Kultura

Paco Rabanne jostunaren omenezko kultur gunea eraikiko dute Pasaian

Pasaiako Udalak eta Paco Rabanne jostunak gune kultural baten eraikuntzaren proiektua plazaratu dute. Trintxerpen egingo den eraikina, diseinatzaile ezagunaren lanaren erakusleku izateaz gain, euskal sortzaile gazteentzat aukera berri bat ere izan nahi du. Rabanneren esanetan, ez da "gune itxi eta egoista" bat izan behar.

2003ko urriaren 27a
15:56
Entzun
Pasaiako Udalak eta Paco Rabanne jostunak gune kultural bat irekitzeko asmoa dute. Trintxerpen egingo den eraikinean Rabanne disenatzailearen lana izango da ikusgai. Horretaz gain, Euskal Herriko jostun gazteek euren lanak erakusteko ere balioko du museoak.

Izaskun Gomezek, Pasaiako alkateak, adierazi duenez "Paco Rabanne Gunea"-ren helburua jostunaren lanak azalduko diren leku bat sortzea da. Gainera, bertan izango dira orain dela 40 urtetik lortu dituen sari guztiak. Rabannek gaineratu duenez, museoak ez du bere lanaren erakuslehioa soilik izan behar. Horren bidez, euskal jostun guztientzat aukerak sortu nahi ditu. Rabanneren aburuz ez du gune itxi eta "egoista" bat izan behar.

Halere, urte bete barru arte ez dira eraikin horren nondik norakoak zehaztuko. Hala ere, gaur gerturatu da Paco Rabanne Pasaiara museoaren kokalekua ikusteko. Kultur gunea egongo den lekuan, Trintxerpen, hain zuzen ere, jaio zen jostuna. Horregatik eskatu zuen bertan museoa bat izatea. Izaskun Gomezek adierazi duenez ilusioz onartu dute Rabanneren proposamena, herriaren aukera paregabea baita.

Proiektua aurrera ateratzeko euren eskuetan dagoen guztia egingo dutela ere gaineratu du Gomezek. Proposamenak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza aholkulariaren laguntza ere badu, baita Europar Batasunarena ere. Gomezek, laguntza gehiago lortzen saiatuko direla ere aipatu zuen. Zentzu horretan, gaur arratsaldean Joxe Joan Gonzalez de Txabarrirekin lehen elkarrizketa izango du Pasaiako alkateak.

Julian Argilagos arkitektoa izango da eraikuntza egitearen arduraduna. Horrek sortu zuen, hain zuzen ere, Getariako Balenciaga Museoa. Kultur guneak hainbat azpisail izango ditu. Besteak beste, industria eta modarako Nazioarteko Institutoa eta Paco Rabanne Museoa. Bigarren horretan, Rabanneren lana erakusteaz gain, disenatzaile berrien lanak ere ikusgai izango dira.

Hotela eta hitzaldi areto bat egiteko asmoa ere bada. Azken finean, kultura, artea eta ekonomia uztartuko dituen gune bat sortu nahi dute. Euskal jostunak gaineratu duenez, mundu osoko jendea gerturatzea espero du. Pasaian jaio zenez, oso garrantzitsua da berarentzat bertan museo bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.