Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Pablo Sorozabal omenduko dute gaur Arantzazuko santutegian

Konpositorearen euskal eta herri kantuetan oinarritutako kontzertua emango dute haren jaiotzaren 125. urteurrenean. Easo abesbatza eta Oñatiko Ganbera Abesbatza ariko dira

Pablo Sorozabalen omenezko kontzertua atzo aurkeztu zuten, Kursaalean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Donostiako 83. Musika Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloaren barruan Pablo Sorozabal konpositoreari omenaldia egingo diote gaur, 19:00etan, Arantzazuko santutegian (Oñati, Gipuzkoa). Bertan, Easo abesbatzak eta Oñatiko Ganbera Abesbatzak Sorozabal ekarriko dute gogora, eta euskal folklorean sustrai sakonak dituzten haren kantuetako batzuk interpretatuko dituzte.

Arantzazuko santutegia Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloko agertoki enblematikoenetako bat da, eta maiz hartzen ditu musika eta bestelako diziplina artistikoak batzen dituzten ikuskizunak. Aurten, Sorozabal konpositore donostiarraren jaiotzaren 125. urteurrena baliatuz, haren euskal eta herri kantuen errepertorioa interpretatuko dute Easo abesbatzak eta Oñatiko Ganbera Abesbatzak. Gorka Miranda da Easo abesbatzako zuzendaria, eta Iñaki Salvador eta David de Oliveira pianistak, Zerizan Txistu Taldea, Axular Gero dantza taldea, DAB dantza konpainia, Maria Jaunarena eta Lorea Lopez sopranoak eta Luken Munguira tenorrak ere hartuko dute parte, besteak beste. Eider Perezek, berriz, narratzaile lanak egingo ditu, eta ikuskizuna gidatuko du bere hitzekin.

Mirandak esan duenaren arabera, aztertzen hasi ziren Musika Hamabostaldian orain arte Sorozabalen zein alderdi ez den agertu, eta ikusi zuten haren ondare osoan badagoela elementu bat: musika herrikoia eta horrek duen hurbiltasuna.

«Egunerokotasuneko musika hori, Jainkoari esker, herri honen memoria bihurtu da, ez bakarrik bere jatorriagatik, baita musika guztietan agertzen delako ere», azaldu du Mirandak. Hain zuzen ere, gaineratu du gaurko kontzertuan musika herrikoi tradizional hori oso presente egongo dela.

Aitor Biain Oñatiko Ganbera Abesbatzaren zuzendariaren ustez, piezak entzuten dituenean, gaurko kontzertura joango den jendea konturatuko da musika oso ezaguna dela, eta, ziurrenik, noizbait abestu dituen abestiak izango dira: «Duela ia 100 urte idatzitako abestiak dira, eta oraindik ere asko abesten dira; beraz, ezagunak direnez, gogotsu entzuten ditu jendeak».

Emanaldiaren azken zatian txistulariak izango dituztela zehaztu du, eta gaineratu du hori, esaterako, Sorozabali eskertzekoa dela, hark elkartu baitzituen lehenengoz abestia eta txistua: «Sorozabalek esaten zuen orfeoiak abesten zuen musika serioa zela, eta bailableetan jendeak, ondo pasatzeko, haren kantuak abesten zituen. Haren helburu nagusia beti izan da eliteko musika herrira ekartzea, eta hori izango da bihar abesbatzak erakutsiko diguna».

Omenaldiari Haritzaetaihia izena jarri diote, eta Mirandak eman du erabaki horren arrazoia: «Haren bizitzaren parte izan ziren, eta haren errepertorioa neurri handi batean zehaztu zuten bi elementu testuinguruan jarri ditugu. Haritza, batetik, oinarri errotuak eta oso sendoak zituelako, eta horiek amaierara arte defendatu zituelako. Eta ihia, bestetik, bizi izan zituen egoera batzuengatik, bai Gerra Zibilaren aurretik kafetegiz kafetegi biolina jotzen joan behar izan zuenean, bai eta ondoren ere. Sorozabalen nortasunaren isla izan nahi dugu, haren izaeraren alde on eta txarrekin».

Garai ezberdinak elkartuz

Eider Perezek Sorozabalen ibilbidea hitzetara pasatu du, eta hiru testu izan dira haren lanaren emaitza: lehenengo bi testuetan, haritzaren eta ihiaren metaforarekin lotuta, konpositorearen hastapenak eta izaera kontatu ditu, eta olerki «nahiko abstraktu» batekin amaituko du. Perezek, Sorozabalen berri bazuen ere, azken asteetan haren memoriak, elkarrizketak eta lanak irakurtzean, musikariak bere lanarekiko eta musikarekiko zuen pasioa ulertu du. Gainera, bere amonaren eta birramonaren garaietara jauzi egin duela sentitu du, beste mende bateko kafetegi, tren eta antzokiak aztertu baititu. Perez: «Sorozabalengandik adinak, generoak eta garaiak bereizten nau, baina miresmenez jaso dut musikarekiko zuen maitemina. Argi zeukan zein zen bere jomuga, eta, korrontearen aurka bazen ere, bere horretan mantendu zen».

Perezen hitzei Salvadorrek jarriko die musika, eta pianistak esan du lehenengoz narratzailearen ahotsa entzun zuenean, zer esaten zuen entzun beharrean, nola esaten zuen aztertu zuela, haren ustez garrantzitsuagoa baita nola esaten den, esaten dena bera baino. «Musika inprobisatua jarriko dut nahiz eta Sorozabalen melodien zatiak ere entzungo diren. Sorozabalek, jazz klubak utzi —modu batean deitzeagatik—, eta beste areto mota batean ematen den musika konposatzeari ekin zion, eta hasiera hori musikan islatzen da; bere musikan ez dio uko egiten ez izan zenari ezta sentitzen zuenari ere».

Bada, halaber, pianoan arituko den beste musikari bat ere, David de Oliveira, eta musikariekin egiten den bereizketa baten inguruan mintzatu da: «Asko hitz egiten da konpositoreen errepertorio popularraren inguruan, eta bitxia da, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran mugimendu nazionalista musikalak hasi baitziren. Horiek, norbere lurraldeko musika hartu, eta haien errepertorioetara eramaten zuten, kontzertuen esparruan eta kulturaren alorrean aldarrikatzeko asmoz. Jendeak Sorozabal ezagutzen du zarzuelak idazten zituelako, edo musika herrikoia idazten zuelako. Askotan, gainera, musikari dagokionean, egileak izan ditzakeen asmoak eta zati interesgarriak ikusezin bihurtzen dira. Agian, bereizketa horren argi bat egitea ez da egokia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.