Pablo Neruda poeta pozoituta hil zuten. Susmoak bazeuden aspaldi. 2017. urtean haren gorpuzkiak aztertu zituztenean, botulismoa eragiten duen bakterioa aurkitu zuten orduan haren hezurretan. Nazioarteko aditu talde bat lanean aritu da geroztik, eta gaur aurkeztuko dizkio ondorioak epaileari. Edonola ere, ikertzaileen txostenak pozoiaren hipotesia baieztatu duela aurreratu zuen atzo olerkariaren familiak.
Clostridium botulinum bakterioa topatu zuten idazlearen hagin batean, baina zalantza zegoen; izan ere, mikrobio hori lurrean egoten da, eta bazitekeen hobian kutsatu izana Nerudaren gorpuzkiak. Orain ondorioztatu dutenez, ez zen halakorik gertatu. Bakterioa poetaren gorputzean zegoen hil aurretik. Hala frogatu dute Kanadako MacMasterreko eta Kopenhagego unibertsitateetako laborategietan.
«Zer esan nahi du horrek? Neruda hil egin zutela, estatuaren agenteek esku hartu zutela 1973. urtean», adierazi du haren iloba Rodolfo Reyesek.
Izan ere, Augusto Pinochet jeneralak Salvador Allende presidentearen aurka estatu kolpea eman eta hamabi egunera hil zen poeta. Ofizialki prostatako minbiziak hil zuela ondorioztatu zuten orduan.
Jakin da, berez, zerk pozoitu zuen, baina nork edendu zuen, ordea?
2012. urtean, zantzua eman zuen Nerudaren txofer eta laguntzaile Manuel Arayak. Hark kontatu zuen orduan Pinochet diktadoreak bidalitako batzuk sendagile gisa sartu zirela poetaren erietxean, eta injekzio bat jarri ziotela sabelean.
Mario Carroza epaileak agindu zuen orduan afera ikertzeko. Allenderen heriotzaren inguruko ikerketa bultzatu zuen epaile berak.
Arayak esan zuenez, Txileko Alderdi Komunistak agindu zion poeta zaintzeko. Txilera itzuli berria zen, Parisko Enbaxadari uko egin ostean, gaixotasunarengatik. Izan ere, Nerudak hainbat kargu bete zituen Allenderen gobernuan; besteak beste, enbaxadorea izan zen Frantzian.
Baina, estatu kolpea gertatu eta berehala, Luis Echevarria Alvarez orduko Mexikoko presidenteak bere herrialdean babesteko gonbidapena egin zion Nerudari. Poetak onartu egin zuen, eta, Txile utzi aurretik, Santiagoko Santa Maria klinikara eraman zuten, han etxean baino seguruago egongo zelakoan. «Minbiziarekin gaixorik zegoen Neruda, baina ez hilzorian», esan du haren ilobak.
Irailaren 23an, Mexikora joan baino egun bat lehenago, poetak dei egin zion txoferrari, larriturik. «Santiagora berehala itzultzeko eskatu zigun, oso gaizki sentitzen zelako. Esan zuenez, erdi lokarturik zegoela, mediku bat bere gelara sartu zen eta injekzio bat jarri zion». Klinikan «gorrituta eta puztuta» topatu zuten. Gau horretan bertan hil zen, 69 urterekin.
Poetaren ilobak adierazi duenez, Neruda erbestean egonik, litekeena zen Pinocheten diktaduraren aurkako oposizioaren ikur handia bilakatzea.
Hala izango zen, ziurrenera, poetaren hileta Pinocheten aurkako lehen protesta bihurtu baitzen.
Francisco Etxeberriaren ikerketa
2013ko apirilaren 7an hasi ziren Nerudaren gorpuzkiak lurpetik ateratzen. Auzitegi medikuen nazioarteko talde batek aztertu zituen, Aranzadiko Francisco Etxeberria tartean zela.
Lanetan egon ziren Txileko Alderdi Komunistako presidente Guillermo Teillier, Eduardo Contreras abokatua, Reyes iloba eta Araya.
Etxeberriak berak parte hartu zuen 2011n Salvador Allenderen gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanetan ere. Txileko presidente zenak estatu kolpearen egunean bere buruaz beste egin zuela baieztatu zuten orduan.
Nerudaren pozoiketa baieztatu ostean, bakterioa gorputzean sartu ziotenak identifikatzea litzateke hurrengo urratsa. «Aurkitu dugu Neruda hil zuen bala», adierazi du Reyesek. «Baina nork egin zuen tiro? Hori laster ikusiko dugu». Abokatuek beste diligentzia batzuk egiteko eskatuko dituztela iragarri dute.