrikatu du Pablo Ramosek, Carlos Crookerekin batera Opus Lirikaren ekoizpen berriko eszena zuzendari izan denak. Eta ideia horri erantzuten dio Pagliacci eszenaratzeko erabakiak; Ruggero Leoncavallok 1892an idatzi bazuen ere, indarkeria matxista baitu ardatz nagusi opera horrek. Ainhoa Garmendia sopranoa arduratu da zuzendaritza artistikoaz, eta ostiralean eta larunbatean eramango dute oholtzara, Donostiako Kursaalean. Opus Lirika elkarteak zortzi denboraldi daramatza Donostian opera sustatzen, eta taularatuko duen 14. obra izango da.

Garmendiak berak antzeztuko du protagonistetako bat: Nedda izeneko emakumea, Canio senarrak hilko duena. Gizonaren rolean, berriz, bi tenor ariko dira, bakoitza emanaldietako batean: Botond Odor hungariarra ostiralekoan, eta Nacho Guzman argentinarra larunbatekoan. Haiekin batera, Paul Armengol (Silvio) eta Hao Weng (Tanio) baritonoek eta Aitor Garitano tenorrak (Beppe) kantatuko dute. Baita Promusica eta Santa Cecelia abesbatzetako eta Easo Eskolaniako kideek ere. Halaber, Iker Sanchez Silvak zuzenduko ditu Opus Lirika orkestrako 50 musikariak.

Aberastuko bada, gaur egungo errealitatearen «pultsuak» baliatu behar ditu operak, obraren eszena zuzendariek iritzi diotenez. «Operak ez du ezertarako balio ez badu norberak bere buruari galderak egitea eragiten, eta, alde horretatik, publikoa jarrera aktiboa hartzera eraman nahi dugu», zehaztu du Ramosek. Crookek azaldu du indarkeria matxistari dagokionez bi ardatzetan jarri nahi izan dutela arreta: «Batetik, genero indarkeria horren jatorrian; eta, bestetik, guztiok horretan daukagun erantzukizun mailan».

Hala, Pagliacci-ren eszenaratzea «hasieratik bukaerara erabat originala den molde batean» diseinatu dutela adierazi du Ramosek. Eta obran «funtsezkoak» diren pertsonaiak eta taldeak beren erosotasun eremutik atera dituztela, indarkeria matxistari hiru ikuspuntutatik begiratzeko.

Batetik, protagonistena; haien arteko harremanen eta beste pertsonaia batzuekin dituztenen bidez ikusiko du publikoak indarkeria hori, bai Caniok Nedda eta haren maitalea hiltzen dituenean, bai beste une batzuetan.

Bestetik, koruarena, gizartearen eta indarkeria matxista sostengatzen duen pentsaeraren sinbolo baita, eta, hala, «zuzenean zein zeharka duen erantzukizunaren jomugan» kokatu baitute.

Eta, azkenik, abesbatzako haurrak leudeke, 7 eta 12 urte artekoak, zeintzuek, «beren xalotasunean, ez duten ulertzen indarkeria hori, eta nolabait koruaren balantzaren beste aldean dauden».

Halaber, lau agertoki dituen eta meta-antzerkia oinarri duen eszenografia diseinatu dute, zuri-beltzak nagusi dituena.

Haurrentzat beste saio bat

Garmendiak azaldu duenez, bakarlari guztiek debutatuko dute beren roletan, eta antzezpen lan berezia eskatu die denei. Halaber, nabarmendu du maila handiko musikariak izango dituztela alboan. «Verismoaren joerako halako operek orkestra indartsu bat behar izaten dute. Hemengo musikariekin osatu dugu, eta zoragarria da daukaten maila».

Opus Lirikak opera herritarrei gerturatzeko lanean segituko du, baita haurrei bereziki eskainitako saioekin ere. Hain zuzen, igandean, saio laburrago bat egingo dute haientzat, Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren parte hartzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.