Pablo Uranga margolariari atzera begirako zabala eskaini zion Arabako Arte Ederren Museoak orain dela bost urte. Katalogoa irudikatzeko eta erakusketa bera iragartzeko artistaren autorretratu ezaguna aukeratu zuten. Elgetako bohemioa koadroan pintorea ageri da txapela jantzita, eta begirada trukatzen du ikuslearekin. Bost urte geroago, museoko paretara itzuli da koadroa. Oraingo honetan, luzerako izango da.
Margolariaren bilobak, Elena Maria Uranga Azpirik, hiru koadro eskaini dizkio dohaintzan Arabako Foru Aldundiari. Horietako bat da Elgetako bohemioa. Hirukotea osatzen dute Nire familia eta Liniers jeneralaren atxiloketa obrek. Hirurak ikusgai jarri ditu museoak orain. Liniers jeneralaren atxiloketa koadroari dagokionez, erreprodukzio bat da oraingoz, jatorrizko obra zaharberritzen hasi direlako foru teknikariak.
«Iruditu zitzaidan aitonaren begiradak bizirik iraun ahalko zuela areto hauek bisitatzen dituztenen begiradan», azaldu du Uranga Azpirik. Bilobak ez du ondorengorik, eta aldundiari proposatu zion koadroak jasotzea. Joan den iraileko batzar batean, diputatu kontseiluak herrialdeko ondarera gehitu zituen obrak, 47.000 euroko balioa aitortuta. Baldintzarik eta inolako erabilera mugarik gabeko dohaintza izan da.
Arte Ederretako bilduman badira Urangaren beste hemeretzi lan. Potretak, paisaiak, eta pintura kostunbristak tartekatzen dira, eta horietako batzuk erakusketa iraunkorraren parte dira. Dohaintzak hutsune zehatz bat betetzeko balio dio museoari, hala ere. Historiari lotutako gaiak falta dira, eta hor kokatzen da Liniers jeneralaren atxiloketa.
«Koadroa bilduta egon da ia beti, eta ez ginen inoiz ikustera iritsi. Esan liteke obra ezezaguna dela», azaldu du Sara Gonzalez de Axpuruk. Ameriketara egindako bidaia batean saldutako obren diruarekin Donostian etxea eraiki zuen Urangak. Harrezkero, hiru koadroak han izan ditu familiak.
Formatu handiko lana
Liniers jeneralaren atxiloketa Formatu handiko lana da. Hiru metro luze da, eta 1910. urtean Buenos Airesen egindako nazioarteko erakusketa baterako margotu zuen egileak. Argentinaren independentziarako mugarria izan zen Maiatzeko Iraultza gogora ekartzen du margolanak. Ingelesen aurkako gerra heroia izan ondoren, Rio de la Platako erregeorde izango zen Liniers, altxamendu batek boterea kendu eta fusilatu zuen arte. Urangaren irudiak atxiloketa unea deskribatzen du. «Zaharberritze zerbitzuan ireki genuenean ezustea hartu genuen gaiaren kalitatearekin», azaldu du Gonzalez de Axpuruk.
Hirugarren koadroan, Uranga intimoa ageri da berriro. Uranga bera, Prudencia Lejarreta emaztea eta Maritxu alaba ageri dira, konposizio bitxi batean.
Pablo Uranga intimo eta historikoa
Margolariaren bilobak hiru koadro eman dizkio dohaintzan Arabako Foru Aldundiari. Arte Ederretako museoaren bilduman egongo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu